Kanpotik ikusita dena da nahaste-borraste, jakina. Alde batetik badakizu ez
dituzula batere atsegin Egiptoko agintari berriak islamdarrak direlako,
erlijioan oinarritutako gizarte bat antolatzen saiatzen ari direlako jo eta ke.
Horrekin batera badakizu emakumezkoen eskubideen murrizketa erabatekoa izango
zela Anaia Musulmanen egitasmoak nola edo hala gauzatu ezkero, badakizu ere haiek
gogoan duten demokrazia motak ez duela inolako zerikusirik zuk estimatu edota halamoduz
goxatzen duzunarekin, euren gizarte eredua Persiako desertuetan dagoela arestian
baten batek gutxi gora behera adierazi bezala, eta ideia soilak noski ikaratzen
zaitu, ezin baitugu inoiz ahaztu Egipto munduko herrialde arabiarrik populatuena
dena.
Alabaina, badakizu ere boterean dauden gaurko agintariak Egiptoko herriak
berak hautatu egin zituela oraintsu guztiz garbiak izan omen ziren hauteskunde
batzuen bidez; horretan ez dago, beraz, Morsi
eta enparatukoei ezer leporatzekorik, argi eta garbi garaitu bide zirelako.
Azkeneko hau ere ezta batere harritzekoa, Anaia Musulmanak militarren kontrako
erakunderik handi eta eraginkorrena izan baitzen hainbat hamarkadetan,
itzelezko lana egin zutenak jende xehearen artean egiptiar estatuak eskaintzen
ez ziena emanez, hau da, oinarrizko zerbitzu asko eta asko. Eta jakina
badakizu, apurtxo bat jantzia, irakurria edo hara bidaiatua baitzaude Egiptoko
gauzez, erlijioaren presentzia erabatekoa dela han. Izan ere, beste arabiar
herri batzuetan baino guztiz handiagoa, ikusi besterik ez zegoen egin behar Kairo
hiriburua, Luxor, Asuan edo Alexandria zoragarriak ostiraletan, kaleak meskitak
bezain mukuru baitzeuden, egia esan hiri erdiguneetako espaloi asko eta asko
jendez gainezka belauniko Mekara begira otoitzetan; nik behintzat ez dut
halakorik ikusi ez Tunezen, ez Senegalen ez eta Marokon bertan ere.
Hala ere, egia da Morsi eta bere kideak buru belarri ari direla herriko
konstituzioa eraldatzen zein hiritarren eskubideen kontrako mota guztietako
lege, arau zein neurri murriztaileak sortzen. Ezta harritzekoa beraz orain dela
gutxi Mubaraken kontra eta libertate zein demokraziaren alde kalera aldarrika
irten ziren berberak kopetaraino egotea, azken egunotan eztanda egin izana. Morsik
alde egin dezan nahi dute, hori da Tahrir plaza famatuan batutako milaka
manifestariek eskatzen dutena garrasika. Hala ere, badute manifestariok hautestontziek
izendatutako gobernu bat aldarrien bidez botatzeko, edo beharbada indarraren
bidez ere? Auskalo, hemen datza printzipioen gakoa, haietariko bat herriak
berak hautatuko gobernu bat betiere hauteskundeen bitartez kendu behar dela.
Eta gobernu honek demokraziaren beraren kontra egiten baldin badu? Hor dugu kasuotan
berehala irizpidera ekartzen den nazien adibidea. Baina, badago beste gauza
benetan adierazgarri bat gatazka edo kinka honetan, Egiptoko armada oraintsu
arte ahalguztidunaren parte hartzea. Badiote armadak herriarekin bat egin
duena, Mubaraken kontra egin bezala arestian. Oraingoan, ordea, armadaren esku
sartzea ez dago batere argi, niri behintzat guztiz susmagarria begitantzen zait
Egiptoko Historia garaikidea aintzat hartzekotan, ezin hobeto baitakigu noiz,
nortzuk eta batez ere zertarako batu ziren militarrak herriarekin, Nasser
handia, Sadat, Mubarak, hirurak militarrak bezain diktadoreak. Edo bestela
esanda, botere zibilak, Anaia Musulmanena izanda ere, armadari mota guztietako eskumenak
eta erregaliak kendu nahi egin dizkio. Morsiren gobernua saiatu da armadak
mendetan goxatutako boterea murrizten, eta jakina, badirudi armadak oso begi
onez ikusi ez duela bere pribilegioen murrizketa hori, armadak gaurdaino Egipton
izan duen aginte indarra ikaragarria izan delako diktadura baten menpean bizi
zen aldetik. Horrenbestez, ez al da benetan susmatzekoa armadaren herriarekin
bat, Morsiren demokraziaren kontrako politika salatzen dutenekin bat egiteko bat-bateko irrika hori? Baten batek
daki, hasieran esan bezala hau guztiau kanpotik dakusagulako, bertan egonda ere
dena gutxi eta gaizki ulertu arren, plaza famatuan bildutako gehienen
aldarrikapenak atsegin izan arren, hauetariko gehienak ere ezin hobeto ulertzen
ditugulako, besteak beste gurea bezalako demokrazia liberal bat behingoan ezartzea eta honekin batera
oinarrizko eskubide batzuk, sexuen arteko berdintasuna esate baterako, bakan
batzuendako noski. Ez dut batere ulertzen, ez, eta gainera susmoa dut kolokan
dagoena demokrazia bera delako, sasikoa baldin bada ere, hasi berria, sendatu
gabekoa Morsik azkenean alde egin ezkero, eta hauteskundeetara berriro jo
bezain laster Anaia Musulmanak garaile suertatuko baitira ezinbestez, hori
baldin badago inor hautesteko aukerarik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario