lunes, 1 de julio de 2013

AZERIA OILOEN PREDIKARIA




FMIkoek langileen soldatak oraindio gehiago murrizteko proposatu/agintzen diote Espainiako Gobernuari, lan erreforma egin eta gero nahikoa ez dela adieraziz. Antzeko zerbait irakurri nion atzo Abel Matutesen semeari, oraindio erreforma horri irauli gehiago emateko aukera dagoela baietsiz. Jakina baietz, seguru asko posible da oraindio langileen ustezko eskubideok apurtxo bat gehiago murriztea. Nola ez, azken finean zein da murrizketa guztion xedea, geure ekonomia lehiakorragoa bilakatzea kosta ahala kosta, nazioartean lehian egin ahal egiteko gainontzekoen pare-parean. Benetan? Matutesen semeari entzunda badirudi kexu dagoela ondo asko dakielako langileen eskubideak ahalik eta murritzen eginez berak gero eta etekin gehiago izan lezakeela. Hori baita Matutesen helburu bakarra mozkinak. Zein bestela, esango lidake ziplo edozein enpresa-gizonek, zertarako ote enpresa baten jabe izatea ez baldin bada dirua irabazteko? Ados nago, hori da helburu nagusia. Baina, hori izan al daiteke legegileena ere bai? Horretarako bakarrik lanean ari dira buru belarri gure politikariak, enpresek ahalik eta gehien ustia dezaten. Nortzuen morroi ditugu politikariak, bankari, enpresa jabe edo zuzendari gutxiengo batenak, ala hiritar gehiengoarenak? Aitzakia aspaldi asmatua dute ordea gure (neo)liberalek: “jabeek zenbat eta gehiago irabazi, baita langileek gero eta gehiago ere.” Egia al daiteke soldatak zein eskubideak etengabean murritzen direnean, hots, langilearen erosteko ahalmena gero eta ahulagoa denean? Tira ba, erantzungo ligukete azken hau agerian utzita: “baliteke lehen bezain ahalmena ez izatea, baina bai behintzat lanpostu bat, zeren bestela…” Edo bestela esanda, hobe langile eskubide barik, ozta-ozta ogipeko huts-hutsa, langabetu baino, hots, gizajo peto-petoa. Baina gauzak horrela ikusita laster leporatuko dizute errealitateaz kanpo bizi zarela, idealista hutsa, ezjakin edo ergel porrokatua. Eta baliteke, bai. Nik behintzat aitortzen dut ezjakin hutsa naizela ekonomia hainbat eta hainbat arlotan, noski. Saiatzen naiz, ordea, nire jakin hutsuneok asebetetzen ekonomia liburu pila irensten, besteak beste nik ez bezala pentsatzen duen ekonomialari askorenak ere bai, euren arima gabeko teoriek botagale eta guzti ematen digutenak.  Hauetariko bat, izena ez dut aitatuko ez baitut inolako gogorik propaganda egiteko, eta gainera egilea ezta berez oso ezaguna, argitaletxeak hautatuko oportunista handiusteko bat baizik ez baita, orain dela gutxi irakurri dudana gauza oso zehatz bategatik “merkatuen mamua” etengabe aitatzen dugunok ergeltzat hartzen gintuelako.  Bazioen liburuaren kontrazalak egileak merkatu famatuen nondik norakoak ezin hobeto azaltzen zizkiola irakurleari. Eta zuzen zegoen, horretan behintzat ez zegoen iruzurrik, egileak ikaragarri ondo ezagutzen baititu direlako merkatuen gorabeherak urtetan nazioarteko finantza arloan saiatua zelako. Hala ere, eta egilea merkatuen nondik norakoen nolabaiteko logika asmatzen saiatu eta gero, zera ondorioztatu beharrean gaude: baietz ba, baliteke euren logika izatea, baina logika hori ba al da jende xehearendako errotik kaltegarria? Zein neurritan gorabehera guztiok hiritarroi eragiten dizkiguten kalte edo ezbehar guztiak bidezkoak, zilegizkoak ote dira?  “Laissez faire, laissez passer”, noski baietz, ados nator horrekin, baita merkatu libertatearekin, eta badakit, nire egiten dut leloa nik behintzat nire bizimodua nire gisa antolatzeko eskubide osoa aldarrikatzen baitut, horretan datza delako libertatea. Hala ere, ba al dut nik edonork adinako aukera merkatu aske batean lehian egiteko, nire lanaren emaitzez goxatzeko, behar eta nahi adina etekin ateratzeko. Ez dut uste gaur egun mundua antolatua dagoen bezala denok aukera berdinak ditugunik. Areago, dagoena ezta inolako liberalismorik, darwinismo interesatua baino, hau da, boteretsuen bentajakeria hutsa, dena alde aurretik antolatuta baitago betikoak irabazle suerta daitezen edozein arlotan. Gainerakoek, aldiz, men egin behar besterik ez zaigu geratzen, hau da, gauzak diren bezala onartzea eta kito, zeren eta egoera honen kontrako edozein kritikak behingoan deskalifikatzen zaitu edo delako libertatearen etsai bilakatzen zaitu boteretsuen ideologia beren egin dutenen aurrean. Eta agian horrexegatik ere, batzuen gainerakoak izorratzeko asmatutako aitzakeria osoa errotik gaitzesten duzulako, bizian zure helburu nagusia dirua irabaztea inondik inora ez delako, zure ondokoak mesprezatzen ez dituzulako behar adina diru irabazteko, lan egiteko gauza ez direlako edo batere gogorik ez dutelako, zu baino ahulagoak direlako eta horrenbestez bigarren mailako hiritarrak izateko kondenatuak, gogokoen dituzun irakurketak bidegabekeria erraldoi hau nabarmendu eta salatzen dutenak dituzu, besteak beste delako FMI aluaren trikimailuak, hanka-sartzeak eta batik iruzur galantak agerian uzten dituztenak. Edo bestela esanda, FMIkoei zein Matutesen semeari aditzen diedanean zer dela eta euren hitzen atzean edo inoiz inolako gabeziarik ezagutu eta ezagutuko ez duenaren egoismo hutsa delakoan nagoen ezin hobeto azaltzen digutenak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...