viernes, 19 de julio de 2013

OINEZ




Berroztitik Gasteizaino oinez Sarluze izena duen parajetik zehar, hots, errepidea alde batera lagata Lasarte herrixkaraino iristeko larre eta galsoro artetik. Ederra benetan Gasteizko Zaldiaran, Arrieta eta Lendiz mendi inguruetako bazter hau, enetzat erabat maitagarria nire barreneraino sartuta dagoen aldetik. Irakurri dut aspaldi hor nonbait Arabako Lautadak baduela nolabaiteko kidetasunik Toscanarekin maiatz aldera. Baliteke, ez nuke ezetz esango Toscanan bertan egon nintzela antzeko zerbait gogora etorri zitzaidanez treneko leihatilatik pasaiara begira, galsoro berdeak, orlegiak, muino bigun eta lasai haiek, inguruko mendixkak zein urruneko mendiak, muinoen gaineko alzifreak gure ibai ertzetako makalen ordez, eguzki hura, eguzki ikaragarri atsegin hura… Alabaina, Arrieta mendiaren magaleko alderdi honek badu ezezagunaren xarma bizia, hemendik ia inor ibiltzen ez denez, egon badaudelako beste alderdi batzuk guztiz ezagunagoak, ibiliagoak, zabalagoak- Arrieta mendi magalaren ingurua oso txikia baita, bertan bat egiten dute zaldiak gordetzen dituzten larre hesituek muino zein erreka artean kokaturik eta Gasteizeraino zabaltzen diren galsoro edota patata-sail zabalek. 

Eta bagindoazen hirurok Lasartetik haratago, hau da, eraikuntzaren handinahikeriaren orube asko eta asko alde batera lagata, Juan Pablo I erresidentziaren gibeletik, ni sekula ez ibilitako bidezidorretik, harik eta lursail arteko txabola batekin topo egin eta honen ondoko hainbat zakur ia amorratu guri zaunka azaldu zitzaizkigun arte. Ederra sustoa, batez ere xelebrea nire bi semeen musuetan islaturiko izua, nire hanketara gogor eutsita badaezpada, kromoetan edo marrazki bizidunetan hain gogoko eta beldurgarri duten hiru buruko Cancerbero txakur mitologikoa ikusi bailuten. Zorionez txakurrak ondo lotura zeuden, guri ozenki zaunka zein oldartzeko etengabeko saioetan eginagatik, benetan amorratuak, edo gutxienez hala egoteko haziak, edonoren gainera oldartzeko propio. Hala ere, berehala irten zitzaigun bidera gazte ijito potolo bat -eta baliteke txakurrak goseak ezin amorratuagoak egotea eta amorru hori zaintzen omen zituen mutikoaren girgiloei begira egoteagatik izatea- basapiztiok jaregiteko arriskurik ez zegoela esaka, hori eta Gasteizaino arin-arin heltzeko zein zen biderik azkarrena edo zuzenena erakutsiz; hau da, “alde hemendik lehenbailehen” adierazi nahian bezala. Eta oso esanekoak garenez gero mutilak erakutsitako laburbidea hartu eta bospasei minutuz Gasteiza iritsi egin ginen ia arineketan lokatz, potxingo, harri-txintxarren gainetik zein Batan errekaren ertzeko zuhaitzetatik eraso egiten ziguten eltxoengandik ihesi. Orduan Mendizabala aldeko etxeak, lorategiak zein inguruko orubeak berak sekula baino gertuagoak begitandu zitzaizkidan eta, maite dudan zibilizazioaren ikur ezin argiagoa, ageriagoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...