martes, 23 de julio de 2013

LANDARA BUELTAN


Igandeko bazkalostean asteburu pasa etorritako gure emazte eta ama Oviedo aldera bueltatu bitartean lau arinastarrok Uribarri-Ganboako pantanorantz jotzen dugu arratsalde ikaragarri eguzkitsu eta beroaz gozatze aldera. Nire aitak pantanoragaramatzala kontu kontari hasi da aspaldiko kontuez. Baziren auskalo zenbat urte pantano aldera ez zihoala. “Berroztira aldatu ginenez geroztik zure amak ez zuen etxetik irten nahi” , deitore egiten du nire aitak. Ahaztua du, berriz, gure amaren gaitza, etxetik irteteko gogo edo adorerik uzten ez diona; baina, jakina, nor bere karga, hots, batak hara joan nahi besteak inora ez, hori da nire gurasoen ezkon-zama, elkarri ia beti ezezka edo purrustaka. Presaraino heldu garela, errepide bihur eta sasi malkartsuan gora eta behera goazela txikitako pasadizoak akordura dakartza aitak, txalupa batetik uretara jausitako zorigaiztoko ito hura edota ezkon-eraztuna bertan galdu zuenekoa Uribarriko harrizko hondartzan etzanda edo uretan igeri geundela. Nik ondo asko gogoratzen ditut, bai, urtero hona etorriagatik gaur arratsaldean aitarekin noala pasai hau inoiz baino txikitakoago dut eta, inoiz baino barne pasaiago. Nola ez, pasaiak zeharo errotuak baitaude nor bere biografiarekin gure biziaren antzokiak diren aldetik. Pasaia ezta aberria, hori oso bestelako kontua omen da, aberria aldez aurretik hausnarturiko kontzeptua baita, zeharo lotuta bestetzuek irakasten digutenarekin, inondik ez ordea pasaiek beraiek bestelako bitarteko batik iradokitzen digutenarekin. Edonola ere, pantanoaren ondoan zehar goazela sentitzen dut hau nire barne pasaiaren berezko partea dela, nire pasadizo edota bizipen mordoa gordetzen du eta, txikitan gurasoen eskutik nahiz gaztetan lagunekin, hemen koskortu egin bainaiz hein handi batean, uda partean beti. Maite dut nire begietara zabaltzen den oro, badakit hau bezalako alderdiak milaka daudela munduan zehar, asko ere guztiz eder edo zoragarriagoak; baina, gaur inoiz baino maitasun handiagoa igartze dut nire barrenean aitarekin batera noala antzina bezala. Izan ere, Landa herrira iritsi eta ezin dut ebitatu hunkitzea, txikitan bezala Etxezuri jatetxearen parera iristerakoan, orduan bezala udaroko arratsalde minean, nire semeek zabuetan jolas egin dezaten nire anaiak eta biok behiala egin bezala gure gurasoen begiratupean. “Ezer ezta aldatu, den-dena aspaldi bezala dago, berdin-berdin dirau”. Ezta egia jatetxea zeharo aldatuta dagoelako, ez ordea terraza eta honen ingurunea; baina, jakina, nire aitari balio dio kontu kontari berriro hasteko lagun eta bezero zituen aspaldiko Etxezuri jatetxearen jabeen kontura. Hortik tiraka inguruko herrietan bizi omen diren beste lagun edo ezagun batzuk hizpidera dakartza, aspaldi ere elkar ikusten ez dituenak erretiratutakoan ikaragarri baztertuta bizi baitira bera eta nire ama etxean ozta-ozta irten gabe ez baldin bada nor bere betebeharrak egite aldera. Bertan, gure haurren zabuetako jolasera begira zein jatetxeko bozgorailuetatik belarrietara oldartzen zaigun musika edo zaratotsari soraio eman dugu arratsaldea goxo-gozo eta hitz eta pitz. Aspaldi ere ez genizkion elkarri hainbeste hitz aspertu lasai eta ugari egiten gure egunerokotasun gogaikarriari buruzkoak izan ezean. Aspaldi ere ez genuen laurok, hiru belaunaldiok, hainbeste gozatzen elkarrekin. Horrenbestez, umeak asper eginda etxera bueltatzeko erabaki dugula, aitak Betoño aldeko bizi guztiko garagardotegi batean oilasko errea afaltzeko eta guzti proposatu egin digu aspaldiko partez. Laga, laga, esan diot, solomo eta gazta ogitarteko bana askaldu berri dute haurtxoek, guk ere nahikotxo garagardo edan dugu, batik bat nik neuk –aitari zurrupatu egin bainion bere garagardo kankarroa gidatu beharrean zegoenez-. Arrasti ikaragarri ederra izan da, bai, aspaldiko partez, udako eguzkiak iraganeko ekaitzak ziplo eta zeharo ezabatu balitu bezala, urteen joanaren poderioz den-dena lautu edo leudu balitz bezala, odolaren lokarria benetan ezer baino sendoagoa balitz bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...