jueves, 11 de julio de 2013

BASAPIZTIEN ESKUBIDEAK




Sanferminetako irudi zakar eta dagoeneko triste famatu horiek behin ikusi eta gero zera ondorioztatu behar nuke halabeharrez; bietariko bat, gaur egungo gazteak gu izan ginen haiek baino hamaika bider lizunagoak, zakil/aluberoagoak direla, ezin dutela euren burua kontrolpean izan katxi bat ezpainetara arrimatu bezain laster, sexu apeta behin piztuta kosta ahala kosta asebete beharrean daudela titibururen bat igurtziz edo, inork beste sexua parekotzat hartzeko ikasi ez diela, oro har emakumezkoengan haragi puska bat baino ez dakusatela, Sanferminetan egonda urteko beste astegunetan inoiz eta inola egiten ausartuko ez zirenerako baimena bailuten; hori edo errua nire belaunaldikoena dela, aurrenekoen aldean guztiz geldoak, motelak, baldarrak, alper hutsak izan ginela sexu kontuetan, haiek bezain zakil/aluberoagoak izanda baten batek daki nork, zein abade edo ama irentzailek, gure gogorik lizunenak baretzen irakatsi zigutela, neskatoei titiburuak ukitzearren oldartu beharrean gure inguruko norbaitekin gehiegikerietan hasten zen alproja mozkorrari egur ederra emateko gertu geundela, emakumezkoak eta gizonezkoak berdintsu ginelakoan elkarri tratu berdintsua ere eman ohi geniola. 

Gaur ez, gaur badirudi grazia guk tratu lotsagarritzat eta maiz txartzat ere hartzen genuena neskak gure lizunkeria asetzeko baino sortuak ez balira bezalakoan datzala. Ala agian gu izan ginen edo gara neskekiko gauza guztietan motelegiak, pagafantismoa gure belaunaldiaren ikurra bailitzan. Egia esan, behin edo eman bagenuen moteltasun horren adibide ezin argiago. Nik gogoratzen dudana auskalo noizko Sanferminetan izan zen. Iruñerako joandako koadrilakoak Madrileko mutiko eta bi neskarekin adiskidetu ginen, ez dut gogoratzen zeren kontura, seguru asko ezin dut gogoratu, sasoi haiek betiere katxien edukiaren lausopean gogoratu ohi ditut eta. Edonola ere, biak neska puskak zirela ondo asko gogoratzen dut, mutikoa ordea oso hippi piura nabarmena zuen, gaur egun esango genioke “txakurflauta”, bi neskak baino helduagoa gainera, guk erabaki genuen euren “gamelua” zela, zeren eta txokolateak saltzeko gozotegi ibiltari bat ematen baitzuen, eta ez litzateke batere harritzeko horixe izatea Madrilekoekin adiskidetzeko lehenengo motiboa eta agian bakarra. Esan bezala, adiskidetu eta segituan denok elkarrekin tabernaz taberna zein dantzan saiatzeko eta guzti joan ginen parrandari. Orduan, halako batean, oharkabean, koadrilako bi galdu egin ziren nesken “dealer”ekin eta gu aldiz bi neskarekin, gauza guztiz arrunta eta ia-ia ezinbestekoa Sanferminetan, alajaina. Eta bai, jaia eta sexua, saiatu izan ginen eurengana arrimatzen, hau da, nolabaiteko arrimuren esperantzaz, hurrenez hurren gainera, badaezpada, baina beti ere alper-alperrik. Biek guztiok atzera bota gintuzten, bi neska madrildarrek ez zuten gurekin edanean zein dantzan pozik eta kantari egotea baino, ondo lagunduta parrandan baina inondik inora txortan edo. Onartu egin genien, beharko, asmatu behar zenuen ezetz esaten zizutenean, gainera ez zenuen ezertan sumindu behar, gizalegea zen eta sexuen arteko hura. Harrezkero Alde Zaharreko Arrano Beltza tabernaraino. Bertan aulki batean eserita, izerdi patsetan ohikoa denez uztail minean, laster jabetu ginen bi nesketariko bati bularrak irteten zitzaizkiola atorraren hegaletatik, galtzarbea baino askoz gehiago ikusten zitzaiola. So arina luzatu genion denok, noski; baina berehala konturatu ere egin ginen neskari batere atsegina izango ote ez zitzaiola jakitea haren bularrak denon begi bistan zeudela. Hortaz, ez zitzaigun burutik pasatu oihuka hastea, “ene, zer nolako parea bata zein bestea!!!”, ohartarazi egin genion neskari, eta berak, jakina, biziki eskertu egin zigula, baten batek baino gehiago guztiz kontrako uste izanagatik ez zuen batere atsegin denoi bere bularrak erakustea, hori baitzen koadrilakook atoan sumatu egin genuena, neska ez zela batere eroso egongo behin konturatu eta gero.

Orain bai, horrek zer bilakatu gintuen, santujale porrokatuak, erreprimitu hutsak, pagafanta peto-petoak? Ez dakit ba, gainera ez dit bost axola, guk gizalegez jokatu nahi genuen, hain zuzen ere aste honetako argazkietan jaia aitzakia ia inork bete nahi ez duen legea, lege hori modan ez dagoela ematen baitu, alderantziz, modan dagoena argazkiotan azaltzen diren jokabide zatarrok zuritzea omen da, badakizue, gaur egun jaiaren zirimola omen da lege nagusi eta bakarra, edonolako portaera zikina edo bortitza zuritzen duena bakoitzaren borondatea betetzea bizitzaren xede nagusia bailitzan. “Gogara egin baldin badu neska horrek”, bai motel, baina horixe da nik salatzen dudana neska horren zein inguratzen dutenen gogoa ustela, sano nazkagarria, itzel basatia zein zatarra, dela, matxismo petoaren erakusle edonondik begiratuta. Orduan norberaren libertatearen kontra zaude, bai jaun-andreok, jokamolde petral horien kontra egin ezkero, neska zein mutilok gogotan duten edozer egiteko eskubidearen murriztaile, atzerakoi garbia zara, pureta bat, dezente zaharkitu zara, zure gurasoen moduko neurriak eta erabiltzen hasi zara. Eta seguru asko bai –aurrenekoa, azkenekoa inondik inora ez, gaurkoak ei dira gure gurasoen antzinako ikusmolde sexista eta zabarrekin bat egiten dutenak-, ni urteen zein eskarmentuaren poderioz bilakatu egin naiz banaizena, ez besterik, eta delako gizalegeari dagokionez berdin jokatu ohi dut, nire alboko guztiak begirunez eta berdintsu tratatzekoa eta ez ni ere jendetzen babespean basapizti bat banintz bezala, delako jokabide zikinean, ez lizunean, zikina baizik, betiko sexu bortizkeria baino antzematen ez baitut edonondik begiratuta, atzerantz egin bagenu bezala etengabean, ezustean eta batez ere banaka batzuen baimen edo begionez, badakigu, norberaren jarduna edozein kritikatatik ere libre ikusi nahi duten estakurua: “ez dago ezer txarrik libre egin bitartean”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...