viernes, 9 de abril de 2010

GOGOGABETURIK


Ez nago gaur oso nire onean, ez, oso bestela baino, banabil nahiko abaildurik eta zergatia ez da lo falta, lanaren eragin eskasa edo dena delakoa. Banabil aspaldi noraezean, zigi-zaga nik hautaturiko bidean eta bizi naizela nire egunerokotasuna noizbait egindako pekatu ikaragarri larri bat zuritzekoa bailitzan, nire bizkar gainean botatako zama astun bat ez dakidala behar bezala arintzen, gero eta astunagoa, nekagarriagoa, alperrikakoagoa begitantzen zait-eta. Eta ez naiz ari nire sendiaz, honek guztiz kontrakoa eragiten baitit, bai Tk bai bi semeek goizero jeikitzen naizen zama nola edo hala eramatera laguntzen baitidate, nire ustetan haiek gabe ez nintzateke gauza aurrera jarraitzeko, aurrean aldez aurretik asmatuta dagoen ezer ikusten ez baitut, ez deritzot beltza etorkizunari, hutsala baino. Hori dela eta, nire gurasoez ahalik eta gehien gozatzen eta nire bi semeak ondo baino hobeto kozkortzea eta hainbat gutxien sufritzea helburu bakarra ditut. Gainerako guztia ez dit batere axola, lana, etxekoa zein mahaikoa, ikaragarri alperrikakoa begitantzen baitzait eginkizun dudan guztia, nahiz eta hasi baino lehenago munduko adore edo gogo osoarekin aurre egin, badarabilzkit hamaika ideia edo egitasmo nire buruan borborka, egia esan, kasketeak etengabe lan egiten du nahitaez, baina zertarako, zeren ordainez, edozeri ekin aurretik erne antzematen dut nire buru hori, baina denbora aurrera joan ahala, ez diot inolako etekinik ikusten egindako ahaleginari, eginean emandakoari, badirudiela egiten dudan guztia hutsaren hurrengoa dela edo ez ur, ez melur. Baliteke nik uste bezainbeste baliorik ezer ez egitea, badirudi orain arte egindako guztia nahiko motela izatea, edo agian inori axola ez zaiola nik jorratzen ditudan gaiak gehiengoak gustuko edo beharbada ere gogoko ez dituen aldetik Auskalo, baina burmuinean dena gori-gori baldin badago, gogoa inoiz baino biziagoa, zorrotzagoa, zoliagoa, nire adoreak, ordea, ez dirudi oso bat egiten duenik, dena bertan behera edota popatik hartzeko bidaltzeko asmotan dagoela ematen du.

Dena dela, baliteke hau guztia gaur bezalako ostiral beltz baten ondorioa izatea, logabe pasatako gauarena agian, aste honetan bertan jaso ditudan berri txarrena, inoiz eta inola lagunik edo onik egiten ez didaten zenbakiena. Eta jakin badakit, etsita egonda, nagoen bezala gogogabeturik, erabat atsekabeturik, edozein motibo memelo hazkurri nahikoa da amore emateko gogoa berpiz dadin, behingoz eta behin betiko etsitzearren,guztion aurrean beti aitzaki-maitzaki ibiltzeko, sikiera itxura hutsa egiteko, masokismoaren bidetik ekiteko. Ea egunbakoitza aurrera joan ahala piskat zuzpertzen naizen, gorputza somatzen baitut benetan izorraturik, gogoa ez beste. Ea ere eusten diodan eskuartean dudanari behingoz geroan erreparatu ordez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...