miércoles, 11 de agosto de 2010

ITZULERA PETRALA, HAUXE DUK HAUXE


Badirudi itzulera ezin okerragoa suertatzen ari zaidala, Oviedora iritsitakoan eztabaidaka besterik ez dugu egin, etengabe errietak zein musturraldiak, beti betoskoa ipinita edo eskeintzen didaten guztiari muzin eginez, behin eta berriro betiko leloekin, oporretan joan aurretikoak zein berriak. Eta nola ez, berriro hona etorri eta benetan aztoratzen nauen guztiarekin topo eginez, besteak beste, ala batez ere, T.ren senitartekoak, behin berriro, bat-batean eta batera geure bizimoduaren jagole, behin berriro ere gure gurasotasunaren zaindari. Eta betiko lez ere, eurek agindu eta alabak men berehalakoan; ez du inporta zer edo noiz erabaki, zertarako egitasmoetan ibili, bere amak deika egin orduko den-dena irauli eta bere esanetara jarriko gara.

Horrelakoa da bizitza, hona etorria eta hemengoekin elkar oztopaketan, alajaina. Eta hau guztiau gutxi bailitzan, hona etorri eta behin berriro zer-nolako bakardadea, batez ere niretarrak hain urrin egonda, semeen berezkoaz gain inolako berorik igartzen ez dudala, sarri baino gehiagotan ikaragarri bakarrik sentitzen naizela ez baitut norekin hitzegin nire eguneroko gorabeheretaz, eguneroko nekeaz, asperraz, etsiaz. Nire maitearekin, ostera, badakit denetarik hitz eta pitz egiteko parada dudala, baina ez zait aski, ez nau asetzen berataz ere atseden hartu behar dudalako, baditudalako gauza asko berak ulertzen ez dituenak eta nahi are gutxiago, nire gauzetaz nahikotxo gogaituta baitago.

Ihesbide bakarra dut ia blogau, idazbide bainoago, honi esker, eta batik bat lau katuk baino segitzen ez didatena jakinda, nire barrenak nola edo hala hustu dezaket.
Bestela akabo, bestela zurrutari eutsiko, nik etsiko eta nozbait jaitsiko ez dakit nik zelako zulo beltzetan.

Eta jakin ere badakit hau guzti honen errua nirea dela neurri oso handi batean, ez osoan, ez nadin izan hain memeloa,nire hemengo bizimodu zein jendilajearekin tupustean topo egindakoak nolabait aztoratu nau, hori dela eta egunotan banabil nire onetik at, T jo eta ke zirikatzen, xaxatzen, ezein huskeriagatik ernegatzen. Ez naiz batere zintzoa edo eskuzabala nire bikotearekin, ez du merezi nik eragindako ezinegona, haserrea, samina. Gaiztoa naiz, bai, duda izpirik gabe eta batez ere hain ipurterrea eta neurekoia naizen aldetik.

Ez dut odola batere garbi, garden, odol bizikoa naiz, odo gaiztokoa, horrelakoa izanda ezta harritzekoa gurearen odolustea, ea behintzat hainbat arinen isuraldatzen didaten odol garbiago, lasaiago, epelago bat.

Nik uste etzidamuko atzerrirako bidaia ezin aproposagoa izango dela isuraldaketa honetarako... Bestela, bai etorkizun petrala, hauxe duk hauxe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...