Nire koinatak gaizki begiratzen dit barraketan -feria deritzote Asturias aldean eta ere ustetan ezta batere okerra ganadu bagina bezela tratatzen baitute jendea barrakero arrakeroek; tira ba, egon leike bateb bat edo ez dena, ez dakit, baleike bai, auskalo- gaudelako eta nik bestoko iluna ipinita daukat horra sartu garenetik. Ez ditut batere atsegin feriako atrakzioak, aspaldi utzi egin banion gustuko izateari. Aspertzen naiz itzel, areago hainbeste jende eta zaratak biziro atsekabetzen nau, alde egin gura dut lehenbailehen, heldu eta sartu orduko, bertan nagoela betiere potroetaraino nazkatuta eta gainera ez dut batere ulertzen jendeak tortura tramankuluotara igotzeko grina, are gutxiago hainbeste ordaintzea barraka esparrutik landa Guantanamo edo aspaldiko Intxaurrondo kuartelean topa ditzaketen gauza berberak edo antzerakoak egin diezazkieten. Baina baldin badago egiatan aztoratzen nauena hori da zaratotsa, delako feria baita zarata pilaketa benetan gorrotagarria, zoratzeko modukoa eta gehio, dela atrakzioena beraiena, dela atrakzio bakoitzak gupidagabe isuri edo jaurtizen duena, nork bere musikarik zatarrena, zaratatsuena, zarpailena, hau da, laburbilduz, zarama hutsa besterik ez, hau da, modako hip okaztagarri gehienak, nik behintzat kosta ahala kosta baztertzen saiatzen naizenak. Azken honek, aldiz, jende xehearen musikarekiko berezko ezaxola zein ezjakintasunari buruzko enegarren adibidea eskeintzen dit, ez baita batere normala belarri fin edo ikasi batek hainbeste soinu trakets edo zikin belarrietan pilatzea egiazko kalte edo min larririk izan barik, badago gure artean musika edo zaratari dagokienez "horror vacui" moduko zerbait, eta ia gizartearen arlo guztietan, gehienetan behinik behin, hots, tabernetan, jaietan, ikuskizun handietan... jendea isilaren beldur da, auskalo zer dela eta, baina zenbat eta hots gehiago, gero eta hobeto, gero eta babestuago edo, berdin dio abarrotsa den ala ez.
Edonola ere, nire koinata pinpirinak muzin eta guzti egin dit behin berriro ez dakidalako zenbat aldiz etxera alde egiteko eskatu eta gero, hau da, zu ez al zinen inoiz haurra izan adierazi nahian bezala. Noski baietz, panposha, izugarri gustatzen zitzaizkidan barrakak txikitan, urtero irrikan nengoen hirira noiz iritsiko, baina horixe, txikitan, nire haurrei suertatu bezala, egundokoa goxatzen ari direla hainbeste zarata eta zarama artean, batik bat nagusia, guztietara igo nahi duena, baita koldarra hots egin didana ere iaz berarekin montaña rusa batera igotakoan ikaragarri gaizki pasatu nuela aitortu niolako, behin behirro ez igotzeko zin egin niola, burtzoraldiak jasotzen ditut eta, sekula gustatu ez zaidalako gaizki pasatzeko ordaintzea, gorago esan edo adierazi bezala inondik inora ulertzen ez dudan masokismo mota bat. Nagusiak bai, itzel goxatu du; txikerrak ordea bihotza dardarrean zeraman barraketara iritsi aurretik, bertan egon eta behingoan kikildu egin da, ez zuen inora edo inolakora igo nahi, beldurrak zegoen, bi atrakzio lasai baino ez ditu hautatu zorionez, eta ni aspaldiko partez berarekin inoiz baino identifikatuago sentitu naiz, alafede. Nagusiak, ordea... astapotro horrek nire onetik atera egin nau nire koinatarekin igotzeko arriskutsuenak aukeratu egin baititu -bai sinetsezina, nire bi semeek euren rolak elkartrukatu balituzte bezala-. Orduan bai, orduan barrakei diedan gorroto osoa berpiztu egin zait nire erraietan. Orduan izan naiz ni zorabiatu egin dena nire semearen nondik norakoei begira, atsekabetu, bihozmindu baino erresumindu egin naizelako, orduan bai, koldar garbia naizela jabetu naiz aitatasuna koldarkeria mota bat delako, nik aldiz zuhurtzia deritzot, baina tira... Horrexegatik ere gozatu, gozatu egin dut bertarik ospa egin dugunean bi haurrak herrestan eramanez eta barraketako abarrotsa nire atzean zein belarrietan apur-apurka ezabatzen zela irribarre batez nabarmenduz.