lunes, 6 de septiembre de 2010

PIZTIARENAK


Piztia ez da bizi ezkutuan oso agirian baizik, piztia ari da egun guztian zure inguruan, gainontzekoen atzetik, beti zelatan ea noiz koska egin, non ostikoa eman, nor zapaldu. Piztia badakizu non bizi den, horrexegatik saiatzen zara ahalik eta urrunen egotea bere kobazulotik badaezpada eta ia beti ezustean bere atzaparretan erortzen zaren. Kontu handiz, beti erne, ibili beharrean zaude zure bizinguruko ezinbesteko izaki aspergarri, arriskutsu eta izurritsua izan arren. Behartuta baldin bazaude hori da piztia senitarteko duen gizakume bat maite duzulako, horrek behartzen zaitu piztiaren aurrean inuzentearena egitera, piztiaren eztenaren beldur egotera etengabe, piztiaren atzaparkadari aurre egiteko noiznahi gertu, piztiaren pozoia ziplo deseustatzeko edonolako ahaleginetan. Alabaina, hau guztiau oso nekagarria da, baliteke oso noizean behin piztiarenera joan behar izatea, baliteke ere piztia noizbait otzan-otzan egotea, baliteke ez oso maiz piztia atsegina eta guzti jokatzea, jakin badaki ere. Baina hori ezta ohikoa, ezta arruntena, horiek dira piztiaren tarteka-martekako makalaldiak, piztiaren edan gabeko bolada urriak beharbada. Piztiak edana behar baitu piztia izateko -ez beti, baina bai behintzat behar bezala piztia jokatzeko-, eta behin edana piztiak ez du mugarik, erreparorik, motiborik, piztia gisa jarduteko aurrean duen edonorekin, ez zaio inporta nori min egiten dion bere eztenkadaz, berdin dio Saturnoren antzera koska egitea bere sabeleko inori, bereganako maitasun apurrak supituan suntsitsea, bere ondokoei ekinaren ekinez pilatzea hainbeste kosta egiten zaien egonarria ziplo birrintzea.

Nik igaro dut asteburua kostaldeko herriska bateko etxetxo batean, oso etxe txiki eta meharra, eta bertan zegoen piztia, ez zegoen modurik haregandik ihesi ibiltzeko, nahitaez aurre egin behar nion, eta halabeharrez ere beti adi-adi noiz eraso egin, etengabe edanez behar bezainbeste pozoi bere barruan sortu bitartean, piztiak ere badakiela nahitaez jasan behar nauela bere sabeleko batekiko erantzukizunaren erruz, eta jakin badakit piztiak ez nauela batere maite, piztiak berak ez du oinperatu izan ezin duen inor maite, eta nik dut sekula amore emango, ez nau sekula menperatuko, alafede. Baina, bien bitartean piztiaren aurrean egon eta aurre ere egin beharrean nago, eta badakit, nahiz eta bere ingurukoek guztiz kontrakoa sinestu ala sinestarazi nahi izan, piztia ez dagoela inola ere denok espero bezainbeste otzandu, bere oraingo azaleko otzantasuna itxura besterik ez da, agian estrategia hutsa hain gogoko duen maitasun mugagabeko eta exklusiboa nola edo hala eskuratzeko alperrikako saio batean. Oso nabarmen zaio begiratuan, eusten dio bere mihi gaiztoari, baina denok dakigu ondo asko piztiaren berezkotasuna eztenka jokatzea baita, horrexegatikan nekatzen/aspertzen/atsekabetzen nau hainbeste piztia aldamenean izateak, horrexegatik ere ihes egin nahian ari naiz beti.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...