martes, 21 de junio de 2011
UDA HASIERA
Ikasturtea bukatu da gaur, nagusiarena behintzat, eta nik, etxean lan egiten dudala, egunero etxean bertan izango dudala nire inguruan potrojorran eta potrojoka ere bai, amaiera bera iritsi egin balitzait ere, gaurgero ez naizelako gauza gaurdaino egin bezala egunero bospasei orrialde betetzeko, ondo baino hobeto ezagutzen dudalako nire semea, eta badakit zer-nolako bihurria eta burruntzia izan daitekeen. Bukatu egin zait ahal edo nahi izan adina libertade izatea nire gauzak lasai asko burutze aldera, aurrerantzean baliteke bizpahiru orri egitea, baliteke zuzentzekoa dudanari ekin ahal izatea, baliteke noizik behin hausnarrean egin ahal izatea istorio berriak-eta asmatu eta korapilatzeko asmotan. Alabaina, badakit nik ere hau guztiau neurri handi batean alperrikakoa izango dela, gaurgero eta ia egunero errieta egin behar izango diodala ezein huskeriagatik, etorriko zaidala auskalo zeren eskean, gainera beti hainbeste aztoratzen nauen negar-zotinka, saiatuko dela ni nola edo hala koipez edo iruzur egiten edo, bere apetetara makur nadin, egunero nire semeekiko tirabirak hamaika aldiz handi eta luzeagoak izango direla, egunero nekeak ere aukaslo zenbat areagotuko direla.
Bukatu da, beraz, ikasturtea, bai, eta hasi hasiko dira nire benetako nekeak, batez ere autengoa bezalako urte ikaragarri ihar edo zimel honetan, bizi naizela etengabe aiko-maiko etorkizunaren zain, ez dakidala aurten nire lanak benetako emaitzak izango dituen edo, bateon batek daki zer suertatuko, noraino agindutako guztia beteko den, lortuko dudan gogoan daukadana, ez baldin banaiz zeharo eta behin betiko abailduko nire ezintasunen aurrean.
Hala ere, badakit ere honek guztiak ez didala zinez axola, nire semeekin egoteak bizitzak eskain diezadakeen gauzarik zoragarriena dela, haiek nirekin egon bitartean zoriontsua izango naizela, gainerako guztia hutsaren hurrengoa dela honen ondoan. Badakit ondo asko ikasia baitut latinezko atsotitz ederra: amor omnia vincit.
Eta ikasturte amaierarekin batera udaren aurreneko eguna, berebiziko bero zapa hor kanpoan, eguzki izpiak nonnahi etxeko ezinegonaren akuilu, hor kanpoan ere nire zain dauden garagardo pinta andanaren erakusle, nonbait eta noizbat urteko lehenengo bainua hartu beharraren oroilore lurrintsua
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario