viernes, 24 de junio de 2011

MARTIN GARITANO AHALDUN NAGUSIA



Zin egina nion nire buruari blogean politikaz paso egiteko, asper-asper eginda nago-eta, oso bestelako gauza atseginagoak jorratzeko, sarrera txatxuak batik bat, denpora pasa hutsa eta beharbada zeharkako idazkera ariketa; baina, nik uste ezingo zela atzoko irudi hau iruzkinik egiteke baztertu, oso bitxia eta agian garrantzitsua delako. Merezi du, noski baietz, barruan behintzat gauza pila eragiten baitit, nolabait argazki historiko bat den aldetik, garai berri baina aldi berean ere duda-mudazkoa.

Edonola ere, atzo bertan Martin Garitano Gizpukoako ahaldun nagusia izendatu zuten, labur esanda, Giputzien diruak kontrolatuko dituena, eta jakina, honek gogoeta egiteko asko emango du. Baina, izango da ere irainak, biraoak, gezurrak eta taldekeria nagusi dituzten komunikabideentzat aparteko edota etengabeko irizpide joria.

Zeozer esan beharrean ez, nik zer esango dut ba, nor naiz ezer esateko. Nagiak eragozten dit, bestalde, inolako iruzkin edo gogoetarik. Hala ere, gaur bertan Hasier Etxeberriari irakurri diot aparteko artikulu bat guzti honen harira, betikoaren harira nolabait, benetan gogoetatsua, benetan zorrotza eta zintzoa, merezi du beraz bere blogetik lapurtu eta nirera ekartzeak, Hasierren iritziak betiere oso mami handikoak, sakon-sakon hausnartuak, baitira. Merezi du, bai, nik ezer berririk gaineratuko ez bainioke berak idatzitakoari.

ETAREN ALDE ETA KONTRA

Mundu guztia ETAren alde zegoen garai bat ezagutu genuen. Baina gezurra diot, denok ez ginen alde, Franco maite zutenak, John Waynerena egitera etorritako goardia zibilak eta beste lau katu faxista edo desinformatu ez dira zaku horretan sartu behar. Beste guztiok bai, baita EAJ, ANV, PC eta PSOEkoak ere. Agian esajeratu egingo dut, baina karlistek eurek ere begi onez begiratzen zioten ETAri.

Kasu, hala ere. Alde egoteak ez du esan nahi orobat onartzen zenik ETAren ekinbidea. Alabaina erakunde armatuaren adin bera dugunok ederki ikusiak dauzkagu gaur sinesgaitzak liratekeen kontuak. Esate baterako, oraino PSE gidatzen dutenak, “Nafarroa Euskadi da“, “Autodeterminazioa “, eta etcetera eta etcetera erreklamatzen.

Oh tempora, oh mores. Haiek garaiak! Arzallus bera, eta baita Leizaola Lehendakari Zaharra ere, edota Ajuriagerra bera irudika genitzakeen erromerietan, jertsea aidera botatzen pozaren pozez Carrero voló kantuaren doinuarekin batera. Ieuuup, lara! Edo bederen irri maltzur eta konplizeren bat ezpainetatik ihesi.

Orain ez dago modan esatea, baina ETA izan zen gaurko demokrata askorentzat -euskal eta erdal-, askatasunerantzako aurreneko atea. Galdetu ezkero ukatuko lukeen arren, lepoa jokatuko nuke Patxi Lopez Lehendakariak ere, esaterako, bazeukala halako begirada onbera bat ETArekiko. Gutxienez.

ETA handia izan zen tren antifaxista bat muntatzeko orduan. Ikaragarria. Areago, arnaspide erreal bakarretakoa izan zen denbora ilun bezain jasanezin hura egokitu zitzaigunontzat, eta intelektual frantziar eta espainiar guztiek ere onartzen zuten ETA, neurri handi batean. Sinpatia, deitzen zaio horri.

Tren askatzaile haren makinisten izenak mitikoak dira: Txikia, Txomin, Apala, Pertur, Peixoto, Argala… eta aipatuko ez ditudan geroztikako hainbat eta hainbat izenda nitzake. Nor bere zerarekin, zapalkuntza gaiztoari aurre egin geniezaiokeela erakutsi ziguten, nola abertzaletasunetik, hala ezkerreko ikuspegi batetik. Zer esanik ez Iparraldean, kontatua didatenez, Hegoaldeko errefuxiatu andana agertu zenean hasi baitzen euskaltasuna deitzen zen kontzeptua bazela entzuten.

ETAren tren hartara, batzuk bete betean igo ziren, beste batzuk bidaia motz bat egiteko bakarrik eta izan zen guztiz igo gabe, eskaileretako barrari helduta aurrera egin zuenik ere. Nork bere erara profitatu zuen arnasbide ikaragarri hura eta, jakina, egon zen trenetik sekula jaitsi ez denik ere, eta egon zen norberak hautatutako unean salto egin zuenik trena martxan egonagatik. Batzuek Yoyesen gertaera hautatu genuen jaisteko, beste batzuek Hipercorreko atentatuarena, edo beste zeinahi gertaera mugarri: beti bazen ibili zebilen tren hartara igotzeko eta handik jaisteko arrazoirik, bulkada politikoekin batera, bai baitziren gertaera pertsonalek eragindakoak ere.

Kontua da, ordea, orain amaitua dirudiela bide horrek. Trena geldirik da eta ez ei da ostera abiatuko. Esaten da oraingo buruzagiek irtenbide gabekoa ikusten dutela borroka armatuaren bidea. Borroka armatua, borroka politikoari umildu behar zaiola. Ez da batere kontu berria.

Joseba Sarrionandiak ere gauza bertsua esana du Hausnart aldizkarian eginiko elkarrizketan, baina ñabardura batekin. Sarrik dio hogei urteren atzerapenaz etorria dela une hau.

Horren aurrean, lagun bati entzuna diot pena handia dela Sarrik hori esatea orain, adierazi nahiz bezala, Sarrik bere ekintzaile ibileretako garaia justifikatzen duela, baina ez geroztikakoa. Bestaldetik lagun beronek dio, ez dela unea haserre ibiltzeko, pozik ibili behar genukeela aurrerantzean.

Eta nik ez dakit ezer, ez naiz gauza mundua esplikatzeko, baina irudipena daukat ez nagoela zeharo konforme bi baieztapen horietako batekin. Alegia, pozteko garaian gaudela, egia da. Bazen tenore!, baina pena da duela hogei urte aukera hau berau ez ezagutu izana, ezen gauza jakinekoa baita duela 20 urte inguruko ETAren gidaritzak bazekiela borroka armatuarena bazterrean utzi beharreko bidea zela.

Ez ditut arintze edo descongestio garaiok lardaskatu nahi, pozik nago neu ere, beharrezkoak ditugu adiskidetzeak, eta itxaropena daukat etorkizunean, eta gora geu eta gutarrak eta hori guztia. Baina ez diet ikusten berritasunik batere oraingo esplikazioei, duela 20 edo 25 urte heterodoxoek esan eta idatzitakoekin alderatuta. Handik hona hainbeste sofrimentu, ezintasun eta galera… Zergatik eta zertarako? Zer dela eta?

Sarrirekin nago ados, eta pena ematen dit ez lehenago iritsi izana gauden bidegurutze honetara. Eta galdera logiko bat: nork edo zerk eragindako ezintasunak ekarri gaitu, hain berandu, aspaldi behar genuen geltoki honetara?

Hasier Etxeberria Ekaina 23, 2011

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...