lunes, 13 de junio de 2011
BAI, AGINTZEN DUT...
Badirudi nire hiriko alkate berriak kargua hartzerakoan euskaraz zin egin zuela, bai, agintzen dut esan zuen-eta, PPkoa izanda eta guzti, badirudi ere nire hiriko zenbait PPkide ere euskaltzale zintzoa dela ETB1ren eztabaida saioetara joan ohi dena bere alderdiko euskaldun banaketakoa delako. Badirudi Iturgaiz edo orain ikasten omen dabilen Basagoitiren antzera itxurak behintzat egiten dituzten PPkideak badaudela. Baina badirudi ere Marotok bai, agintzen dut esan eta gero gainontzeko guztia erdara hutsez izan zela, badirudi ere euskarazko hitz batzuek bakarrik oso gainetik zipriztintzen dituztela halako ospakizunak, geratzen direla primeran, txukun-txukun, nolabaiteko euskararekiko begirune bat edo erakusteko jendaurrean, egun batez gutxienez eta batez ere nortzuengandik datozen aintzakotzat hartuta ere bai. Baina badirudi ere PPren hauteslegoa oro har ez dela oso euskaltzalea, guztiz kontrakoa baino, batez ere Gasteiz bezalako hiri erdaldun batean non gure hizkuntza eta kulturaren kontrako aldarriak zein inolako lotsarik gabeko destainak gero eta ozenagoak, maizagoak, zatarragoak, entzuten diren. Halaber, badirudi ere Marotoren keinua txit xumea izanda ere oso garrantzitsua, adierazgarria, pozkarria, dela hautesleon aurrean euskararen alde egiteko, hau da, berez aurkako ditugun erdaltzale amorratuei erakusteko euskara ez dela haiek uste dutenen ondarea, edo zuzenago esanda, ez dela abertzaleena soil-soilik. Bestalde, euskararekiko atxikimendu edo konpromisuaz ari garenez, nik uste azpimarratzekoa dela udalbatza berrian inoiz baino euskaldun gehiago daudena, gehienak abertzaleak noski, halakoa baita, baitirau hizkuntz errealitatea gure hirian behintzat, azken urteotako berreuskalduntze bilakaeraren ondorio zuzen eta itxaropentsua (Bilbo eta Iruña bezalako erdaldun hirietako zinegotzi abertzale gehienekin ere gertatu bezainbeste; besteak beste oposizioko bi talde abertzaleen buruak, Urtaran eta Fernández de Pinedo, udalbatzarretan euskaraz ahalik eta gehien jardungo dutela agindu egin dutenak hain zuzen ere.
Bestalde, eta udalbatza berriaren egiazko euskararekiko atxikimendu edo konpromisu gutxienekoaren zain egon bitartean, badirudi kultur zinegotzia behin berriro Encina Serrano anderea izango dela, hau da, Alonsoren garaikoa berbera. Ez zen makala, Encina Serrano, gaur esateko DNAri emandako elkarrizketa batean harrotzen zen Azkena Nazioarteko Rockaldiaren sustatzailetariko bat izateaz, bere garariko polikoetan ia bakarra. Hala ere, bazioen beste gauza benetan txundigarri bat, Mendizabalako Azkenaren saio batean zegoela lagun batzukin eta taula gaineko kantaria nor zen galdetu egin ziotela gazte bati: Bob Dylan, orain joka ari den tipoa Bob Dylam da, erantzun zien. Hau irakurrita, jakina, galdetzen diot nire buruari noraino posible den gaur egun eta batez ere apurtxo bat koxkortuta bagauden belaunaldietan Bob Dylan ezagutzen ez duen norbait, gutxienez ikasia edo irakurria, topatzea, zer esanik ez kultur zinegotzirik...
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario