miércoles, 29 de junio de 2011

SASKI-NASKI


Zer dela eta ekarri nuen blog honetara Mikel Urdangarinen kanta, ez baldin bada nire biodiskografiaren parte? Aizu, Mikel ni baino gazteago izanda ezagutu ezagutzen dudalako, berandu ere bai, baina bere lana atsegin zait ohohar. Aitortu beharrean nago, aldiz, harritu egin ninduela bera bezalako kantautore baten berriak, ez nuela inondik espero Benito eta enparatuekin batera joana uste nuen belaunaldiaren osteko beste berri bat (Mikel Rueda, Josu Bergara, Txuma Murugarren, Iñaki San Sebastian eta abar luze bat). Nork esango itzuliko zirela berriro sentimendu on edo ederren gorasleak. Koxkortua naiz rockarekin eta batik bat Britania Aldetik berandu eta kaxkar xamar ere iristen zitzaigun musika beti martxosoarekin, Benito eta bere ezpalekoak gure nagusiek kantatu ohi zituzten abestien egileak omen ziren, harriak aspertzeko modukoak. Alabaina, eta hor nonbait irrakurrita ere hazitakoan, heldutakoan, haurretan zein gaztetan entzudako musikaz bakarrik gozatzeko gauza garela, ni behintzat saiatu ohi naiz gauza berriak entzuten, gozatzeko aukera ematen duen ororekin egin bezala. Gauzak horrela, bada gauza pila batere atsegin ez zaidana, baina bestetzuk ordea bai, ikaragarri gainera, ez baldin banaiz agian gaztetan bezala hunkitzen edo, kosta egiten zaidala nire bizitzaren pasarteren batekin antzematea, beharko, ia bizi egindako mamizko guztia iraganean datzan aldetik edo, esan behar nuke ikaragarri gozatzen dudala gauza ederrak sortzea munduko ederrena ere baita. Hori dela eta, Urdangarinena ere dexente entzun dut, eta hasieran kostata ere, badira kanta banaka batzuk itzel gustuko ditudanak, besteak beste: Badira Hiru Aste, Anek idatzi dit zutaz, Non geratzen den denbora, Bazkalosteko Kafea, Hau ezta amodiozko kanta edota Egun Argian; nolabait nire biodiskografia berantera gaineratu egin ditudanak.

Dena dela, ez nentorren Mikelen lana goresteko bakarrik edo propio, Karoline bideoaren blogeratzearen zioa zuritzera baizik. Eta zio hori oso argia da, bideo Gasteizko Naski tabernan filmatua dago, hau da, gazteagotan ia barikuero, ostiralero, joan ohi nintzen taberna Badaia kalean, haurretan ia egunero edo zeharkatzen nuena gurasoen Siervas de Jesus kaleko ileapaingintza akademiara joateko. Bada beraz nire hiriko inguru oso kuttun bat, bihotzean oso sakon barneratua dudana. Hala ere, horiek ez dira honaino ekarri nauten oroitzapenak, oso geroagoko batzuk baino. Falkutatean nengoen eta gure euskal adarreko klaseetara etortzen zen oso noizean behin Arrasateko neska argal eta beltzaran bat, heavy piura agian modaz piskat pasata zuena, larruzko txupa beltza, bakero estu-estuak, ipurdi txikina baina zurruna egiten zotziena haren hanka fin eta luzeen gainean, eta bota luzeak hagak ziren zangoon muturretan. Neskak, jakina, Naskin egiten zuen lan, eta hara joaten nintzen koadrilakoekin gure ohiko taberna-ingurutik at kinkili-kankala, betan aparteko giro ona, rockeroa, zen aitzakiaz. Eta bazen, orduan taberna heavizulo peto-petoa baitzen, edo antzeko zerbait, baina rocka beti nagusi, musika inoz ez bezala ozen-ozen. Ez zegoen, beraz, Vegarekin hitz aspertuak lasai-lasai egiteko modu handiagorik; edatekoa eskatu, gizalegezkoak zein zenbait txutxumutxu berak apenas zapaltzen zuen fakultatearen kontura, bere Debagoieneko euskara goxoari adi-adi, hain gertukoa eta aldi berean ere kanpo-kanpokue balitze moduen, eta batezbe inoz, ezela, ohera eroango ez nauen neska haregas berbetan eiteko paradia aprobetxau besterik ezin zalako ein, hain geldoak eta tontoak gitzen-eta. Edozelan ere, eta batez ere tabernako dekorazioan erreparatzekotan, taberna horren antza sorginzulo batena ei zen, atearen gainean sorgin bat erratza eta guzti badagoela akorduan dut, eta arrasatear neska hark, zer esanik ez, argal-argal, goitik behera beltzaz jantzita, txima luze beltzarana eta sudur ezin makurragoa, gutxienez maizterra ematen zuen duda izpirik gabe, sorgindu egin ninduena hain zuzen ere, bolada hartan sikieran.

Oraindik orain, lagun batzukin inguruko galiziar jatetxe batean malo-malo afaldutakoan, Naskira joan ginen kubata batzuk hartzera. Lokalak orain dela hogei urte bezala berdin-berdin zirauen, benetan bitxia, baliteke zenbait gauza aldatu izana, noski, nola ez, ez nuen inondik futbolina bazegoen erreparatu, agian gaur egun ez dago futbolinik tabernetan, agian ez nintzen behar bezala fixatu ere. Sorginaren arrastorik ez, ordea, egon bazeuden sorgin piurako hainbat neska, gehienek gainera Europa Ekialdeko hizkuntzez berba egiten zuten; baina ez, ez zegoen parekatzekorik, inondik ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...