jueves, 16 de junio de 2011

ON BILDUR


Atzo eguerdian egundoko errieta bota egin nion nagusiari, oso-oso gogorra, zur eta lur geratu nintzen ni neu zer-nolako bortitz jokatu nuen nire semetxoarekin huskeria bategatikan. Berehalaxe damutu egin nintzen ere, semeak egindako bihurrikeriak errieta merezi izanda ere, nik agindutakoari muzin eta burla eta guzti egin zidalako, nere onetik atera ninduen, noski.

Baina, esan bezala, damutu egin nintzen atoan, beldurrak nagoelako gure artekoa nik nire aitarekikoaren antzerakoa izango den, betidanik oso harreman latzak izan baitira gure artean ia mota guztietako desadostasunak edo nortasun eragozpenak daude-eta. Badakit ondotxo nire aitarekikoa hainbat hezkuntza eta ingurumen elkarrezintasunetan datzala, ez dagoela modurik berarekin ia ezertan adosteko edo konpontzeko, gure pentsamodeak bateraezinak direla edonondik ere, elkar izugarri maitatu arren, urteak aurrera joan ahala gero eta, elkarrekiko konponezinak zeharo ez baztertu arren, hobeto konpontzen garela medio ere, berdin hilgo garela: bizitzarenganako ezadostasunean.

Baina beldurrak beldur ezin diot nire semeekin gaizki konpotzearenari eutsi, aginduta diot nire buruari mota guztietako eginahalak egingo ditudala beraiekin nire aitarekin bezala hain gaizki ez konpontzeko, aita bera eredu edo adibide dudala guztiz kontrakoa egiteko nire semeekin eta aldi berean ere gauza askotan berdin jokatzeko ere nire txikitako aita ikaragarri gogoan baitut. Egia esan, ia egunero dut gogoan orduko aita, hainbeste maite, zaindu, irakatsi eta dibertitu egin ninduena, orduko pasadizuak-eta nire biziaren parterik goxoena, kuttuna, hunkigarrienak omen dira (oraintxe bertan hunkintzen ari naizen bezala).

Baia garaiak garai ere ezin dut jokatu orduko gurasoek egin bezala, ez dut haiek izan zituzten eragozpenak eta bai nahi adina astia nire semeekin biziaz gozatzeko. Hala ere, badago egunez egun somatzen dudan zerbait, gero eta jolas gutxiago egiten dudala nagusiarekin, arestiko elkarrekiko jokuak etxeko apaletan gordeta daudela, bere ondoan eseri eta potrojorran egoteko kemena edo galdu egin duda hein batean, sekula ez gogoa. Areago, sumatzen dut ere berak ez duela nire beharrik, nahiago duela bakarka jolasean egin. Eta badakit ere hau guztiau guztiz arrunta dela bera kozkortu ahala, baina hala eta guztiz ere bihozminez pairatzen dut gogoan nituen egitasmoak oso bestelakoak zirelako, auskalo zeintzuk, ez galdetu mesedez, ez dakidala ere nondik eta zergatik datorkidan bat-bateko atsekabe zentzugabeko hau. Goibel nago aspaldi honetan, bai, eta edozein huskeria motibo dela edo errieta egiten diodanean bihotza hausten zain hamaika pusketan, beharbada oraindik ere ez dakidalako aitatasuna bere osoan nola hartu edo jokatu. Ikasbidean nago, bai, bide luze eta malkarra, banoa ere bide horretatin behin baino gehiagotan zoro moduan, ziztu bizian frenua non demontre dagoen asmatzeke. Oraingoan, ordea, nik uste asmatu badudala non dagoen delako frenu hori: beldurra, hori da nire zoramendu alu edo txatxu honen frenua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...