viernes, 9 de mayo de 2014

HIRU ELEKOAK


Hau bai dela eztabaida harrigarria bezain negargarria hiru eleko hezkuntzari buruzkoa, batik bat Zelaa andreak iragarritakoan suertatutako errieta ingelesaren kontura, bere gaineraketak euskarari ez dakit nik zer nolako kaltea eragingo ziolakoan. Harridura eta lotsa ere hein handi batean, munduan zehar zoazela, batez ere herri aurreratu eta batez ere ikasienetara jotzen duzunean, hezkuntza bi hizkuntzatan baino gehiagotan oinarritzen dela asmatzen baituzu atoan, hor dago Finlandiako hezkuntza sistema txit goraipatua (finera, suediera, ingelesa eta laugarren bat ere bai). Izan ere, gogoratzen dut Irlandan bizi nintzela zer nolako inbidia nien ezagun eta lagun nituen suitzar batzuei hiru hizkuntzatan ezin hobeto moldatzen zirelako txikitandik. Areago, hain aurreratuak, edo zeharo atzeratuak, ez diren beste hainbat herrialdetan, gehienetan egia esan, antzera suertatzen da. Senegal aldean, kasuko -eta honek balio dio ozta-ozta Afrika osoari- bertakoek bizpahiru hizkuntza erabiltzen dituzte gutxienez, lehenik euren etniakoa (wolof, peul, sérère, diola, malinké), bigarrenik etnien artekoa edo hizkuntza frankoa, wolof -bai, jatorrizko wolofdunek abantail handia dute, gehienak dira bestalde- eta azkenik eskolakoa edo kulturakoa, frantsesa. Areago, ez zen batere harritzekoa peul, diola eta abarrekoen artean bizi ziren wolofunek bertako hizkuntza ikastea gehienek wolofez ondo asko moldatuagatik. Esan bezala, hau guztiau ezta batere harritzekoa munduko herrialde askotan, baina bai agian hizkuntza politika aspalditikoa duten estatuetan, bereziki Europa aldeko estatu handietan, non elebakartasuna bertute edo bilakatu nahi izan zuten botere zentrala indartze aldera: Franzia jakobinoa maisu eta Espainia eternala ikasle.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...