lunes, 14 de noviembre de 2011

SAUTRELARI AGUR MINA


Konturatu berri naiz SAUTRELA kendu egin dutela ETB1tik, hau da, utzi digutela euskarazko literatura telesaio bakarra gabe. Telesaio benetan beteranoa, Hasier Etxeberria idazle eta kazetari saiatuak zuzendua, ondo asko gainera, nik ez baitut inolako dudarik, inork Hasier gustuko ala ez izanda ere, gure Bernard Pivot apala (apala bere saioaren eragina liburuen salmentetan ez baitzuen alderik frantsesarenarekin). Jakin badakigu literatura saio batek ez duela, ezin duela, audientza handirik izan nahiteaz, margilana izatera kondenatua dagoela halabeharrez. Baina, telebisio publika batez ari gara eta SAUTRELA bezalako saio bat ia ezinbestekoa omen zen, batez ere geurea bezalako hizkuntza bat sustatzeko sortua den aldetik; hori baita nik behintzat oraindio uste dudana, ETB1 euskalgintza sustatzeko, hedatzeko, indartzeko dagoela, ez itzelezko aundientziak lortzeko.

Ez dakit nik ETBren buruek gogoan baduten beste antzeko saio bat bertatik bertara. Baliteke hala izatea saioa goitik behera berriztatu beharra zegoen aitzakiaz edo. Hala ere, ba al zegoen benetan berriztatzekorik? Ez al zebilen azken urteotan bezain ondo, apal, duin eta batik bat dotore? Ez al zituen, gogoz gainera, asebetetzen irakurzale bakanak? Ba al dute asmorik euskal literaturari tarterik uzteko? Ba al zekiten SAUTRELAk eta Hasier Etxeberriak zuten balio sinbolikoa euskal literaturari dagokionez, balio sentimentala bertan hainbat idazle benetan gogoangarriri egindako elkarrizketak ikusi/gozatu egin ditugunontzat (Lete, Lobo Antunes... ordainezinak). Beharbada ez die axola SAUTRELA bertan behera uzteko erabilitako argudioak oso bestelakoak baitira, ez kulturalak politikoak baino, beharbada hauek ez dute zerikusirik euskal literaturaren sustapen edo hedapenarekin, beharbada gaur egungo ETBburuek gogoan dutena oso bestelako berregituraketa asmo zabal edo sakonago batzuekin elkarlotuta dago SAUTRELArena; politika hutsa, zikina, zaharra errotik ezabatzeko gogoa ezerezetik zerbait berri eta agian "zuriago" eraikitzeko asmotan, lehengoekin inondik ere identifika ditzaketen aztarnen bila.

Auskalo! Badakit ere oraingoek badutela eskubide osoa ETB euren gusto edo asmoetara bermoldatzeko. Baina, aizue, telebisio bat bada ere enpresa moduko egitura bat, hiritarrontzako enpresa publikoa, eta oraingo ETBren ikusle emaitzak ez dira batere onak aspaldi-aspalditik, oso makalak baino, egia esan, azken hilabeteotan ETBren audientzia maldan behera doa etengabe euskaldungoa ez baitago gustura, eroso, programazioarekin, ez du asebetetzen eta bost axola niri motiboetan politika edo alderdikeria tarteko den ala ez. Pena, oso pena handia ematen dit halakorik aditzen dudanean euskaldunok oso komunikabide eskasak baititugu eta badirudi kontsumitu beharrean gaudela nahitaez, batez ere ez egitekotan erdarazkoetara jotzen dugun aldetik geurea murritzean utziz.

Horregatik nik uste hain garrantzitsua, premiazkoa, dela badadabilenari eustea ezer berririk sortu edo asmatu baino lehen, asmakerietan ibiltzea pribilego hutsa baita erdarazkoenentzat, baina ez euskarazkoentzat, berdin dio SAUTRELAk zaharkitua ematen zuen ala ez, edo oraingo ETBburuek Hasier Etxeberria batere gustuko ez zuten, begitan hobeto esanda, aurreko "Errejimenarekin" identifikatzen baitzuten. Gainera, horrela izan ezkero ezin nabarmenago ETBburu berriek "txikitan" petsatzen dutela, areago, etxekalte amorratuak direla.

Edonola ere, honainoko guztiak badu zerikusi zuzena eta bakarra berria aditu eta gero harrapatutako haserrealdiarekin soil-soilik, ez besterik. Hori dela eta, zerbait serioago esatekotan, galdetzekotan, Gorka Bereziartuari Argiaren webean leiturikoa litzateke, ezin zorrotzagoa delakoan:

Galdera gehiago: literaturari buruzko saiorik ez, baina artzain txakur lehiaketak ikusten segituko al dugu ETBn? Literaturari buruzko saiorik ez, baina erlijio katolikoari eskainitako programak jasaten jarraituko al dugu telebista publikoan? Literaturari buruzko saiorik ez, baina programa beraren goiz, eguerdi eta arratsaldeko errepikapenak bai? Kontua ez da berria, hori ere egia da, eta tristea da zenbaitzuen kritikak ikustea, ematen baitu egoera orain bihurtu dela kezkagarria, audientziak behera doazenean; eta ez duela, demagun, hiru, lau, bost urte, programazio arrunt eskasa edukita ere pantaila-kuotatxoa nola hala mantentzen zenean.

Niri aldetik, gauza bakarra dut nire buruari galdetzeko, baina ez al dago albiste onik aspaldi honetan, den-denak halakoak izan behar eta gainera erreskadan?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...