sábado, 5 de noviembre de 2011

ZAPATU GOIZ EURITSUA




Zapatu goizean nagusia saskibaloi entrenamenduraino lagundu dut, euria mara-mara, eurijasa, aspaldi-aspaldiko ekaitza, eta bazen garaia, udazken minean gaude eta gaurdaino euri-langarra baino ez dugu pairatu. Bart, ostera, egundokoa igaro dugu, ia gauero bezala eta beti-beti kakanarru berberaren erruz. Hala ere, ezta gauza bera nik umearekin lo egitea bere ohetxoan estu eta larri ala bere amak. Amak gaua berarekin ohetxoan pasa izan orduko zer-nolako umore petraldua biharamuneko, bai musturraldi handia, egun osoan betosko eta batik bat nirekin, ez dakit nik zeren errudun -ez baldin bada umearen haurdun utzi izanaz, bai pekatu larria eta gainera berak gutiziatua- bainintzan.

Izan ere, goiza petrala, laztana bezainbeste, eta nagusia euripetik etxe inguruko entrenamendura eroan eta gero kiroldegiaren aurreko kafetegi batera sartu egin naiz egunkaria besapean. Laster jabetu naiz sosik ez nuela, diru-zorroa etxean ahaztuta. Orduan nire laztan erresuminari hotsegin behar, bai komedia handia nire mobil berriaz berarekin ulertzeko, ezin nuen tutik aditu, berak deia itzuli eta nik ezin eutsi, alperrik. Honezkero zain egon naiz orduerdiz edo, ez nekiela nora begiratu besterik ezean, eta kotxez gerturatutakoan behin berriro errietan ez zekielako non aparkatu, betiere egundoko errietak egin ohi dizkit-eta urduri edo jartzen denean, gauzak okertzen zaizkionean neskatoari, badirudi ez duela topatu ni baino zartako-zorro hoberik.

Edonola ere, kiroldegira sartu gara hirurok Mr kantxan ikustearren. Goxatu dugu gure semea baloiari atxikita jirabiraka zein antxintxika ari zela ikusiz, zeinen pozik eta harro zegoen gu bertan geundelako, zeinen gaizki jaurtitzen zuen baloia saski barrura. Eta goxatu egin dut nik neuk ere aspaldiko partez saskibaloi zelai batera joana ez nintzelako, behiala hain sarri eta larri joan eta gero. Eta oso gustura egon naiz, itzel, Mr.i begira sakian sartzerik ez zuela ikusita ere, oso txikia da oraingoz, baina auskalo hurrengoetan zer gertatuko, baliteke datorren hamarkadako Gasol berria bilakatzea. Niri bost, jakina, bera pozarren dagoela jakinda ni areago, horretarako joaten baita egubakoitzero zintzo-zintzo, ondo pasatzera, besterik ez. Hori bai, noski, ea noizko Baskoniaren jantziaz doan, ea Gasteizen behingoz elkarrekin goazen munduko saskibaloi talderik hoberena ikustera, ea gauza naizen etorkizunean saskibaloian egingo dituen partidu guztietan azaltzeko, ea idatzia betetzeko gauza naizen Mr. koskortutakoan ere.

Eta ezin gusturago etxera bakarrik bueltatuta, gainontzekoan amasorginanerantz joandakoan, goizeko atzeneko errieta egin eta gero, berehala telefonoz barkatzeko eskatu eta gero, oraingoan benetan asaldatu egin bainaiz, T.ri ahaztu ohi zaio, baina nire egonarria hain handia izanda ere, beti omen dago ezustean milaka zatitan puskatzeko arrisku larria, ez naizela saindua, eroan handikoa baino. Dena dela, arratsalde osoan etxean goxo-goxo ordenagailuari atxikita pasatzeko parada ezin hobea hain gogoko dudan youtubean murgilduta, gutxienez T haurrak bere gurasoen eskuetan utzi eta herritik nigana zapatu gaua parrandan edo pasatzeko itzuli arte. Banuen gogoa, bai, idazlan bat borobiltzeko; baina, tira ba, zertarako, nahi adina denbora dut hurrengo egunetan, egia esan, gauzak hain oker dauden, ezen besterik ez baitut: denbora.

Eguraldiak ordea berdin dirau: euria ari du mara-mara hor kanpoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...