Urteko astebeterik luzeena duda izpirik gabe nire amaginarrebarenean, oporren bestaldea sorterritik bueltan, ezin ezer esan nire emaztea egon delako nirean bi astebete luze ere, gure egiazko etxera itzultzeko irrikan egonagatik, hemen oinpuntetan ibili ohi bainaiz etengabean, badaezpada, beti badaezpada eta ezin erneago ere sorginzuloko etxekoandrearekin iskanbilarik ez izatearren edozein huskeria izan daitekeela kausa. Aitzakia ordea sorginzuloaren ingurumarietara txangoak egitea omen zen. Zoritxarrez euria aritu zuen atzo eta herenegun, zuloan geratu behar. Areago, etxekoandreak herriko hainbat bizilagun zein beraneanterekin bazkaltzeko gonbidatu zigun, madrildar batzuek paella erraldoi bat prestatu nahi zuten eta. Eta bazaude, noski, ezagun ez duzun jendeartean ezin galduago, jende atsegina jakina baietz, baina hala eta guztiz ere ezin lekuz kanpoago zer esan edo zer egin ez dakizulako, ez baitakizu asmatzen zer esan edo zer egin, izugarri kosta egiten zaizulako ezer irizpidera ekartzea besteok zuri batere erakartzen ez zaituzten gauzez ari baitira hitz eta pitz, etengaben; niri behintzat autoak bost axola. Eta ez diozu, jakina, zure aldamenean zabaldu egin den solasbideari ekin nahi gaia eguneroko politika baita ez badakizu ondo asko sartzekotan laster berotuko zarela zurekin eta batez ere zure ikus/pentsamoldeekin zerikusirik ez duten lagunek inguratutik zaudelako, nolabait esateko munduko arazoak aurrekoari jipoika konpontzen direla uste dutenetarikoak eta bertako gehienak katalan zein euskaldunen errua direlakoan daudenak noski baietz, ez duzu inolako istilurik sortu nahi betikoaren kontura sorginak eta bere sorginkumeak gero betoskoa ipini ez diezazuten. Horrenbestez, baiezka zein ezezka egon zara bazkalordu osoan zure inguruko galderei soraio. Orduan, hiru platerkada paella irentsi eta gero, sukaldarietariko batek bazkaltzeko ere txerrimuturrak daudela iragartzen du. Burua galdu nuen, aitortzen dut, nik barruki-hondakinak eta itzel estimatzen ditut eta. Eta orduan bai, orduan platera auskalo zenbat bider txerrimuturrez bete eta gero, banuen nire mahaikideekin solasean egiteko hitz aspertu pila. Denetarik solas egin genuen barrukien kontura, baina nire gai nagusia arkume hanka/patorrilloak izan ziren, beharko, hori baita barruki kontuetan gustukuen dudana. Luzaz mintzatu ginen, luze eta goxo, baten batek Bosnian egon zeneko bildots hanka batzuk ere aitatu egin zituen sekula goxoen dastatukoa bailitzan. Eta bai, orduan ere eztarriratutako ardo ia mingotsa goxo eta oparo bilakatu egin zen otorduarekin batera. Hori da hori tripazorro baten mentura, bera bezalako beste batzuk topatzea ustekabean, tripontzikeriak denok lagun eta batez ere hiztun egiten bagaitu. Tamalez ere, jatun onak ez garenok tripazorri hutsak baino, badakigu zein izango zen gure penitentzia. Ez dut lekurik, ez gogorik, gaur gaueko tripa sufrikarioren nondik norakoak feisbukeratzeko. Izan ere, nik esango nuke txerrimuturrena norbaitek prestaturiko sorginkeria garbi-garbia izan zela aspaldi-aspalditik niretzat propio asmatua behin baino gehiagotan aitatu egin baitut hemengo astur tripakiak eta zer nolako gustukoak ditudan.
viernes, 16 de agosto de 2013
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario