viernes, 9 de agosto de 2013

LAMIA BAT IKUSI NUENEKOA



Esan bezala, Arboleto aldetik gindoazela eta nire haurrak bertan behera gelditzeko esaka ari zirela, erretxindu eta popatik hartzera bidali eta ni bakarrik abiatu naiz Infierno ibai, erreka edo errekastoa zeharkatzeko harrizko zubirantz, non jendeak bainua har dezan putzu, sakon eder eta batez ere hotz bat dagoen. Bertara iritsi eta burua basajaun, sorgin eta lamiez gainezka neramala zera begitandu egin zait uretan murgiltzeko prest zeuden hiru gaztetxorekin topo egitean ustekabez. Baietz ba, lamiak eta bertako “xanak” ibai ertzetan bizi diren ile luze ederreko neskato pertxentak direla, baina igel hankarik ez, nik behintzat ez dizkiot ikusi arrokaren gainean zegoen neska biluziari, ez eta laguntzen zioten bi “trasgu”ei ere, trasguak baino ezin zirela izan, txikiak eta bihurriak, “xanari” putzuan murgiltzeko etengabe erronka botaka ari ziren nerabe argal eta lizunak. Aitortu beharrean nago arnasestuka iritsi naizela, bai, zubiaren pareraino, nahikotxo aztoratuta nire familiari muzin eta purrust egindakoan, bero sapak txanoa eta gogoa ere zulatzen zidala, bizkarra makur-makur eginda bidexkako azken txanpa besteko, nekaldia nolabait merezi zuen zerbait topatzeko irrikan edo. Eta bai, bazen alderdi ikaragarri ederra, liluragarria, benetan amets egitekoa, ur-jausi txikia, erreskasto garden-gardena, inguruko basoak zein mendiak bezainbeste, eta jakina, bat-bateko topaketa hori astur-mitologiarekin. Sinetsia nintzen ni halako topaketak edo irudikapenak nola edo hala lotuta zeudela tokian tokiko jende xeheak hainbat gauza arraro edo berezi azaltzeko edo adierazteko aztura zaharrekin, antzinakoek ulertzen ez zekitena azaltzeko istorioak edo mitifikazioak baino ez zirela, gehienak beharbada ere zenbait perretxiko edo edabe irentsi eta gero. Gaur goizean asmatu dut ezetz, mitologia aparteko aitzakia dela gauzak nolabait ederresteko. Esaterako, gaur goizekoan ere zubitik bueltan zure emazteari hiru gazte larru gorritan ikusi eta hirurotariko bat liluratu, kilikatu eta guzti egin zaituen neska baten gorputz eder eta liraina zela ez aitortzearren. 
-Zer moduz hor goian?
-Ederto, badaoz ur-jausi eta bainatzeko putzu bat.
-Nahi al duzu denok joatea?
-Ez, laga, laga, gainera lamia batekin eta bi trasgurekin topo egin dut.
-Lamia bat?
-Nik uste baietz, baina ez naiz igel-hankak zituen egiaztatzeko ikustera ausartu ondo asko dakidalako lamien begiei zuzen-zuzen begiratzekotan harrizko bilaka zaitzakete, hori edo antzeko zerbait, ez dakit.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...