sábado, 9 de julio de 2011
SANFERMIN-MINA
Sanfeminetan gaude, eta urtero bezala ere akorduan aspaldiko parranda alaiak, mozkor zoroak, aje basatiak... Urtero bezala gaztetako oroitzapenen mende, urtero bezala bero sapa edota kalimotxo usaina gogoan, urtero bezala ere bizi izandako pasadizu sorta hizpide.
Baina ikusi dut Udaletxearen plazan pilaturiko jende andana zuriz jantzita eta lepoan zapi gorria, ikusi ez, sumatu ditut barre-algara eroak, isuritako txanpai kiratsa, txanpai itsakor eta irristakor alua, kukuxumu-mamuak-eta nonnahi, ikusi ditut urtero bezala giriak delako iturri famatutik behera zoroan oldartuz, ikusi ditut lurrean mozkor-mozkor etzanda bazeuden aurrenekoak, ikusi eta entzut ditut urteroko entzierroen gorabehera hutsal eta aspergarriak, kazetariek urtero egin ohi dituzten berriketa memelak edozein huskeriaren kontura, hainbat iruinsemeren gehiegizko harrotasun lotsagarria, hainbat iruinsemeren bizi gabezia nabarmena, arima Sanferminetan bakarrik berpizten zaiona edo.
Ikusi dut hau guztiau eta gehiago, eta zer nahizue esatea, ia dena berdin didala dagoeneko, hotsa, ez dudala inolako gogorik giza aldran murgiltzeko edo aspaldiko atxur itzel haiek berriro harrapatzeko. Badut, bai, gogo ikaragarria nire betiko lagunekin egoteko, orain dela astebete hutsa egon bezala bestalde. Baina, heldu naiz, zaharkitu naiz ezinbestean, eta ez dut nire burua Iruña zaharreko karriketan gora eta behera bi maritxo mozkor batzuen atzetik korrika jertseia berreskuratzeko, ez eta bertako tabernetan zerbitzariekin liskerretan edo haiengandik ihesi kuadrilako batek auskalo zer-nolako bidegabekeria egin duen mozkortzen den aldiro bezala, ezinezkoa zela berarekin edonora joan eta norbaitekin tirabirarik ez izatea. Ez dakusat nire burua barraka politikoetan edozein pitokeriaren kontura eta edonorekin hizka-mizka, ez dut gogoratu ere nahi koadrilako batek egin zuena behin batean, hain gose omen zen gaixoa...., ez dut ikusten ez auskalo nongo iturrira eta nork bultzatuta goitik behera blai eginda, ez eta lagun edo ezezagun batzuen konpainian galduta ere Iruña zaharretik bueltaka ea topatzen dugun irteera delako entzierroa hasi baino lehenago. Are gutxiago begitantzen zait nire burua Iruña inguruko auzo baten jardinean etzanda lo. Eta jakina, hemen ez dut inolako aipamenik egiten sanferminetan nesketan saiatzen ginenekoa, ez du merezi, ala hobeto esanda, ez naiz gogoratzen eta agian hobe, patetikoetan patetikoaz mintzatzeko ere...
Halare, badut gogo bizia ere Sanferminak direla-eta, Sanferminetaz zeozer irakurtzeko, eta aitortu beharrean nago inoiz ez bezala goxatu egin dudala Patxi Irurzunen Cuentos Sanfermineros liburuaz. Egia esan, goxatu dut sekula ez bezala Hemingway txit famatu eta maneiatuaren Fiesta eleberriak itzel gogaitu egin baininduen, iparramerikar supermatxo mozkorraren liburu gehienen antzera bestalde. Eta Patxiri eskertu beharrean nago bere blogean azaldutako literatura sanferminerari buruzko artikuluan deskubritu izana badaudela jaiotan girotutako beste liburu batzuk, saiatu naiz beraz kosta ahala kosta liburu horiek eskuratzen lehenbailehen, beharbada datorren urtekoetan nire erbestean edo gurasoenetik lasai asko, hau da, liburuok eskuartean, gazteagotan liluratu eta gogotik asetu ere egin ninduten jai maitagarriok goxatze aldera.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario