Zuek gazteok ez omen duzue jakingo, ez omen dizute irakatsi, beharbada gaur ia inork halakorik gogora ekarri nahi ez duelako; baina, duela 25 urte ETAk Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzi eta PPren alkategaia tiroz erail zuten taberna batean zegoela. Garai hartan ETAk sufrimendua "soziabilizatu" nahi zuen, hau da, sakabanatu, hedatu, barreiatu, betiere eurek ez bezala pentsatzen zutenak, eta Mafiaren zein inoizko faxisten antzera, negoziazio mahai batera eseri araztearren, makurraraztearren.
Biharamunean ni fakultatean nengoela, euskarazko adarrean, Donostiako ikaskide/gelakide bat azaldu eta, Ekonomiaren Historia irakasleak Ordoñozena zela eta eskola bertan behera utzi eta alde egindakoan, zera bota zuen ikasgelan geundenok aditzeko argi eta garbi, ozen, erdara garbian: "Hace ya tiempo que se tenían que haber cargado a ese hijoputa."
Jakina, hura ez zen lehenengoa, ez eta azkenengoa ere, basapiztiek inguratuta bizi ginen, basapiztiei aurre egiten hasi ginen, basapiztiekin ez zegoen ezer egiterik, basapiztiak ezer baino lehen piztiak ziren eta. Gaur egun oraindik ere orduko basapiztiek halako gauzak gogoratzen ditudanean muzin egiten didate; ez dudala ahaztu nahi, ahazten ez dakidala, gorrotoak itsututa nagoela leporatuz.
Garaiak dexente aldatu dira, bai noski. Hala eta guztiz ere, ez dago ahazterik, zeren eta ahaztekotan ez gara sekula gaurko eta biharko basapiztia zaharrak zein berriak bereizteko gauza izango.
No hay comentarios:
Publicar un comentario