martes, 16 de septiembre de 2014

HUTSUNEA


Hutsunea, hori da begitantzen zaidana ezinbestez gure larrainean nire gurasoenera iritsitakoan. Abuztu hasieran hil zitzaigun Izar, etxeko txakurra, eta harrez geroztik edonon eta edonoiz sumatzen dut larrainera irteten naizela. Izan baditugu hamaika txakur urteak joan ahala, Azkar, Beltza, Larri, Eki..., denak hil edo joan egin ziren. Izan ere, esan liteke batzuek besteak ordezkatu egin zituztela eta alde horretatik gure etxean ez zen sekula inolako hutsunerik egon gaurdaino. Oraingoan bai, ez da beste txakurrik gure etxera sartuko, nire gurasoak heduegiak, zaharregiak ei dira txakur baten haziera edo ardurari aurre egiteko, demaseko lana. Egia esan, aski dute euren ajeei aurre egitearekin. Gauzak horrela izanda, hau da, etxe inguruan nagusitutako huts gorgarriari erreparatuz, nola ez hartu gogoan datorren sasoia ere hutsarena izango dela. Dena begitantzen zait hutsagoa, betzagoa, hitsagoa. Etorkizunaren beldur naiz ezer onik antzematen ez baitiot, arlo guztietan gainera, The Selecter talde britaniarraren kantuak zioen bezala, "every day things are getting worse", hau da, Hertzainaken bertsioan "egunero dena okerrago", Ezin ideia hori gogotik kendu gaur bezalako egun batean, dagozkigun berrien aurrean, dena amiltzen ari zaigu gure oinen azpitik edota behinik behin laster egiteko mehatxua hor dago. Ezkortasunak jota, bai, iraileko zapatu arrats eguzkitsu batean eta inori argibiderik emateko gogorik ez. Baliteke ere bihar animoa guztiz bestelakoa izatea; baliteke. Bizente Serrano Izko lagunari leitu berri diodanez: bizitza arazozeanoa omen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...