Zonbizale amorratua dut bizilaguna, bai, zonbiei buruzko oro atsegin du eta, ezin esan zenbat zonbi pelikula ikusi ditudan azken urteotan. Ez ditut atsegin, egia esan ez ditut atsegin beldurreko filmak, gaizki, larri, pasatzeko eguneroko hainbat eta hainbat gauza, eta besteak beste familia otorduak, gertuago, eskurago ditut eta. Gainera, gehienak ikaragarri aspergarriak begitantzen zaizkit, ezin errepikakorragoak (hemen salbuespen bat, duela aste batzuk nire bizilagunak ikusten behartu ninduen "Nire mutil-laguna zonbi bat da" -Warm Bodies- filma, benetan xelebrea, azkarra eta ezer baino lehen barregarria, merezi du, bai horixe, jeneroa batere gustuko ez izanda ere, edo batez ere horrexegatik parodia fin-fina den aldetik) Hala ere, baldin badago nire laztana bezalako zonbizaleen artean jeneroaren gorenekotzat hartzen dutena hori da Walking Dead telesaila. Ez dakit noiz ematen hasi ziren, betiere muzin egin diot ikusteari, ez bainuen batere gogorik gauean zonbiak eta ikusteko, eguneroko albisteetan agertzen diren Barcenas, Rajoy, Rosa Diaz eta enparatuekin nahikotxo ez bagenu bezala. Izan ere, sekula ez dut inolako gogorik izan nire gaueko aisialdia holako txorakerietan alperrik galtzeko gauza benetan atseginak, dibertigarriak, ikusi beharrean.
Alabaina, joandako asteburu luze honetan, eguraldi kaxkarra eta nire bizilagunaren ondoeza tartean, eta telebista aurrean ezer mamitsurik elkarrekin ikusteko ez genuenez gero, nire laztanak delako telesaila hasieratik ikusteko ahalegintxo bat egiteko eskatu eta, hara, ia lau denboraldi oso-osorik eta hurrenez hurren ikusi egin ditut haren aldamenean etzanda. Ikaragarri ona da telesaila, egiatan, itzela, ezin hobeto eginda eta oldoztua -hemen, jakina, aditza ezin aproposago hautaturik-. Gidoia benetan mamitsua, antzezleak nor baino nor hobe, pertsonaiak nor baino nor interesgarriago, mamitsuago, poliedrikoago. Izan ere, telesailean gutxienekoa zonbiak dira, aitzakia hutsak aparteko gidoi bat garatzearren. Horrenbestez, benetan erakartzen duena pertsonaien arteko harremanak zein aurre egin behar dieten egoera edo bizipen gero eta petralagoak ei dira.
Hala ere, aitortu beharra dago zonbiak ere edonon eta edonoiz azaltzen diren aldetik telesaila ikusterakoan sustorik susto, ezustekorik ezusteko, jauzika aritu zarena. Hori dela eta nola ez izan gogoan ditxosozko zonbiak etengabean, batez ere ohera zoazela. Niri behintzat txikitandik suertatzen zait beldurrezko filmak eta ikusi izana eta jarraian loa amesgaizto izatea. Egia esan, eta gauza gehienetan bezala, berebiziko konpultsiboa naiz, hortaz zer edo zer gogoan sartu eta handik ezin atera ozta-ozta, hau da, Walking Deaden ia lau denboraldi osoak ikusi eta gero dohakabeko zonbiak edonon edo edonoiz atzematen ditudala. Esaterako atzo eguerdian eskolara haurren bila kotxez joandakoan, etxera bueltan presaka gindoazela semaforo gorri baten ondoan geldi, zain, geunden, eta halako batean, bat-batean, agure gaixo bat, enbolia batek jota edo oinak herrestaka. Semaforoa, noski, berde jarri eta agurea artean eta ezari-ezarian aurreko espaloira heltzeko bide erdian narras-marras. Hargatik, ezin asma zer sartu zitzaidan buruan une hartantxe: bai, kotxetik jaiki, maletategitik erreminta bat hartu eta agurearen buruan telesaileko zonbiekin bezala egitea... Bai, pentsatzea ere astakeria galanta, zer nolako begiramendu eskasa elbarri batekiko, lotsatzeko modukoa. Aitortzen dut, hori eta hainbeste telebista ikusteak ezer onik ez dakarrela, telesailak erreskadan ikusteak adimenari kalte baino egiten ez diola. Bai noski, demaseko telebista, zeren eta gero gauean bertan telebistako albisteei adi nengoela Gallardon agertu baitzen eta zer uste duzue begitantu zitzaidala?
No hay comentarios:
Publicar un comentario