Itsasoak birrindu egin du Asturias
kostaldeko herri batean zegoen Txibia
Erraldoiaren Museoa. Museoa moilaren
bazter batean kokatuta dago, labar
baten azpian kaira sartzen den itsasora
begira, espoloi mehar baten erdian,
olatuak nasara sartu orduko oldartzen
diren harresiaren ondo-ondoan. Museoa
eraiki zuen enpresaren arduraduna
lagun dut, eraiki ahala berak ere maiz
esan zigun gaizki kokatuta zegoela,
herriko marinel guztiak eskandalizatuta
zeudela, ezin zela leku hartan ezer
eraiki itsasoak izugarri gogor jo ohi
baitzuen maiz, hots, urtean hainbat
aldiz, batik bat negu partean. Herriko
agintariek, ordea, guztiz kontrakoa
ebatzi zuten, noski, gogoan zuten
museoa bertan baino ezin zela eraiki,
ezinbestez, kokapen aparta zelako
turismoa erakartze aldera, herriko
edozein aldetatik ikusgarria baitzen,
bestela akabo, turistak etorri eta begi
bistan ez izatekotan paso egingo zuten
eta.
Larunbat gauean olatuek birrindu egin
zuten delako museoa; baina, okerrena,
deitoragarriena, lehendabizikoa ez zela,
bigarrengoa baino. Eta badago, bai,
jakina, pasadizo honen inguruan
dexente jorratzeko, batik bat
orokortzeko. Alabaina, merezi al du
besterik adieraztea? Nork bere kontuak
atera ditzala.
*Beheko argazkia, portzierto, ezta joandako zapatukoa, ezta aurtengoa ere, oso aspaldikoa baizik, hots, herriko marinelek ondo asko ezagutu zutenekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario