jueves, 20 de octubre de 2016

Egiazko idazlea (HIRUDIA - BERRIA)

2016-10-20 / Txema Arinas
N
ola izango naiz ba idazlea...», galdetzen zion Juan Luis Zabala zutabekideak bere buruari bere aurreneko artikuluan. Horrez gain hainbat motibo azaltzen zituen bere burua aproposko idazletzat baino ez hartzeko. Pozarren zegoen Juan Luis aproposko idazlea izateko aukera baitzuen nahi zuenean. Ez nau batere harritzen, ez, nire zutabekidearen aukerak, egiazko idazlea izatea oso gauza itsusia baita.

Egiazko idazle bat izateko Juan Luisek berak aipatzen dituen ezaugarriak bildu beharrean zaude ezinbestez: «Erudizioa, haien iritzien sendotasuna eta sakontasuna, haien begiraden zorroztasuna». Nik, aldiz, beste ezinbesteko baldintza batzuk ere gaineratuko nituzke, gehientsuak ez oso atseginak.

Egiazko idazle bat izateko zure obrari baino ez baitiozu erreparatu egin behar, zure egunerokotasunean inguratzen zaituen oro soberan balego bezala. Egiazko idazle bat izateko zure lana guztiz originala, bakarra, premiazkoa, erabatekoa dela uste behar duzu zin-zinez, bestela zer dela eta idazteari ekin. Egiazko idazle bat izateko ahoa irekitzen duzun aldiro zure albokoak aho zabalik uzteko propio dela onartu behar duzu; berdin dio egundoko kaikukeriak botatzen dituzun, egiazko idazlea izanda zure ahotik ateratzen den orok hamaika irakurketa izango baititu zure jeinuaren ajea delakoan. Egiazko idazle bat baldin bazara zure hitz, iritzi eta zirkin guztiak etengabe eta ekinaren ekinez azaldu eta zurituko dituzten kazetari, irakasle edo miresle andana izango duzu zure inguruan. Egiazko idazle bat baldin bazara gainerakoen ahotsak lapurtu ahal izango dituzu, nire aurreko artikuluan Danele Sarriugarte zutabekideari erantzun bezala, eta inork ez dizu lapurra edo iruzurtia esango, jeinua baizik. Egiazko idazle bat izanda aproposko idazleak mesprezatzeko aukera, eta beharbada eskubidea ere, izango duzu, eta inork ez dizu ondamutsu hutsa zarela leporatuko. Egiazko idazle bat baldin bazara zure herria gogotik kritikatzeko zein zure herrikideen bizioak edo akatsak agerian jartzeko eskubidea izango duzu, baita azkenon bizkar barre, iseka edota irain egiteko ere.

Izan ere, denok zure kontra jartzen baldin badituzu Thomas Bernharden ezpalekoa zarela esango dizute, baliteke zenbait sari ematea ere, eta gainera irakurle suharrak izango dituzu, beharbada zure idazkera zurruna, astuna, urruna ezagutuko ez dutenak, baina bai ordea zure zirtoak zein eskandaluak biziki maitatuko dituztenak. Dena dela, ez baldin bazara tokian tokiko Thomas Bernhard, hau da, egiazko idazle bat, kosta ahala kosta nabarmendu gura duen potrozorritzat hartuko zaituzte.

Hala eta guztiz ere, badago arrisku handiago bat egiazko idazle bat izatekotan: bihur zaitzakete zure herri edo hizkuntzaren ikur gurgarria, hau da, herri edota hizkuntza txiki guztiek izan ohi duten idazle ikonikoa, Frederic Mistral, Czeslaw Milosz, Ismael Kadare, Janos Arany, Jaan Kross edota Atxaga/Saizarbitoria bezalakoak.

Ezaugarri guzti hauek ezinbestekoak dira taxuzko idazle bat izateko noizbehinkako irakurle gehienen begien aurrean behintzat. Halere, egiazko idazle bat izateko badaude beste ezaugarri batzuk guztiz premiazkoagoak irakurri ohi ez dutenendako ere: liburu asko saldu behar dituzu edo gutxienez zure liburuak merkatalgune handietako erakusleiho edo mahaietan ondo ikusgarri izatea, txukun-txukun.

Azken ezaugarri edo baldintza guztiok omen dira egiazko idazle bat izateko, bai horixe. Tamalez, egiazko idazle bat izanda ere gaurgero ezta Literaturaren Nobela eskuratzeko nahikoa ere izango, literatura liburuetatik hegaldatu baita, auskalo nora, egunkarietako zutabeetara, sare sozialen hormetara, Pop musikako izarren kantutegietara edo komunetako hormetara omen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...