jueves, 19 de septiembre de 2019

AMAREN ESKUTIK


Honatx gure haurtzaroari buruzko ipuintxo bat Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailerako:

Ikusten dut nire burua arineketan gure amaren eskutik oratuta, eskolara bidean. Etxetik berandu irten gara, ohi bezala. Baina, ez da harritzekoa, amak dena bere gain hartzen baitu, sukaldeko lana zein ni atondu beharra, kalera dotore eta prest irtetearren. Gure aita, ordea, lantoki aldera ihes eginda dago duela ordubete edo. Egunean baino egunean aztoratuago iristen naiz eskolara, gehienetan arnasestuka eta maiz ere narrasean amaren eskutik ozta-ozta. Ez dut batere atsegin eskola. Egia esan gorroto bizia diot eskolari bertan egunetik egunera topatzen dudan hainbat irakasleri hain zuzen. Bai, Txusma izengoitiko irakasleaz ari naiz, pairatu behar ditudan irakasle zakar eta larru-sendo guztien artean egiazko basapiztia, sasiko galanta, nire aitak usu esan bezala, bere nagusia hizpidera ekarrita. Beldurrak nago betiere haren eskoletan. Mate eta Natura irakaslea dugu Ikasgai gogorrak, bai, agian gehiegi, ni bezalako umemoko batentzat, natura eta marrazketa gurago ditudan aldetik. Txusmak ikasleok jotzen gaitu etengabe eta eskuaz zein erregelaz, balizko okerrak edo hanka-sartzeak aitzakia beti. Hala eta guztiz, ez naiz ni Txusmak gehien jipoitzen duen ikaslea. Izan ere, badira nire ikasgelan Mate edo Fisika gaietan arrats dorpeagoak diren beste haur batzuk, hilero hiru suspentsotik gora ateratzen dituztenak, horiexek izaten dira Txusmaren egur gehiena jasotzen dutenak, erregelaren bidez zein maiz ere zartakoka. Besteak beste, Olarte kakanarruak, notarik kaskarrenak ateratzen dituen koitadua, hainbeste egur jasotzen du Txusmaren bitartez ezen Arotza eta guztiz esaten baitiogu, doi-doi barre zantzoka. Inoiz ezin gara fio irakasleak bere biktimari ezustean jaregin, gugana betozkoa jarrita jiratu eta bere erregela aluarekin ala eskuarra zabal-zabalik eta txora-txora eginda gainerakoei nahi beste egur ez ote dien emango. Behin batean ordea, Olartek auskalo zertan huts egin zuen, arbeleko eragiketa baten aurrean berari adar joka ari zen Txusma gorrotagarria bere ustez gure ikaskide asturugaitzaren ohiko ezgaitasunaren kontura. Agidanez, egun hartan ere Txusmak ez zuen aski Olarte denon artean hitzez lotsaraztearekin eta kokoteko bat eman zion. Orduan, Olartek ezin zuen gehiago pairatu eta bera ere hain kakanarru eta guzti izanda ere, irakasle ñarro herragarriari oldartu zitzaion ukabilka. Gu denok aho bete hortz geratu ginen. Olarte ikastetxetik bota zuten hilabetez, noski. Arotza kankailua bezain ausarta omen da.
-Martin, arren, berandu goaz eta! –errieta egiten dit amak tipi-tapa ibili beharrean tirriki-tarraka noalako erlojuari erreparatzeke.
Denon antzera, ni ere Txusmaren beldur naiz. Gaurdaino behintzat ez dit egur handirik eman, ez. Bizpahiru aldiz bakarrik jo nau eta ia beti asteroko ditxosozko kalkulu kontuengatik, oso urduri jartzen bainaiz ahozko zenbaketak eginez. Askotan ere Txusmak azkarregi egiten ditu eta oharkabean edo trabatzen naiz emaitza ezin hobeto jakinda ere. Behin batean, niri begira zegoela, zorrotz bezain errukigabe, kalkulua berriro egiteko agindu eta berriro ere zuritan geratu nintzela egundoko belarrondokoa eman zidan astapotro herragarri horrek.
-Aizu, ama, zer dela eta dago hainbeste jende aurreko semaforoaren ondoan? – galdetu dut, ikusirik ama mordoa dagoela euren haurrekin eskutik oratuta eta argi berdearen zain, errepidearen bestaldera pasatze aldera. 
Alabaina, baldin badago benetan, hau da, gogotik inoiz mindu egin nauena, hori ez zen izan neuri emandako inolako zartakorik eta erregelakorik, baizik eta behin ere Txusma nazkagarriak adiskide dudan Joseani egin ziona. Natura eskolan geunden eta Txusma alu hori galdezka ari zen landare mota ezberdinen izenez. Joseanen txanda zen, klorofila gabeko landare baten izena eskatu zionean. Joseanek, berriz, ideiarik ez. Nik uste Josean gaixoa zuritan ere geratu zela, niri behin baino gehiagotan suertatu bezala Txusmaren aurrean, hau da, beldurrak hartuta.
-Zein landare motak ez du klorofilarik, zein landare ez da gehienen modura berdea?
 Txusma odol-gose txikerra bezain gizena eta burusoila, Josean xalo, argal eta sudurluzearen musutik gero eta gertuago deiadarka. Josean gaixoa, haatik, gero eta zurbilago. “Txanpi, txanpi, txanpi…” kantuka hasi zen eskola ematen zigun basapiztia txaparra. Berarekin bat, kantuan egin genezan eskatu zigun gainontzeko ikasleoi. Denok batera “txanpi, txanpi, txanpi” egin genezan esku altxatuez animatuz. Eta bat-batean, ezustean hobeto esanda, ikasgelan harrabotsa nagusi zela, irakaslea Joseanen buru gainean kolpeka hasi zen bere bi esku ahurrez, oso amaigabekoak begitandu zitzaizkidan hainbat minututan. Orduantxe bai, estreinakoz nire bizitzan gizabanako baten heriotza desiratu nuen.
-Zer gertatzen da, nora zoazte denok? –galdetu zion gure amak, argi berdea piztu orduko, errepideaz bestaldetik gure parerantz zetorren beste ama bati.
-Nora ba? Etxera bueltan, Franco hil da eta.

Txema Arinas
Berroztin, 2019/09/19

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...