viernes, 27 de marzo de 2020

BERROGEIALDIKOA (Gosaldu bitartekoa)



Oso txikitatik, betidanik egia esanda, ikasgelakideak izan ginen institutora aldatu arte. Ezingo nuke esan adiskideak izan ginenik. Oso ezberdinak ginen, erabat, doi bateraezinak. Halere, gure bi aitak bai, baziren adiskideak, hortaz, guk biok ere, gure amekin batera, nahitaezko intimitate xume bat konpartitu behar izan genuen. Sarritan une benetan goxo eta bereziak. Urbasakoak, oso mutikotan gurasoak bazkaldutakoan pasiatzera joan zirela botiletan zein basoetan utzitako ardo ondarrekin mozkortu ginen lehenengo aldiz. Eta oso nerabetan lehenengoz ere denetarik probatu ohi genuen probatu ez beharrekoa Altsasuko jai petral haietan. Garai ilunak hasita zeuden. Denbora joan ahala banatu ginen, ezinbestez, egia esanda ez ginen ezertan konpontzen, nork bere gogoak eta asmoak, nork bere ibilbidea, gehienetan elkarrezinak, hartara nork bere bidea hartu zuen ezinbestez, bilakatu zintzaizkidan iraganaren itzal bat. Alabaina, atzo bertan zure ustekabeko heriotzaren berri izan nuenean harri eta zur geratu nintzen. bart ez dut lo apùrrik egin, nire gogoan zaitut etengabe, oroitzapenak pilatzen zaikzit gogoan, bai zama astuna, nire haurtzaroa eskuetan birrintzen ari zaizkidalakoan nago. Sinetsidazu, atsekabean lagun ditut zuretarrak, baita bidean, ahaztuan, atzean, utzitako guztiak ere. Zergatik idatzi dudan hau guztiau, zergatik hementxe? Aspaldi jabetu nintzelako jendaurrean idazten baino gauza en naizela bihotzaren korapiloak askatzeko, horrexegatikan bakarrik.





Eta hedabideetan, batez ere hauetan, esaldiak "nik ez dakit..." leloarekin hasten dituzten guztiak behingoan isilduko baldin balira...?




Ez dakit hamairugarren eguna den ala ez, baina badakit gauden alarma egoera honetan gero eta debaldeko ahots gehiago entzuten ari garela hedabide zein giza-sareetan. Ez dakit ere hor kanpoan gauzak egiatan zelan doazen, onerako ala txarrerako, zaintzen eta sendatzen gaituztenek dena kontrolpean duten ala noraezean dabiltzan; baina, jakin dakit zaindari zen sendagileak babestu, lagundu eta batipat txalotu ere behar ditugula nahitaez, egunero neka-neka eginda ere. Hori da etxean etxean lasai askoan itxita gaudenok ekar dezakegun harri koxkor ia bakarra.



Ikakurri dut Oviedon gauean etxera bueltatzen ziren zenbait osasun-langileri oihuka, txistuka, deiadarka, uluka, egien zietela leihoetatik auzokoek...

Aditu dut VOXEkoek etorkinei osasun zerbitzuak kobratzea proposatu egin dutela koroabirusak jota egon ezkero ospitaleetara joan ez daitezen sustatzeko asmoz. Atzo bertan, Texako gobernadore-ordeak esandakoari harira esan bezala, krisialdi honek lagurrigorritan jartzen gaituela; orain bai, Voxekoak eta beste dagoeneko nahiko biluzi ez baleude bezala...

Militarrek eta hain gustuko duten hizkera martzial harroak lotsagarrria baino "negarbarregarria" ematen du.




Atzo arratsaldean gure txikerraren tutoreak gurasoendako whasapp talde batean sartu ninduen ezustean. Gaur goizeko zortzietan nire semeari zuzendutako omen zen mezu bat jaso dut: "Mikel, altxa ohetik, bederatzietan onlinezko eskola duzu-eta". Harri eta zur geratu naiz. Hortaz galdetu diot ea seriotan zebilen. Orduan jabetu naiz nire txikiari adar joka ari zela, bera whasapean zegoelakoan. Hartara ere, hainbat gauza esateko ere profitatu dut; besteak beste guraso bezala potroetaraino geundela itxialdia zela aitzakia euren lana egiteaz. Orotan bat etorri zait ziplo, ikasleendako lana ahalik eta gehien arintzen saiatzen ari zela ekinaren ekinez eta abar. Horrez gain, jakina, edozertarako adi eta gertu ninduela esan diot.



Bestalde, banago delako guraso zein ikasleendako whasaap taldeaz kopetaraino, benetan. Posible al da inork ez ulertzea elkarri fundamentuzko/ganorazko gauzak esateko baino ez dela, ez edonori bat-batean eta batik bat kontura ez datozen txorakeriak idazteko? Bestela zelan ez pentsa guraso nahiz ikasle gehienok atzeratu xamarrak direnik? Ondo ba, pasatu naiz, aspertuak esan nahi nuen. Aizue, nola kentzen zaie soinu nazkante alu hori are nazka/aspergarriagoak diren whasapp taldeei?




BESTE VIRUS MOTA BATZUK



Orotan gain-adituak, ez dute aparteko ezaupiderik, ez daude kinkaren nondik norakoak aztertu eta deliberatzen direneko muinean, dena azaletik baino ez dakusate, ezin dute besterik ikusi, dena beti urrutitik, dena beti entzunez, dena beti uste ustelez. Hutsaren hurrengoari erreparatzen diote ekinaren ekinez, buru-buztanik gabeko konplotak maite dituzte, aurretik begitan dituztenak egurtzeko edozein huskeriaren kontura aprobetxatzen dute asmo-gaiztoz. Izan ere, gauza dira, egia esanda ez dute enpatxorik, urlia, sandia eta berendia zirt eta zart epaitu eta konenatzeko. Hori bai, betiere euren babeslekuetako erosotasunetik begita; eta bein bitartean hor kanpoan, lubakietan barrena...




Dena gero eta okerrago, egun benetan ilunak iragarri dituzte. Hor kanpoan ez dago ubaderriaren zantzurik, bertan behera jelatu balute bezala, gauden bezala gaudela nabarmentzerik merezi ez duela, Gaur goizean ere lanbroa nagusi da. Ezin terrazan nalamoduzko patxadan gosaldu, hotzegi dago, arima ere melatuko balitzait bezala. Izan ere, egoneziaren aldarte guztiak nozitzen ari gara azken egunotan; baina, beldur naiz ilunenak ezari-ezarian nagusitzen ari zitzaizkigun jasotzen ditugun albisteek baikor pentsatzeko parada eskasa ematen digutelako. Izan ere, ezinezkoa suertatzen da ohetik ganoraz jeikitzea gogoa pirri, urrin, zirin, duzunean, Bai, nabaritzen hasia naiz nire gogoaren nondik norakoak nire bi semeekin, gero eta errieta gehiado egiten baitiet ezein huskeriaren kontura, beste hainbeste nire emaztearekin, edozer gai edo iruzkin hizpidera aterata eztabaidaka, lardaskan, aieneka egin behar dut alfer-alferrik, nirez ipurterre galanta baldin naiz, egunotan leher egiteko moduan ibiltzen naiz beti oharkabean eta, jkaina, debalde ere bai. Domeka luzea hedabideei adi eta ihesbide bila. Paino kontzertua 21 zbk. In C Mayor, K. 347. W.A. Mozart.



Dena gero eta larriago hor kanpoan, hildakoen pilaketa etengabekoa da, gora eta gorago doa eta berarekin batera beldurra, ezinego eta gure eguneroko itxialdiak eragiten dizkigun gogoeta eta zirraden zentzugabekeria. Etxe barruan dena da arina, kanpoan dena larria. Ondo babestuta gaude gure etxeetan, Historian lehenago inor ez bezala. Denetarik dugu eroso egoteko, gure zibilizazioak gaur egun eta gure mendebaldeko herrialdeotan behinik behin bizimodu duin baterako ezinbesteko bilakatutako ur beroa, argindarra, behar beste elikagai horniketa eta etxean gozatzeko asialdirako nahi eta behar beste teleplaforma, liburu, musika, joko eta abar. Ezin gara kexu egon hau guztiau posible egin duen sistemari erreparatuz, ez baldin bada, noski, zer nolako gurekoiak bihurtu gaituen asmatzeko, hor kanpoan benetan sufritzen/arriskatzen ari direnen errealitate gordinari bizkarra ematen etengabe saiatzen baikara gure eguneroko ustezko zein balizko fribolitateaz. Alabaina, gizakiak gara, eta badakigu, edo jakin behar genuke behintzat, delako fribolitatea ihesbide huts eta premiazkoa dela errealitatearen gordintasun honi muzin egitearren, txisteak, txantxak, kapritxoak, irria, barre karkaila ere derrigorrezkoak direla azkenean eta halako kinka hain larri batean goiari adoretsu, ganoraz, eusteko, zeren bestela dena amilduko zen gure inguruan. Horrexegatik, burua adi, bihotza larri baina gogoa triste bezain alai, kontraesan garbia izanda ere, gizakiok holako kontraesanetan gauzatzen gara eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

CINCO HORAS DE DESCANSO Y REFLEXIÓN

     T e puedes creer que he soñado que era Shanti Andia y estaba al mando de una goleta bretona, el Stella Maris, que recién acabábamos de ...