ASTEOTAKOA


Ruper Ordorikari erdi parafraseatuz, bizi osoan "Hobe nuela hautazea/Munduko hiritar izatea", batez ere eta betidanik sano aspertzen/pipertzen/nahigabetzen/aztoratzen zintuen hiri txiki eta hits honetakoa izanda, eta gero, urtero abuztuak 4 dela, ezer baino lehen babazorroa zarela jabetzen zara nahitaez, ezin zeniela sentimendurik txatxuenei uko egin, batik bat aurten, gaur bezalako egun batean batez ere, baduzulako bihotzean hondo gabeko zulotxo mingarri bat txikitako zein handitako hainbat oroitzapen gogora ekartzen dizkizuna ezinbestez. Umetan blusaz jantzita kalera ateratzen zaituztelako, nerabetan lagunekin etengabeko farra zoro hordiak izaten zirelako, gaztetan hiria urtean behin bakarrik gogoko izaten zenuelako jaiak zirela eta, nagusitan aurreko guztia gogora etorzen zaizulako oharkabean. Halere, zorigaiztoko birus alu batek ez digu jaia izorratuko, ez horixe! Kalean baliteke ezetz, etxean aldiz senitarteko zein adiskideekin urtero lez gogotik ospatuko baititugu gaur Zalduondoko baserritarraren ez-jaitsiera eta bihar Andra Mari Zuriaren eguna, alafede.



Esan bezala, gaur Aiara alderaino joan gara eguerdi pasa. Maroñora heldu garela ezin bereizi bi edo lau oinetako aiaradarrak ote ziren, denok jakin bezala gasteiztarroi bailara zein biztanleak oso ezezagunak izaten zaizkie, ez dakite oso ondo non kokatu. Nik ostera bai, askotxo estimatzen baitut zonaldea. Gainera, ni banaiz menturaz bertakoa ere oso hein xume batean, nire aitita C. Arinas Amurrio baitzen, hau da, XV mendean Amurriotik Bastidara aldatu eta abizena ere aldatu zuen Ibarguen leinukoaren ondorengoa. Eta gutxi ez bailitzan ere, gure amama L. Quintana Izarra Urduña ondoko herrixka batekoa zen. Horrenbestez, gaur etxean bezala edo hobeto; baina, egia esanda, txorakeria horregatik ez, Aiara aldea betiere benetan zoragarria delako baizik, etxe ondoko paradisu txikia. Beste bat, bai.


Pentsazue, Erdi Aroko etengabeko izurriak, baita Izurri Handia iritsi baino lehenagokoak ere, "gaixoak" ezin zirela inora ihesi joan, ez baldin bazen elizaraino otoitzean edo aieneka, besteak beste opor kontzepturik ez zegoelako; baina, "halatabe" olgatu beharra zutela. Zein izan da beti denbora-pasarik atseginena, errazena, merkeena, behinena? Eta non hobeto Elizan baino fededun guztiei gogoratzeko?

Elizetan zakila erakusten duten gizonen zerrenda izugarria da, eta normalean, gainera, jarrera exhibizionista izaten dute. Sarritan harburuetan zizelkaturik agertzen dira, eserita, eta zutik ere. Uribarri Arratzuako portadan, adibidez, exhibizionista bat ikus dezakegu, bizkarrez. Olanon, berriz, azken zaharberritzean, falo bat duen harburu bat aurkitu zuten, ordura arte arkupe batek ezkutatuta zegoena. Onanista soila da Otobarrengo elizan dagoen irudia, eta atentzioa ematen du makila dirudien zakilaren zurruntasun eta tamainagatik.

Emakumeak ere ageri dira jarrera exhibizionistarekin: Aiarako ermitan, adibidez, gizona eta emakumea ageri dira sexu-organoak erakusten. Oreitian ere emakumeen sexuak agertzen dira. Halaber, Armentiako kapiteletan emakume bat ikus dezakegu, bizkarrez, ipurdia erakusten, eta ondoan, handiago, emakumezkoen sexu-organo batzuk. Aurreko kapitelean gizon bat dago, keinu lizuna eginez, eta emakume bati adar bat ematen. Bere ondoan, haurdun dagoen emakume bat ageri da, sabela ukitzen.

Zirriak nonahi

Jantzirik eta biluzik dauden bikoteen besarkadak eta zirriak ere nahiko ugariak dira erromanikoaren ikonografian. Harburuetan asko dauden arren kapiteletan ere egin zituzten. Tuestako elizako kapitel batean, adibidez, gizon eta emakume jantziek musu bat ematen diote elkarri, eta gizonak emakumearen pubisa ikutzen du; ondoan, aingeru edo fraide batek haien portaera gaitzesten duela dirudi.

Toberako ermita, erotikoena

Dena den, lizunkerietan Arabako txapelduna Berantevillako Toberako Andre Maria ermita da. Muino txiki baten tontorrean dago eta soroez inguratuta. Desagertutako herri baten azken aztarna da eta Arabako landa-erromanikoaren adibide garbia. XII. mendeko burualdea eta absidea bakarrik gorde dituen arren, sekretu harrigarri asko ditu, tartean, harburu erotiko kopuru handi samarra.

Guztira zazpi harburu daude Toberan. Batean bikote bat albotik ikus daiteke, hankak elkarri lotuta eta besarkatuta, jarrera sexual argian. Bigarren bikote bat ere badago, bigarren harburu batean, misiolariaren jarreran besarkatuta eta larrua jotzen. Eta halaber, hirugarren harburu batean, gizon bat ageri da, masturbatzen.

Misoginia

Araba osoan, eliza ezberdinetan, sexuaren eta lizunkeriaren gaia jorratzen duten dozenaka irudi gorde badira ere, asko dira eliza katolikoaren misoginia ere irudikatzen duten ikonografiak. Zentzu horretan, indar handia izan du Europan "sugeen emakumea"-ren irudiak, alegia emakume "lizunari" bularrean edo pubisean eraso egiten dioten sugeen edo apoen ikonografiak. Halako irudiak aurki daitezke Domaikian, Delikan, Zurbaon edo Otogoiengo elizetan, eta Estibalizen ere. Guztietan sugeak eta apoak emakumeen bularretan itsatsirik eta erasokor ageri dira.

Europan Erdi Aroan zabaldu zen estilo ikonografikoa da arte erotikoa; enigma bat da eta aldi berean garaiko gizartearen isla. Ugariak dira adibideak Britainia Handian, Irlandan, eta Frantzian. Iberiar Penintsulan garrantzitsuenak Kantabrian eta Burgos iparraldean daude, baina Araban ere halakoak disfrutatzeko aukera dago eskualde guztietan.


Lizunkeriaren katedralak - 

 Asper eginda

Ospa egin beharra

Beti ihesian

Comentarios

Entradas populares