AZKEN EGUNOTAKOA





- Ezkorra naizela, ni?
- Bai, pesimista porrokatua. Ala ez al didazu esan garai txarren ostean, problema batzuk gainditutakoan, betiere eta segituan beste garai txar batzuk etorri ohi direla baina problema berriez josita?
- Baina, nire ikuspegitik hori zeharo baikorra izatea ote da; problemak berriak izango dira zaharrak gaindituak direlako...
- Laga, benetan, lagaizu!







MEJORATU

Noizik behin,
Askotan egia esanda,
Beste bat izan nahi nuke,
Esan nahi dut,
Mejoratuta
Bere hitza beti zintzo eta zuzen
betetzen duena.
Bere ingurukoen iritziak nahitaez
errespetatzen dituena.
Bere hurkoen premiak edo nahiak
usu aintzat hartzen dituena.
Bere burua etengabe eta zinikoki
engainatzen saiatzen ez dena.
Zuhurragoa
Apalagoa
Zentzudunagoa
Eskuzabalagoa
Otzanagoa
Bikainagoa?
Ederra litzateke,
Bai, egia da,
Zoriontsuak ginateke
Ni, zuek, denok,
pozarren
Gizakume berri mejoratu bat
Inor ez lotsatzeko modukoa,
orain arte naizenaren iruntzia.
Baina, orduan, esadaizue,
Ni neu al nintzateke,
benetan?
Ala zuen gaitzespenei
men egitearen
ondorio hutsa?
Horrenbestez,
barkatuko didazue,
baina, mejoratu beharrean
Saiatuko naiz izaten
hobea.







Noizik behin, pantailan zerbait idazten ari naizela, testua ezabatzen zait ezustean, ziplo. Zorionez, testua gogoan dudanez, berridazteari ekiten diot. Orduan bigarrengo testua aurrenekoa baino guztiz hobea, batik bat borobilagoa, zehatzagoa, kuttunagoa, izan ohi dela jabetzen naiz ezinbestez. Ez al da harri/zoragarria? Baina, batez ere, ez al da erabateko proba bizitza erdipurdiko gauza dela? Non daude gure bizitza hobetzeko bigarren aukerak? Edozelare, ez dago eskubiderik.


Nire errautsak?
Ezezereza zikintzeko aitzakia,
axola ez didan hondarra.
Nire gomuta?
Hurkoei eraginen diedan molestia,
zinez maite nindutenen ardura.
Nire ondarea?
Noizbait otu zitzaidan broma txarra,
bizia ozpindu zidan amesgaiztoa.
Nire agurra?
Inork adituko ez duen azken kopla,
atzean utziko dudan bake santua.






Aperrikaldu ditut suertatu zitzaizkidan aukera guztiak
Bazter utzi ditut noizbait izan nituen amets gehienak
Ahaztu ditut nire buruaz harro egoteko egindako aginduak
Onartu ditut sekula pentsa ez nitzakeen umilazio larriak
Aditu ditut inoiz estimatu ez nindutenen
irain gaiztoak
Mindu ditut bihotzez estimatzen nituen
lagun zintzoak
Uxatu ditut nire bidean lagundu zidaten
bidaide eskuzabalak
Amildu ditut helburura ailegatzeko nituen zubi meharrak
Ahaztu ditut debalde eman zizkidaten aholku doiak
Eragin ditut gaur eurrez merezi ditudan
mesprezu errazak
Honaino iritsi naiz
Asper eginda nago
Lur jota
Lotsak janda
Hutsik
Etsirik
Bakarrik




Biziaren borrokaz hain nazka egina
Bere buruaz beste egin nahi izan zuen
Baina, zein ote zen aitzakia bikaina.
Orduan poemategi bat argitaratu zioten
Ondo egin zuen, gainera, suizidatzen
zeren bestela bere irakurle dohakabeek,
eskuartean zuten zaborra leitzearren,
moztuko baitzizkioten barrabilak ere
Hartara, poetak ikasi zuen bere larruan
Bizia edertzen saiatzea dela beti desafio
Ez dagoela pekatu larrienik munduan,
talentu gabe poesia bihurtzea baino desio







Noizbaiten, takian-potian, gainerakoen nirekiko ezinikusiaren erruduna naizen galdetzen diot nire buruari. Eta bai, ni naiz nire hitz ezegokiez, iritzi harroez, kasketa sutsuez, erabaki okerrez zein mania petralez ozta-ozta ezagun nauen jende askoren nireganako gorrotoa edo gutxienez destaina eragin duen bakarra. Onartzen dut, noski; halabeharrez eta nahigabean ere merezi dudalako. Gainera, polita da ere asmatzea zein-nolako gizaki arrunta naizen. Eta ni bezala euren aurreiritziek akuilatuta errukigabe, debalde zein ni benetan ezagutzeke gaitzesten nautenak ere bai.





 Aietekoaren harira, euskal esaera bat gogora etorri zait ziplo: "usoak joan eta sareak heda"

Usoak, noski, alperrik eta batez ere Piztiaren alde joandako urteak dira; sareak, aldiz, berandu hedatuta ere bakeari zein balizko berradiskidetzeari eusteko ezinbesteko lanabesa.
Orain bai, noizko Estatuak eragin edo sustatutako min zein kaltearen gaineko aitortza ere, hau da, noizbait gerra zikinaren hildako, desagertutako edo torturatutakoei buruzko aipamenik? Galdera xaloa bezain xoxoa, erantzuna ondo asko baitakigu: bere burua gerra bateko garailetzat hartzen duenak egia edo justiziari zorrik ez.



Bai, gainerakoen guri buruzko usteak erdiak ustel edo oker, besteak beste inork gutxik benetan ezagun gaituelako; baina, uste ustel eta okerrak izatetik aurpegira zuzen eta gordin, eta gehienetan ere min egiteko plazer hutsagatik, botatzera ergeletik sasikumera doan tarte berbera. Sarritan diot, dagoen putakume saldoa egonda ez dago behar beste bortizkeria gure gizartean. Izan.ere, denok uste baino zuhurragoak eta bakezaleagoak omen gara, otzanegiak beharbada.

Comentarios

Entradas populares