lunes, 22 de noviembre de 2021

EZ DAKIT ZERTAZ ARI ZAREN - ANA MALAGON

 Ana Malegonen "EZ DAKIT ZERTAZ ARI ZAREN" iruzkinbide, oso onerako gainera: http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/ez-dakit-zertaz-ari-zaren-ana-malagon


   Beste ipuin liburu bat, badirudi euskaraz oparoen den jeneroa. Nik behintzat irakurri ditudan euskarazko azken hiruzpalau liburuak ipuinez osatuak izan dira, ez dakit kasualitate hutsa ala zerbaiten seinale den, alegia. Edonola ere, hemen ez dut jorratu nahi euskarazko ipuin liburuak aproposagoak zaizkion ala ez euskal irakurlegoari nobela mardulak baino edo. Baliteke zerbaitxo egotea horren inguruan, bai, beharbada ipuinak irakurtzeko joera gaur egungo bizimodu beti arin eta larriarekin, denok beti edozein gauzaren kontura lanpetuta edo kezkatuta, oso elkarlotuta dagoelako, hau da, guztiz samurragoa egiten zaiola egunean zehar arin eta larri dabilenari istorio motz baina aldi berean ere osoak irakurtzea nobela baten hari luze eta agian korapilatsuegiari egunez egun jarraitzea baino. Auskalo, badut ustea dena gero eta arin eta larriagoa da, likidoagoa omen, beraz, baliteke gauza gehienak ere beti arinak izan beharrean egotea beti larri dabiltzenendako.

Nolanahi ere, aitor dut ipuinak irakurtzea oso plazer berezi eta azkarra dela, baita oso modu egokia, zehatza, trinkoa egileak aurkeztu nahi duen errealitatearen zertzelada gordinak biribiltzearren. Horratik azken hau oso nabarmena da Ana Malagonen “Ez dakit zertaz ari zaren” ipuin guztietan. Oso ipuin gordinak dira, beharbada bestela ezin baitira izan gure garaiotako egunerokotasun ustez beti itogarri, goibel edo zimelean oinarritutakoak. Nik, ordea, ez dut uste gure gariak geure gurasoenak, are gutxiago gure aiton-amonenak, baino ilunagoak, larriagoak, etsigarriagoak direnik. Badira, bai, oso bestelako argi-ilunak, gure garaiotako bereizgarri garaikideak direnak, beharbada ere gure nagusienen aldean patetikoagoak, hutsalagoak, arinagoak direnak; baina, halabeharrez ere gure gaur egungo gizartea ezin hobeto definitzen dutenak. Izan ere, Malagonen ipuinetan agertzen diren pertsonaia gehienen kezkak, etsiak, oztopo edo arazo ustez konponezinak edo dena delakoak unibertsalak begitantzen zaizkit, batik bat familia edo bikote arteko gorabehera malkartsuak, ozpinak, maiz ere ezustekoak: Norbaitek pasa behar dio erratza izeba izan zenari. Bere senide bakarrak gara Ander eta biok, eta ez dut nire anaiarengandik laguntza handirik espero. Estaldurik gabeko anaia bat dut. (72 orr.)Alde horretatik, baldin badago zerbait berririk, originalik, benetan erakargarria, hori da antzeztokia, hau da, gure modernitatearen nondik norakoak: Asier eta biok gure artean gauzak modu zibilizatuan konpontzen saiatu ginen. Bulegoko lana utzi nuen eta lanik egiten ez duten amekin kafea hartzera behartu ninduen egoerak. Pilates egitera. Sofan lo egiteak sekulako sarraskia eragiten zion nire bizkarrari.”(128 orr.)

 Eta honekin batera, idazle baten lana benetan bereizten duen ezaugarria, berdin da zer jorratzen duen ustezko errealitate bate do berak sortutako ordezko bat, non edo noiz kokatzen dituen bere istorioak, hau da, gauzak nola kontatzen dituen: estiloa. Ana Malagon idazlearen estiloari dagokionez ageri da oso begiratu fina, are gordina, kritikoa, duela, zehatza bezain zorrotza, pertsonaien egunerokotasun zinez gogaikarriari buruz etengabeko xehetasunak emanez benetan borobilak, txukunak, takian-potian ere garratz samarrak diren esaldi motz batzuen bitartez: Urte batzuk zeneramatzan institutuan ingelesezko irakasle lanetan. Itzultzailea izan nahi zenuela aitortu zenidan behin, baina, internetek eta nik dakigula, inoiz ez zenuen asmo hori betetzeko ezer egin. Hezkuntza saileko lan poltsen eta lan-eskaintza publikoaren itsasaldien menpe, itsasbehera batek beste herri bateko institutu batean utzi zintuen lehorreraturik. (136 orr.) Zehatza bezain garratza, jakina, bisturi baten indarraz gure garaikide asko eta askoren egunerokotasuna erakusten diguna, alafede.

Hortaz, Ana Malagon dugu zirujau aparta gure gizartearen mota askotako gordinak zein ozpinak azaleratzearren, kirurgialari benetan trebea bisturia non sartu behar duen asmatzerakoan. Gauzak horrela, badakigu Malagonek nola edo hala gizarte horretako hamaika pertsonaien disekzio ezer baino lehen psikologiko ezin zehatz eta zorrotzagoa, pertsonaien ekintzen ostean aztarrika, eskainiko digula gure gaur egungo lan, familia edo bikote harremanen miserietan hondoraino ondo, errukigabe, sartuta. Oro har oso gustuko ditut Malagonen ipuinok, besteak bere oso nire ere egiten dudalako bere begiratu zolia gure modernitatearen gainean, benetan miresten dudalako esaldi motz eta zorrotzen bidez bizitzaren berezko gordintasuna adierazteko duten trebezia, beharbada hein batean ere agertzen diren pertsonaia askoren nondik norakoekin identifikatzen naizelako; nor ez omen da gure garaiotan ia beti jitoan, hondoa jotzear edozein dela kausa, nork ez omen ditu giza-harremanei buruzko ikuspegi etsi edo hits bat? Nire moduko gizaki ezkor ipurterre eta apika komediazale porrokatu bat, bai horixe. Halere, horra hor, noski, literaturaren xarma nagusietariko bat: idazleak aurkezturiko errealitatearen nondik norakoekin bat egiteko gaitasuna. Halere, aitortu beharrean nago delako gordintasuna ipuinotan bereizten den giroa bezain itogarria suerta lekiokeela irakurleari idazleak ironia ere taxuz erabiliko ez baldin balu, hau da, istorioak nolabait irensgarriagoak egite aldera, menturaz are gertukoagoak: Bere obsoleszentzia hemen dela iragartzen duen zarata batekin erantzun du irakasle gelako kafe makinak. Ur herdoildua (ezin kafea deitu horri) gero eta kaxkarragoa denez, olo esnearekin nahasten dituzten superfood hautsetara pasa dira gutxi batzuk. (153 orr.)

Egia esan, nik uste dut ironia dela gure munduko berezko gordinak eta ozpinak pairatzeko baliabide ez bakarra baina baina agian bai eraginkorrena. Hala ere, ironia mota asko daude, zein baino zein bidezkoagoa, eraginkorragoa, egokiagoa; Malagonena, lehen esan bezala taxuz erabiltzeaz gain, maisu ere egiten du, batzuetan ere ahoa bete hortz uzteko moduan, mingotsa besteko gozo-gozoa, azken finean ere irakurketa baten plazer benetan gazi-gozoa holako ñabarduretan datza eta : Larrialdi zenbakira deitzeko azkeneko saiakera bat egin du Marisak. Tonua ematen du baina ez du inork hartzen” (152 orr.)

Txema Arinas

Oviedon, 2021/11/05

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...