sábado, 16 de julio de 2022

ASTEKOAK

 


    Tokiko toponimian Santakuruzgana edo Kutzemendi, gasteiztar gehienek ostera "Cruz de Olarizu" deritzotena, neretako ibilbide txit nostalgiko -baleike 20 urtetik gora igo ez izana, txikitan, haatik, urtero bizpahiru bider edo- eta ezer baino lehen xamur-xamur bat. Nire txikiarendako aldiz Akonkaguako gailurreraino takada batez igo balitz bezala. Egia esanda, ozta-ozta arrastaka bultzatu behar izan dut... makinatik kostata erauzi eta gero, gaurdaino ez baitut konbentzitzerik izan nirekin arratsaldeetan paseatzera etor zedin, alperrontzi galanta dut eta. Gerora, etxera bueltatutakoan, ikaragarri ondo pasa egin duela aitortu dit, hots, porru eginda zegoela eldarnioz balego bezala

Edozelan ere, mendi tontorreraino heldu, uztaileko egunok zeinen ederrak diren gogoratzeko selfia atera eta familia, oraindio bidean gora daudela, noiz iritsiko, eta honekin batera dena egia esanda, erabat ahaztu: ezin naiz zoriontsuagoa izan.

Bestalde, ageri da, egiaztatu dut, basoan goizean goiz, ordu txikitan, topatzen dudan jende gehiena oso adeitsua dela, ia denek agurtzen baitute euren albotik pasatzen zarenean, gehienetan ere irriño bat musuan. Gauza benetan nabarmentzekoa halakorik gutxiagotan suertatzen baita egunaren gainerako orduetan, basoan bertan, topatzen dituzun ibiltari gehienekin, hirian zehar balebiltza bezala, hau da, inori erreparatzeke ia-ia entzierroetako zezenen gisara.
Gauza benetan txalotzekoa, ospatzekoa, gorestekoa, atzo bertan eta enegarrenez nire asturiar emazteak bertakoen berezko zakarkeria pairatu baitzuen, gainera bi bider. Aurrenekoa erretegi batera sartu zenean gure txakurtxoa polsan jarrita bazkaltzea posible zen galdezka eta arduradunak, diosalik ere egiteke, ezetz esan zionean -hori guztiz ulertzekoa, noski- keinu oso itsusi batez, hau da, inolako zergatirik eman nahi izan gabe, hau da, erantzuteak ere molestatu balu bezala. Eta bigarrengoan beste hainbeste. Sutan nuen emaztea, halakorik Asturias aldean suertatzea pentsaezina baita, bertan gizalegea lehentasun izan ohi baita denon artean, berdin dio oilaskoak erretzen dituen jatetxe ziztrin bateko arduradun trauskila zaren ala auskalo zer. Gurean, ordea, zakarrak, "xomorroak", legio dira, bai. Egia da ere urteak joan ahala jende gaztea gero eta atseginagoa, adeitsuagoa dela, gizalegea gero eta hedatuago dagoela; baina, aizu, neska, gauzak ez dira egunetik egunera aldatzen, ez hiri puta hontan, ez eta Bostonen, Chicagon, Saigonen;
Santiagon, Varsovian edota Belfasten ere.

Horrez gain, gaur goizean txikiak Iruña-Veleiakoa ikusi gura zuen kosta ahala kosta, aurten instin ikasgai zuela Erromakoaz txora-txora eginda ibiltzen da eta. Bertako arduraduna, oso tipo jator eta xelebrea, 60 urte inguruko lekeitxar bat, aztarnategiko arretagunean hitz eta pitz egon gara, ageri zitzaion itzel aspertzen dela ia inor azaltzen ez baita astegun zurietan. Haren historia guztiak kontatu dizkit lekeitxera ederrean hurrenez hurren. Txikitan ikasle txarra, laster atunetara, itsasotik lehorreratu orduko herrian denetarik hartuta drogaren garai gogorrak izaten ziren eta, kontura/hona ez datozen hainbat istorio, ondoren herriko piszinetan (zertarako piszinak kostaldeko herri batean? Mutrikun behintzat portuaren ondoan dauzkate; naturalak esaten zixuen) arduradun/jagole 12 urtez, handik Gasteiza gaur 18 urte eta abar eta abar eta abar. Aintzinateko istorioen bila joan eta arestikoez gainezka itzuli; idazpidea edonon.


Jon K. Zamalloa Teodoro, Nerea Arrien eta Beste 13

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...