lunes, 26 de febrero de 2024

EGUNEROKOTASUNA


    ´

     Urteak pasa ahala, benetan koskortutakoan, dena berdin eta etengabean suertatzen zarela jabetzen zara, ez da ozta-ozta ezer berririk, dena behin baino gehiagotan ikusi, aditu edota sufritu egin baduzu, dena da telebista kate arruntek behin eta berriro botatzen duten pelikula berbera. Areago, urteak pasa ahala, behar adina ikusi, aditu eta sufritu duzunean, erabateko zoriontasunaren ezintasunaz jabetzen hasten zara halabeharrez. Jabetzen zara, bai, ez dagoela munduaren gaitzak errotik ezabatzeko egiazko edo taxuzko konponbiderik, ezer ez dela betiko, ez eta gaur arte zinez sendoa, betiereko, zintzoa zela uste egin zenuena ere, ez dagoela ezer egiaz zihurra heriotza ez beste, eta, batez ere, atsekabetzen zaituzten munduko zekenkeriak, ergelkeriak, zabarkeriak, bezaizkeriak, krudelkeriak eta doi keria guztiek nagusi izaten iraungo dutela alegia. Urteak pasa ahala, dagoeneko behar beste koskortu egin zarelakoan, gauzen aurreko ezkortasuna bizitzaren nondik norako ezin iragarrizkoei aurre egiteko jokaera zuhur eta batik bat senezkoa bilakatzen da. Urteak pasa ahala, harri koskor bat baino hutsalagoa zarela onartu duzularik. Hartara, onartzen duzu ere bizitzak noizbehinka eskaintzen dizkizun zoriontasun apurrekin, hau da, benetan bizirik eta batik bat maitatuta sentiarazten zaituzten gauza txikiekin, konformatu behar zarela nahi eta ez. Bestela dena da aurretiaz, oso gaztetatik, planifikatutako bizi-porrot baten kronika, bestela akabo. Eta bai, gaur aspaldiko partez euri ari du, hotza dago eta ni ohetik ondoezik jaiki naiz.

*Jan Steenen Familia alaia

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...