viernes, 3 de abril de 2020

ITSASMINA


Gaur, "itsasmina" dudala eta, Hitzen Uberan-eko Komunitatea sailerako hitz aspertuok: Itsasmina:

Kresalezko azken egunsentia. Goiz goizetik itsasoko orro burrunba oroitzapenaren belarrietan, bakardade iradokitzailearen emaitza apalak gozatuz etxetxoko ganbaran denok lotan jarraitu bitartean, asfaltozko egunerokotasunera bueltatzeko irrikan, ez baitago irudimena gehien sustatzen duenik arratsaldeko azken orduetan zein goizeko aurrenekoetan itsaslabarretan barrena ibiltzea baino.

Aitortu beharrean nago, besteak beste abadeekin eskolatua izan nintzelako, baita etxean gauza pila egiteko dudalako ere, irailaren aurreneko astean oporretan egoteak nolabait aztoratzen nauela, bekaturen bat egiten banengo bezala, eta batez ere zuek gehienok oporretatik bueltan landalan ari zareten bitartean, sano jodiduta edo; baina, zer ez nuke nik egingo nire emaztea zoriontsua izan dadin bere txikitako alderdietara bueltan!

Ondo dago asmatzea, oso, egunean zehar bakarrik egoteko aukera izan ezkero, edonon zaudela zure gutxieneko gauzatxoak aurrera ateratzeko gauza zarena beti teknologiari esker. Eta ez dut ukatuko, egunotan nagoen lekua zoragarria dela; nik holaxe beti aldarrikatzen dut. Halere, egunotan aditutako txutxumutxu etsigarrien arabera zein gainontzekoekiko etengabeko betekizun txit aspergarriei erreparatuz, hau da, gizalegea katea bilakatzen denekoa, ezin ageriago dut paradisutik infernura bizpahiru urrats baino ez daudela. Oso kalekumea naiz, nahiz eta 15 urteetatik gero Gasteiz inguruko herrixka batean bizi izan, nik beti esan dut hirigunetik apurtxo bat baztertuta gehien jota, eta gutxi ez balitz bezala nire amaren partetik denok ere kalekume, bai, baina gure (eta bai, hemen apropos bereizten ditut "nere" eta "gure") aitarenetik ez, eta horrexegatik ere oso bertatik bertara ezagun ditut herri txikietako nondik norako beti gogait/ito/etsi/zuri/estugarriak. Horrexegatik ere, eta txikitan gertatzen zitzaidan bezala, herrixkan egunak pasa ahala asfaltora ihesi egiteko gogo bizia sortzen zait ezinbestez, "kalemina" edo.

Herri bazkaria, saiheskiak-eta criollo gisara eginak. Dena primeran zegoen, ardo beltza gainera Bastidakoa; baina, elkarrekin eserita geundenotariko batek etxean propio egindako txutxitoak/profiteroleak ekarri ditu mahai gainera; bat-batean haurtzaro osoa nere gainean oldartu zait, krema ikaragarri eztiz beterik, goxo-goxoak, gure aita kaletik bandeja bat txutxito eskuan etxera sartzen irudikatu dut, hunkitu naiz, sabela bete dut. Eta gaur munduan gertatutako orok berdin dit. Orain iparraizea dut doinu itsaso aldetik jotzen.
 
Urtero bezala irailaren aurreneko astean As Catedrais hondartzaraino etorri gara lasai askoan paseatzeko asmotan. Badira hamabost urtetik gora nire emazteak txikitan beraniatzen zeneko herrixkara ekarri ninduela, orduan zapaldu nuen lehendabizikoz As Catedrais hondartza ia mugagabe zoragarria; lau katu baino ez ziren zehar ibiltzen. Gaur egun, hau da, duela hainbat urte autobia zabaldu zutenez geroztik, ozta-ozta topatzen duzu aparkatzeko lekurik hainbat aparkaleku egonda ere. Ingurualdea erabat eraldatuta izan da uda partean etortzen den jende andana nolabait artatzeko. Ageri da bertakoei aukera ezin hobea suertatu zaiela negozioak eta zabaltzeko, lekuko ekonomia hein apal batean sustatzeko; baina, egia argi eta garbi esanda, Lugoko As Catedrais hondartza eta Donostiko Alde Zaharra antzeko-parezido... Merezi al zuen?
 
20 urterekin gorroto banien berbenei; baina garai hartan behintzat nesketan joaten ginen inguruko herrietako jaietara ea norbaitekin dantzan edo... beti alperrik, egia esanda, herrietako jaixetan herrikoek baino ligatzen ez baitzuten euren herrikoekin. Guk, gehienbat, sekulako atxurrak harrapatzen genituen herrietako txoznetan dena merkeagoa izan ohi zen-eta.

50 urterekin ordea emazteak arrastaka eraman behar nau, mehatxupean, txikitan udaroa pasatzen zuen herrixkako berbenaraino Heroes del Silencioren kantuak-eta bezalakoak aditze aldera. Gure sasoian behintzat bazeuden Joselu Anayak, eta haiek ez baldin baziren antzeko-parezido, eta dena rantxerak edo izaten ziren. Oraintsu ez nekien, benetan, Asturias kostaldeko herrixka bateko berbenan erdilo nengoen ala Guantanamon torturapeko preso, auskalo zer aitortzearren. Edonola ere, nik uste oraintsu ere asmatu nuela zer dela eta nire belaunaldia hainbeste drogatu zen...

Utzi zure iruzkina

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...