domingo, 21 de febrero de 2021

AZKEN EGUNOTAKOA



Atzo txikerraren tutoreak hots egin zidan txunditurik bezain kezkaturik zegoela esateko, gure txikina goizerdian gelako neska batekin errieta egin eta, hain suminduta zegoela, bere aurpegian kolpeka eta atzamarka hasi zela. Nik banekien, etxera heldu orduko musuko atzarmakadak ikusitakoan galdetu eta egunero bere atzetik izorraketan joan ohi den neskatoaren kontra ez oldartzeko bere buruari eraso egin nahiago izan ziola esan zidalako. Irakasleak aho bete hortz geratu zela aitortutakoan nik hori haurrari normala zitzaiola azaldu nion. Halere, bazegoen hitz bat buruan etengabe bueltaka ari zitzaidana: egoskorra, bere aita bezainbestekoa. Hitz ezin egokiagoa zein etxekoagoa gure txikiaren kasketak zuzen, zehatz, definitzeko. Tamalez, erdaraz ari nintzela ez nuen ordezkorik topatu eta inguru-minguru bat bilatu behar izan nuen txikerraren jokabidea zuritu nahian edo.

Honezkero, irakasleak esan zidan oso kezkatuta zegoela ere M.k hitz gordinak erabiltzen dituelako oso sarritan.

-Zein hitz gordin? - galdetu nion:

- "Joder", "hostia", "puto". " -erantzun zidan.

-Klase erdian?

-Ez, bere lagunekin.

-Eta?

-Ez dut uste dela oso...

-Lasai, irakatsiko diot non, noiz edo nola erabil ditzakeen inor ez aztoratzearren.

Orduan, aitortu beharrean nago ni sano egosten hasi nintzela tamainako saindutxo hostiajale purtzil baten aurrean, 30 urte ingurukoa, ni 51.rekin fraideetara bueltan banengo bezala, hitzen egiazko gordintasuna erabiltzeko asmoan ez baletza bezala.






 -Hau lotsagabekeria, hau!


-Bai, erretore jauna, lotsagabekeria galanta, bai!

-Ez dago eskubiderik emakumezko baten gona, ipurdia agerian lagata, altxatzen duen haurraren irudia erakusteko!

-Ez, ez dago, bekatua da, bekatu larria!

-Emakumezkoen duintasunaren kontrakoa da, heteropatriarkatuaren adierazpide garbia. Zer dela eta ez dizkio gizonezko bati prakak eraisten bere ipurdi bilotsua denok ikus dezagun!

-Barkatu, erretore jauna; baina, ez al da bekatua Jaungoikoaren legearen kontra delako, emakumezko baten haragi gordina erakusten duelako, lizunkeria sustatzen duelako?

-Ein? Zera... Zein mendetan gaude, ba?

-XVII mendean, erretore jauna, non bestela?

-Hara, barkatu, seme-alaba maiteak, barkatu. Mendez okertu naiz. Garaietan zehar bidaiatzen naizenez geroztik etengabe nahasten naiz eta... 




Bilbao Exhibition Center, Basque Culinary Center, Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival, Zarata Fest, Getxo Sea Week, Donostia international Physics Center… eta oraingoan, gaur bertan, inauguratu egin dute jeltzale maiteek, Energy Intellegence Center. Bitxia bada ere gure agintari abertzaleek gazteleraren inposaketa salatzetik ingelesa inposatzera aldatu dira. Gehienek ez dakite ingelesez; baina, horrela internazionalistagoak garela diote, nazioarteko joerari eutsi beharrean gaudela, ingelesezko izenak dituzten erakunde guztiok euskaraz izatekotan ziplo baliogabetuko balira bezala. Ba hori, kosmopaletismoaren ajeak: autokonolizazio ergela. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...