jueves, 21 de marzo de 2013

IRAGANAREN JAKINZALE




Atzo eguerdi aldera nire aitaren aitaraino bajatu nintzen Gasteiztik kazetari batek argazkitxo batzuk atera nahi zizkidalako eskualdeko aldizkarirako. Izan nuen, beraz, aparteko aukera Bastidara bueltatzeko aspaldiko partez, ala ez, agian ez hainbeste iaz udaroan bertan egon bainintzen nire familiarekin San Gineseko parkeraino igotze aldera eguzki galdatan. Baina, denboraz larri-larri ibili arre, Oviedora bueltatzeko autobusa hartu beharrean bainengoen arratsaldean Gasteizen, egiatan izugarri bitxia suertatu egin zitzaidan herrira itzultzea bakarrik eta nire aitonamonen etxetik ez pasatzea, nire amandrea duela bi urte hil zen-eta. Edonola ere, argazkiak zein gizalegezko poteak hartu eta gero hiribilduko kale nagusian barrena ibili nintzen kuxkuxean, nirea ez den nostalgia edo herrimin bati atxikita, ni oso gutxitan egon bainaiz hiribilduan, nire aitonamonen basetxea herri irteeran baitzegoen, errepide nagusiaren ertzean. Hala ere, hiribilduko kaleak ezagunak zitzaizkidan, noski, txikitan behin baino gehiagotan bertatik zehar ibili nintzelako, baina oroitzapenok nire aitarenak ziren, joandako bi asteetan ospitalean izan baitut eta ordu asko elkarrekin igaro ditugunez solasean nire aitak izan badu denbora dexente, gura adina, ezinbesteko hitz aspertuekin batera baita bere txikitako kontuak banan banan gogora ekartzeko ere. Gauza benetan xamurra, haatik, nire aitak oso gutxitan halakoak kontatu dizkidalako ni behin koskortu eta gero. Baina, badirudi urteak joan ahala, eta zahartzaroko ajeak direla medio, gero eta gogo handiagoa duela haren zein bere senideen bizipenen kontura hitz eta pitz egiteko, bere adineko gehienei suertatu bezala, alegia. 

Alde horretatik, eta beharbada egun askotan bere aitaita bat egon eta hil zen hiriburuko ospitale berberean ingresaturik zegoelako, haren aitonamonen gainera berba egin zidan luze. Izan ere, bere lau aitonamonen nondik norakoak gogora ekarrita haren bi sendien berri ere eman zidan, nik ordura arte oso gainetik baino ezagutzen ez nituen hainbat berri, hau da, nola bere amaren senitartekoekiko harremanak sendoagoak izan ziren betiere, zer nolako nortasun ezberdinak zituzten bere bi amamek, bere amaren aldetikoa zer-nolako emakume jator eta bipila zen, kale nagusian herriko dendarik handiena edo zuen bizkaitarra, nola joan ohi zen bere aitaitarekin Toloñon barrena zaldiz Paiueta alderantz ikatz bila gero dendan saltzeko, nolako harremanak zituzten bere aititamamek bertakoekin. Kontatu ere egin zidan, txikitan egin bezala egia esan, bere birraitita bizkaitarrak herriko "kateak" zein Leintz-Gatzaga aldekoak ere biltzen zituela, hau da, antzinako bidesariak foru probintzia batetik batera pasatzeko edo Ebro ibaia zeharkatzeko Gaztela alderantz. Eta kontatu zidan berriro ere nola bere amaren aldetiko aitaitamamak hondatu egin ziren gerra ostean dendan gehiena bermepean saltzen zuten-eta ia inork sosik ez zuen garai batean.

Gero hitz egin zidan ere bere aitaren aldetikoez, nola saldu banandu egin zuten nire leinukoek antzinatik sorleku izan zuten Larrazuria Arkuaren ondoko auzoan zegoen etxea anaien artean, zer dela eta nire aitaitak errepideko harrizko etxea lehen alokatu eta gero erosi egin zuen behar besteko diru bildu orduko. Bere aitaren aldetiko amamaz ere aipu egin zidan, ezer gutxi tratatu zuela esanez, oso andre serio eta harroa zela, bera eta bere hildako anaia nagusiari trufa egiten ziela Kale Nagusiko bere etxe ondotik pasatzerakoan amama herriko beste emakume batzuekin itzalpean kartetan jokatzen ari zirelarik. Eta honekin batera beste hamaika kontu neretzat benetan xamurrak, politak, arbasoenak zein herriko hainbat handikirenak ere bai.

Eta horietxek ziren buruan nerabilzkien kontuak nire herriko Kale Nagusitik zehar nindoala atzo, pil-pilean nituen aldetik gehienbat, nire aitak aurreko egunetan aitatu zizkidan bere bi familien jaiotxeen bila, Kale Nagusiko etxaurre dotore zein armarri handiei so. Ederra da, oso, nire aitaren ederra, eta badu, jakina, histori handia, nola ez izango muga arteko bastida izanda, hau da, Historian zehar Gaztela eta Nafarroa arteko erresumen tirabiren lekuko eta maiz ere protagonista, horra hor ere hainbeste amarriren zergatia, hiribildua poblatu egin baitzuten gehienbat herrialdeko leinu askoren bigarren edo hirugarren oinordekoek bertan euren oinetxea sortzeko asmotan edo erresumako mugak defenditu artean.

Gauza benetan interes/gogoetagarriak Historia maite dugunontzat, jakina. Alabaina, hiribilduan zehar nindoala zera etorri zitzaidan gogora ustekabean, ba nire aitak ere kontutako hamaika pasadizu, haietariko asko batere xamurrak ez direla, garai izugarri latzak izen zirenekoak, herrietako egiazko bizimodu estu, gogor eta askotan ere zitalak ondo asko erakusten zituztenak, herrietako bizitza ez baitzen, aspaldi behintzat, batere goxoa, guztiz kontrakoa baizik. Baliteke gaur egun hori guztiori bigunagoa izatea, areago, baliteke hirian baino eroso edota aberasgarriagoa izatea. Baina, esaera zaharrak ezin hobeto azaltzen du, herri txikia, infernu handia. Izan ere, egia borobila da delako esaera zahar hori, nik txikitan, aitonamonenean, horren berri edo adibide asko eta asko jaso egin bainuen nire senitartekoen ahotik. Orduan, herriko etxe ikaragarri eder eta dotoreen gerizpean nengoela, nire arbasoenak izan zirenenean hain zuzen, zera otu zitzaidan, familiaren kontuak kontu direla eta kitto, inondik begiratuta aspaldiko kontu zaharrak, oroimemaren gordailuan giltzapean daudenak, nire oraingoa inola ere baldintzatzen ez didatenak iraganaren morroi ez bainaiz, gehien jota iraganaren jakin-gose, ez besterik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...