viernes, 19 de mayo de 2017

URKAMENDIAN


http://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-05-18/urkamendian.htm

Kexu ari zen aspaldi Pedro Juan Gutierrez idazle kubatarra literaturaren amaieraren kontura. Habanako Trilogia Zikinaren egilearen aburuz, zuzentasun politikoak egiazko literaturaren iraupena kolokan jartzen du. Honen adibide Wendy Guerra idazle kubatarrari suertatutakoa: Espainiako argitaletxe handi batek Negra izeneko nobela baztertu zuen liburuari ustezko arrazakeria kutsu bat zeriolakoan, izenburutik hasita. Ez zen egia, noski, guztiz kontrakoa baizik: Negra kubatar belztasunaren aldarrikapen eder eta sakon bat da, duda izpirik gabe. Izan ere, Guerraren liburuak Kubako beltzen kulturaren hainbat alderdi jorratzen ditu, besteak beste, afrokubatar santeria zein kubatar gizartean gaur egun ere pil-pilean dauden beltz eta zurien arteko tirabirak. Argitaletxekoek bazekiten hori guzti hori, noski; baina, ez zuten argitaratu gura euren balizko publikoaren beldur, ondo asko baitakite gure garaiotan literalitatea nagusitzen ari dela ezari-ezarian; hau da, gauzak hitzez hitz ulertzeko joera zabala omen dagoela, esanahi bikoitz, irudizko, ironikoari edo probokazio hutsari tarterik utzi gabe.

Bestela esanda, puritanismo berri bat nagusitu da. Izan ere, Pedro Juan Gutierrezek ederto gogoratzen digunez, Flaubertek berak 1857an Madame Bovary-ren erruz egundoko erasoak pairatu behar izan zituen, orduko moral kontserbadore nagusiaren oinarriak suntsitzen zituelakoan. Gaur egun ere antzeko zerbait suertatzen ari da zenbait idazlek ustez nagusi diren pentsamoldeak edo aurreiritziak nola edo hala kritikatu edo, are okerragorik, hauen kontura trufaka egiten duenean. Ez du barkaziorik izango, ez behintzat, sare sozialen aldetik, hau da, koldar zein ergelen aterperik handiena eta batik bat zuzentasun politikoaren zaindarien pulpiturik altuena denetik.

Badago, beti egon da, gainontzekoen iritziak zein jokabideak garaian garaiko ortodoxiatik epaitzeko gehiengo ahobero eta egoskor bat ñabardurak zinez gorrotatzen dituena, ulertzen ez dituelako. Badago buru gaizto mordoa ere, ez ulertuarena egin nahiago duena. Behiala puritanoak plazan saiatzen ziren haiek bezala pentsatzen ez zutenak garrasika, biraoka, harrika, kikiltzen. Gaur egun, berriz, sare sozialak urkamendi dituzte. Zoritxarrez, Interneteko talibanen plaza sekula baino zabalagoa da, hau da, euren gorrotozko mezua inoiz baino arinago hedatzen da ia-ia bazter eta txoko guztietara. Okerrena, aldiz, ez da puritanoen gaitzespenak lortzen duen hedapena, inpunitatea baizik, sare sozialetan ez baitago lekurik eztabaida lasaietarako, argudio zein ideien elkartruke gizalegetsurako. Sare sozialetan, Erdi Aroko plazetan bezala, liskarra da legea. Sare sozialetan matxista zikin bat zarela leporatuko dizute XX. ko idazle handien zerrenda batean emakumezkorik sartu ez duzulako, zerrenda hori egiteko zergatiak aditzeke. Zertarako? Ez zaizkie inporta, ez dituzte ezinbesteko, zuk bekatu egin duzu, antigoaleko herejeen gisa, gaur eta atzoko inkisidoreek eskegiko dizuten sanbenitoa merezi izango duzu, alegia.

Gauzak horrela, nola harritu argitaletxe handiek egiazko literatura etengabe baztertu izanaz. Egiazko literaturak gehiengoen ustezko adostasun moralak zein pentsamolde nagusiak gogotik jipoitzeko joera bizia du. Egiazko literaturak gizartearen kontraesanak agerian uztea atsegin du. Egiazko literaturak esanahi bikoak, ironia eta, batez ere, probokazioa maite ditu; hain zuzen ere munduan izandako puritano guztiek gorrotoen dutena.

Hala eta guztiz ere, argitaletxe handiek egungo puritanoak inoiz baino arriskutsuagoak direla dakite, inoiz baino oihartzun handiagoa baitute, inoiz baino errazago eta arinago sumintzen baitira, inoiz baino kalte handiagoa egin baitezakete. Horrenbestez, gaur egun Bukowskik, Celinek, Sadeko Markesak edo Reinaldo Arenasek euren liburuak argitaratzeko oso aukera gutxi lituzkete, baita Patria bezalako liburuak idazten ez dituzten euskal idazleek ere; edizioa ezer baino lehen negozioa baitzaie argitaletxe handiei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...