viernes, 13 de julio de 2018

GASTEIZKO HONDARTZAK, ATZO ETA GAUR

#Komunitatea "Gasteizko hondartzak, atzo eta gaur", Txema Arinasen eskutik
http://uberan.eus/…


Gasteizko Hondartzak, hona hemen Xabier Montoia gasteiztar idazle oparoaren liburu baten izena, aspaldi Euskadi Saria eta guzti eman omen ziotena. Izenburuak bazuen ironia pintin bat azalean Gamarrako piszinak agertuta, hau da, kostalderik gabeko hiriaren gorabeherak edo. Baina bai, ironia galanta gasteiztarron egiazko hondartzak Uribarri-Ganboa urtegiko urbazter legartsuak baitira gehien jota eta ezinbestez. Edonola ere, Montoiaren ipuin sorta hau da atzo arratsaldean gogora ekarri egin nuena nire umeak Gamarrako piszinetaraino eroan nituela bero sapatik ihesi eguzki galdapean txoro-txoroan etzate aldera. Bazen urte mordoa, hamarkadak egia esanda, bertara joana ez nintzela, hots, berriki egindako berriztapenak ezagun ez nituela. Umetan ostera urtero uda partean gurasoekin edo nerabetan nire lehengusuekin zein eskolako hainbat lagunekin joan ohi nintzen, batez ere uztail aldean, ia arratsaldero, Gamarra aldera zihoan urbanoa hartuta. Eta bai, aitortu beharrean nago nire txikitako piszinak dexente aldatu direla. Azalez behintzat bai, dena erabat berrantolatuta baitago itxura mordenoago edo agian erosoago bat ematearren; baina, funtsez aldiz ia denak berdin dirau ezinbesteko itxurapainketarekin. Hala ere, baldin badago taiuzko aldaketa bat hori dagokio egun Gamarrako piszinetan nagusi den jendilajeari, alafede. Izan ere, txikitan/gaztetan nire inguruko gehienek, hau da, auzoko zein eskolako lagunek. Mendizorrotzako piszinetara jo ohi zuten, gehienak bazkide zirelako -hiriko aberaskilo-kumeak Estadiokoak izaten ziren baina-, hau da, Mendiko karneta zeukatenak, eta Gamarrakoetara inongo edo inolako karnetik ez geneukanok jo ohi genuen. Egia esateko, hau da, gauzak lehen behintzat ziren bezala esatearren, Gamarrakoak ziren langile auzoetakoen piszinak zein Gasteiz inguruko herrietatik uretara propio zetozenenak. Edo bestela esanda, eguna, goizetik arratsera arte, familia giroan pic-nic egitera etortzen zirenenak, hau da, piszinen inguruko zelaietan eguneko ia otordu guztiak egiteko asmotan, plastikozko mahai eta aulkiekin ondo hornituak, zetozenak. Badakit nik hau horrela esanda pekatu larria dela gurea bezalako gizarte batean non gizarte-mailak eta ez baleude bezala jokatu ohi dugun, gaia bera aipatzea lotsatzeko modukoa bailitzan ia ustekabez. Eta beharbada ez da gauza txarra horrela jokatzea, ez; egia esanda geure gizartearen bertute bat delakoan nago zeharo, batez ere beste hiri guztiz klasistago batzuen aldean non giza-taldeen arteko mugak hainbat ezaugarri ekonomiko edota geografikoek ondo asko bereizita/nabarmenduta dauden. Hala eta guztiz ere, auzoen arteko bereizketa hori niri behintzat txikitan ezin ageriagoa egiten zitzaidan gure gurasoak autonomo txikiak eta Avenidakoak ziren aldetik, hau da, klase ertain langilea, haiek harro esatea hain gustuko zutenez betiere. Halaber, ez dakit nik zenbatgarren aldiz esan zidaten urtero Mendizorrotzakoen bazkide izateko, zorioneko karneta behingoan eskuratzeko. Eta nik ezetz, ez zuela merezi, piszinotara uztail aldeko astegun buruzurietan baino joango ez ginen leloa aitzakia, asteburuetan eta batik bat abuztu partean gure aitaren herrikoetan zein Gipuzkoako kostaldeko herriko hondartzetan egongo ginela, hori eta Adurtza auzoko lehengusuekin kosta ahala kosta joan nahi nuela Gamarrakoetara. Gaur egun, ordea, badirudi jende-modua azalez behintzat ere dexente aldatu dela. Badirudi, halabeharrez, nazioen parke batean gaudela, mota guztietako hizkuntzak zein azentuak entzungai baititugu (eta betidanik bezala ere Debagoieneko euskalkia nagusi da euskaraz egiten dutenen artean zenbait ikastoleroren batuarekin batera), mota guztietako larruazal koloreak zein piurak. Azalez bai, baina funtsez ez dut uste piszina-zaleen jitea askotxo aldatu denik, gaur egungo piszineroen giza-aniztasun/aberastasun kulturala gure hiriak jasan duen giza-aldaketaren ezaupide ezin begi-bistakoagoa omen da, antza Maroto alkate ohi (ez)jaunak batere maite ez zuena; baina, izatekotan gurea bezalako hiri txiki eta hertsi batek joandako mendearen erdialdean jaso zuen aurreneko giza aldaketaren gisakoa da, hau da, biztanleria 60etako garapen ekonomikoa zela medio auskalo zenbat aldiz biderkatu egin zenekoa Espainiaren toki guztietatik etorritakoei esker.
Alde horretatik, Xabier Montoiaren liburua nolabait zaharkituxe geratu dela nabarmendu behar genuke, zeren osatzen duten ipuinek hainbat gasteiztarren istorioak jorratzen baitituzte sasoika, hau dan hiriko Historian zehar, eta zer esanik, liburuari, 1997 urtean argitaratua izanik, falta zaizkio Gasteizek azken hamardadetan jasandako giza-aldaketa handiak, nire ustez guztiz aipagarrienak, batez ere interesgarrienak, behinik behin hiria beti bezain txiki eta hertsia izanda ere beste handiago batzuen aldean, sekula baino anitzagoa eta batik bat kosmopolitagoa baita, azken honek dakartzan pentsamode aldaketa zein nahitaezko liskarrekin batera.
Niri dagokidanez zer esanik ez, gaur egungo Gasteiz hau umetatik ezagutu edo pairatutakoa gurago dut duda zipitzik gabe. Nik hiri handi ego gutxienez ertaienen anonimatoa atsegin dut ezer baino lehen. Oro har, ez zait batere gustatzen gizalegeari eutsiz ezagun edo lagun ditudanekin denbora etengabe hitz aspertuetan edo alper-berriketan galtzea, hau da, nor bere bizitzaren kontura huskerietan buru belarri jardutea behin eta berriz erabat nazkatu arte. Halako uzkurra naiz, agian betizu samarra ere, bai horixe. Horrenbestez, eta behiala bezala, Gamarran guztiz gusturago egon nintzen Mendizorrotzan baino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...