lunes, 11 de febrero de 2019

ROSA ITZULI DA - PAKO ARISTI

Hitzen Uberan.eko komunitatean argitaraturiko iruzkina Pako Aristiren "Rosa itzuli da" nobelaren gainean: http://uberan.eus/…



Ezer baino lehen esan behar da irakurketa hau ez dela batere xamurra azken hamarkadotan ETAren jarduna gogotik gaitzetsi duen edonorentzat. 2013an, Parot dotrinaren baliogabetu ondoren,  Rosa izeneko ETAko militante bat aske geratzen da hogei urtetik gora preso izandakoan. Rosa bere herrira itzultzen da, Sagastumera, eta bertan topatuko duena izango dugu abiapuntu ETAren borrokaren alde dena eman zutenen nondik norakoak jorratze aldera, hau da, itzuleraren inguruko zirrarak, belaunaldien arteko gaizki ulertuak zein alde bateraezinak, kaleko errealitatearekin talka, delako gatazka luzearen ondorioak, ahaztu beharreko hainbat eta hainbat gauza. Horrez gain Pako Aristik berak esandako thriller politiko moduko ildo bat erabiltzen du istorioa nolabait harilkatzeko asmoz, edo beharbada apurtxo bat arinagoa egiteko soil-soilik, auskalo. Honekin batera, eta niri nobelaren alde mamitsuenak edo erakargarrienak begitandu zaizkidanak, gauzatu ezineko amodio istorioarena eta batik bat atsotutako amarekikoena.
Gauzak horrela, argi eta garbi esan beharrean gaude hau “lubakiko” nobela bat da, hau da, ETAren borroka sustatu edo goraipatu duen euskal gizartearen alderdiarena. Izan ere, nobela aitzakia hutsa ematen du azken urteotako borroka horren inguruko gogoeta egiteko lubakiaren alde batekoen ikuspuntutik eta betiere Rosa izeneko pertsonaiaren kontura ETAko hainbat eta hainbat presori, azkenera arte erakunde armatuaren estrategiarekin bat egindakoei, ahotsa emanez. Eta gogoeta horiek ezin gordinagoak dira borroka armatua inondik inora  arbuiatu ez duen eta espetxetik atera berria den militante bati dagokionez:
“-Hitzak ba politak, baina ekintzak zer? Zertan dabiltza gu borroka armatuan babestu gintuztenak, babesa eman zigutenak? Orain guk hil genituen haiei omenaldiak egiten, loreak uzten dituzte guk ekintzak egin genituen kaleetan. Nola esplikatu liteke hori? Badakizu zer sentipen daukadan? Iruzurrarena. Estafatua sentitzen naiz, atzera egin dugu, Estatuari aurre egitetik sistema onartzera pasatu direlako. Guk sekulakoak jasan ditugula, alegia, beste batzuk ondo bizi daitezen.ETAkoa izatea gaur estigma ba bihurtu da, orain badirudi inork ez zuela hura babestu, baina 50 urte iraun ditu, nola da posible hainbeste iraute inork lagundu gabe?”
Honaino helduta, nabarmendu beharrean gaude ezin ageriagoa dela Aristik Rosa izeneko preso askatu berria eta bere herriko ezker abertzaleko arduradunaren arteko elkarrizketak baliatzen dituela ETAren aldeko ezker abertzalearen barruko eztabaida gogorrak, mingotsak eta aski ezagunak ere, hizpidera ekartzearren.
“-Zu eta zu bezalako egoskorrekin jai genuke! Ez al zara konturatzen? Orain ezin da proiektu politikorik inposatu, gizartea erakarri egin behar duzu, seduzitu, liluratu, proposamen interesagarriak aurkeztu. Eta irribarre batekin. Borroka armatua bukatu zen, orain konfrontazio demokratikoaren aroa da, eta hortik ez gara aterako.”
Hala eta guzti ere, ez dago duda apurrik istorio horretan Rosa heroia dela, dena borrokaren alde eman zuena, bere herriaren ustezko askatasunarengatik kartzelan denetarik pairatutakoa, herrira itzulitakoan sinetsi zuen guztia hankaz gora aurkitzen duena, bere burua errealitate berrian non eta nola kokatu ez dakiena, nolabait traizio hitza beti aho puntan darabilkiolako.
“Presoak orain traba bat gara, ez dakite zer gurekin. Ez gara hedabideetan ateratzen, ez gaituzte elkarrizketatzen, ezta gureak ziren hedabideetan ere. Badirudi ez direla herri honen osagarri.”
Alde horretatik, eta oro har Aristik Rosaren inguruan eraikitako pertsonaiaren kariaz, ezin da ukatu nobelak ETAren militanteei egindako gorazarre moduko zertxobait ematen duela, hau da, euskal gizarte osoa euren esanetara makurtu arazteko borrokaren alde inoiz amore eman ez zuten etakideei, saiatuetan saiatuenei. Nik behintzat gorazarre kutsua edonon sumatzen diot nobelari, hau da, gainerako euskal hiritarron borondatearen kontra ere, edo agian batez ere, indarrez, hots, armen eta batik bat besteen heriotzaren bitartez, Euskal Herria  -eta kasu honetan Gipuzkoa barreneko Sagastume herriak ondo asko erakusten digu beste behin ere Rosa bezalako abertzale zintzo eta sutsu asko eta askorentzat egiazko Euskal Herria euren herrian hasi eta bukatzen dela ozta-ozta- askatu nahi zuen erakunde armatua oraindik ere ontzat aldarrikatzen dutenentzat propio idatzitako nobela bat.
-Nik beste ETA bat ezagutu nuen. 80ko hamarkada zen, Aljeriako negoziokoak iristeko zeuden artean, sekulako ahalmen militarra genuen, eta orduan ez zen jende zibilik hiltzen, gizon armatuak baizik, Hipercorreko akatsa kenduta, Yoyesen exekuzioa edo nahi gabeko zibilen heriotzak, estatuek eurenei “zehar kalte” deitzen dieten horiek. Bestea, 1995ean hasi zen, eta horrek ekarri zion “terrorista” epiteto tamalgarria. Borroka armatua debaluatu egiten da terrorismo deitzen dutenean, hedabide eta diskurtsoetan terrorismoa darabiltenean, eta iritzi publiko internazionalak eta halakotzat daukanean. Baina sinets iezadazu: Irabaztea gure buruan zegoen garai hartan.”
Ez dago beraz inolako (auto)kritikarik ETAk eragindako min eta kalte guztien kontura, ez dago inola gogoetarik ETAren helburuen zilegitasunari buruz, inolako taxuzko aipamenik bidean utzitako errugabekoen gainean. Aristiren nobelaren ildo diskurtsiboa ezin da argiagoa, zorrotzagoa, zintzoagoa izan, hau da, eta egia esanda asko laburbilduz: “gutarrenekikoa” eta kitto. Eta horrexegatik ere irakurketa ez da batere atsegina, erosoa, zabala, Aristiren lubakiaren aldean ez gaudenontzat, besteak beste bertan, hau da, protagonista-heroi hautatako Rosaren hitz eta jokaeran, inolako errukirik topatzen ez dugulako delako gerra horretako ustezko gudariek etsai dituztenekiko:
“Gaur omentzen diren biktimak izen egokiaren agertu lirateke historia liburuetan: okupazio indar inperialistetako kide gisa.”
Irakurketa desatsegina, ozpina, sarritan ere nardagarria gainerakoenganako erakusten duen gupida eza izugarriarengatik. Berdin dio jakiteak Aristik erakusten duen mundua gure errealitatearen zati oso ezaguna dela, gogorra da beti gupida-gabekeriari aurre egitea ondo asko jakinda ere literaturan ere bere lekua izan behar duela nahitaez. Horixe baita Aristiren nobelaren balioa, denok gertutik ezagun dugun errealitate baten nondik norakoak hizpidera ekartzea, gogoko ala ez izanda ere, zeren eta, diskurtsoak diskurtso, hau da, barne kontsumorako gogoeta guztiok alde batera lagata, nobelak ezin hobeto jorratzen baititu bergizarteratzen diren etakide ez damutuen gorabeherak, betiere ETAren aldekoen ikuspegitik, hau da, Rosaren beraren begietatik, jorratuta, noski. Eta horrexegatik ere diot nobelaren alderdirik interesgarriena Rosa eta bere ama atsotu berriarena dela, bertan azaltzen baitira gordin-gordin  eta norberaren borroken gainetik bizitzak jartzen dizkigun erronka benetan zailak, haiek erakusten baitute egiatan gizabanakoen egiazko neurria.
Delako thriller politikoari buruz nahiago dut doia idaztea: Aristik bilakatzen du terrorismoaren biktima bat bere istorioaren gaizkilea; horrek ematen du ere nobelaren neurria. Gainera, ildo hori ez doa fundamenduzko inora, ez du apenas ezer gaineratzen. Izan ere, badirudi ETAren biktimen etakideenganako jokabidearen kontura erantsitakoa dela nolabait gutxiesteko asmotan; eta, egia esanda, ezta batere harritzekoa biktimak “indar inperialistetako kide gisa” behin murriztu eta gero.

Hala eta guztiz ere, Pako Aristiren azken eta aspaldidaniko nobela hau oso interesgarria suertatzen da, aipatutako ETAren aldeko ezker abertzaleko kideen artekoak, Rosarena zein bere ingurukoenak, ezagutarazteko, edo gehienoi tamalez gogorazteko asmoz. Horretarako ere dezente laguntzen du Pako Aristiren idazkera goxoa, iaioa, arina bezain fina edo aberatsa, hau da, bere aurreko lan guztietan, aspaldiko Auto-stopeko ipuinak (1994)  Kcappo (1985) edo Urregilearen orduak (1998) bezalako idazlanetan ezin hobeto erakutsi zuena. Eta horrexegatik ere harritu egin nau, Pako Aristi euskal literaturaren hain goi-mailako idazlea izanda, Rosa itzuli da nobela honi buruzko kritikarik ez topatzea, nik gaurdaino ez dakidala behintzat, Interneteko kritiken hemerotekan bat ere ez, hau da, gaia arantzatsuegia balitz bezala, merezi ez balu bezala demaseko atentziorik badaezpada edo, hots,eskuartean erretzen duen txingar gorria bailitzan. Ez da seinale batere ona, literatura baita eskura dugun eremu libre ia bakarra, gogoko duguna ala ez jorratzeko, behar beste kritikatzeko zein goraipatzeko, baina betiere ontzi ezin zabal eta egokiagoa errealitate guztien arragoa, atseginak ala ez, sar dadin.

Txema Arinas
Berroztin, 2019/02/09

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...