HAZKA EGINEZ





Bitxiak dira gero, bai, guzti-guztiak beti, etengabean, ozta-ozta ahoa zabaldu orduko, kritikatzen dituzten bikote horiek, euren aldean gainerakoak eta printzipioz jendaila hutsa bailitzan. Gero, euren buruaz edo seme-alabetaz ari direnean apartak, bikainak, inor baino hobeak balira bezala egin ohi dute. Bitxia da, bai, batez ere euren buruan apurtxo bat hazka egiten duzunean, horrezkero berehalaxe asmatzen duzu inoiz inorekin ondo konpondu ez zirela, lagun artean doi-doi koskortu zirela, hau da, beti taldetik aparte, talde edo koadrila legea erabat ezezaguna zaiela, indibidualista porrokatuak baina baita behartuta ere gainerakoekiko oro erronka bat zaie eta. 

Beste hainbeste sexu kontuetan. Aspaldi honetan gizon pila topatu dut emakumezkoen aurrean beti urduri edo egoten direla, aurrekoa nola edo hala liluratzeko, kosta ahala kosta limurtzeko, premia balute bezala, emakumezkoekin beti jokoan edo jokoz kanpo sentitzen direla, gehienetan deseroso, erne, atezuan. Bada niri guztiz bitxia, arraroa bezain arrotza egin zaidala nire bizi osoan nesken aldamenean koskortu naizelako, besteak beste nire koadrillan nagusi direlako, eta egia esanda, gaur egun, hiru lagunmin alde batera lagata (eta hirurotarik emakumezko bat), adiskide bezala gehien estimatzen ditudanak emakumezkoak dira, nire emaztea barne, noski. Orduan ere hazka egiten jarraitu beharrean zaude, horrelaxe berehala ere asmatzen duzu euren bikotearekin berdin jokatzen dutela, hau da, haren aurrean beti deseroso, erne, atezuan, hari beti zer edo zer erakutsi nahian, bera liluratzeko, seduzitzeko edo beharbada egunez egun maitemintzeko etengabeko lehiaketa batean baleude bezala gainerakoekin, betiereko limurketa batean. Zuri, ordea, jokaera hori nekaezina begitantzen zaizu, ezin duzu ulertu. Halere, jakin badakizu hori dela, izan dela, gizonezko askoren emakumezkoekiko jokabide tradizionala, txikitan etxean edo kalean ikasi zutena: ezin dituzte pareko balira bezala tratatu, ez dakite, ez dute ikasi, emakumea beti gizaki arrotz eta arriskutsua zaie ezinbestez. Eta orduan bai, orduan gauza asko ulertzen hasten zara, baita zure belaunaldiko eta gazteagoetako asko eta askoren gainean ere. Ez da batere erraza, ez da izango, baina izan behar da noizbaiten.

Comentarios

Entradas populares