domingo, 12 de julio de 2020

ASTEKOAK


Aspaldi hontan agian gehiegitxo kexatzen ari naizenez gero zerbait benetan positiboa idaztea otu zait egiari beti zor. Ezer baino lehen egia borobila dena: Gipuzlandeko eskaintza gastronomikoa itzela da duda izpirik gabe, baleike munduko zabalena, oparoena, goxoena, berdin dit esandakoak gehiegikeria itxura duen ala ez. Eta zabalena diodanean presioaz ere ari naiz. Danetarikan dago gure lurralde maitegarrian. Bestalde, eta ezer baino lehen, 
Josema Azpeitia lagunari eserrak eman beharrean nago emandako aholkuengatik: Onyarbiko Danontzat zein Arraunlari Berrian primeran, leku apartak eta berezi-bereziak. Atzo eguerdian, pasai Donibane ezagutzera joan ginela, Txulotxo jatetxean bazkaldu genuen; ganbak eta begiandiak plantxan, bi zapo labean, eta plazerez negar egiteko moduan zegoen milhojas/ostopilazko bat, berriro ezin hobeto, dena fresko-fresko eta goxo-goxo, eta gainera ibaiadarrera begira. Pena eskatutako Gaineta txakolin benetan goxoak egundoko bihotzerrea eragin izana; baina hori, jakina, nire errua. Bestalde, zerbitzariak atsegin-atseginak, gero eta ageriago omen da belaunaldi berri gehienek ez dutela euren nagusien berezko xomorrokeriarekin bat egiten. Aitortu beharrean nago Donostin hainbat urtez bizi izanagatik Donibane zinez ederra ezezagun nuela, hara garbitu dudan beste pekatutxo bat, apur-apurka santitatearen bidean.


Ezetz, motel, ezetz, ez dago biderik. Ezin duzu nahi edo behar adina adierazi, denokin berdin jokatzen saiatu, zure uste edo iritziei irmo eutsi eta batez ere zaren bezala beti jo, onerako zein txarrerako, hau da, zure nortasuna agerian gehiegi utziz, eta gero denon gustukoa izan nahi edo gutxien espero duzunean... Holakorik inoiz gerta ez dakizun hobe beti ixilik eta denokin otzan, menpeko, koipetsu; baina ez, ezta negozio batere onik bizirik eta batipat nolabait aske zarela sentitze aldera.




Kantauri itsasoa ia bertatik bertara izanda, baita hain bizi osokoa udaran ere, gasteiztarron egiazko itsaso txikia Arabako urtegiak dira, batik bat Uribarri-Ganboakoa. Uda partean, txikitan gurasoekin zein gaztetan adiskideekin, arratsaldero ur ez hain gardenetan plisti-plasta egiteko edo ur bazterrean lagun artean lasai askoan ilunkera pasa egite aldera. Urtero bizpahiru aldiz hona etorri beharrean nago, behiala lanetik irten eta bazkaldutakoan txoko nudistan larru gorritan jartzeko eta gaur egun urtegiaren inguruko ibilbidean zehar oinez izerdi patsetan. Txikitako bizipenak gori-gori: umetan Etxe Zuria jatetxeko terrazan haurrak olgetan eta nagusiak zurrutean, gure aitak ezkon-eraztuna uretan galdu zuenekoa, Landa inguruko akelarre haiek patxaranez blai ilargipean, aldian aldiko neska arratsaldea zurekin eguzki galdapean pasatzea konbentzitzen lortzen zenuenekoa, oroz potroraino egoten zinela haraino edan edo erretzeko propio bakarrik joan ohi zinenekoa. Gure sasi-itsasoa apala da, oso; baina, bai ordea oso ederra eta batez ere bihotz-bihotzekoa.








Orbaibar, edo Orioko koplakari baten kantu sasijotero lokargarria baino gehiago; harribitxi erromaniko benetan ederrak. Katalain eta Etxanoko baselizak benetan zoragarriak, eta Iratxetako harrizko garaia itzel-itzela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...