domingo, 27 de septiembre de 2020

EGUNOTAKOA


DEMASAKO AMODIO-GRINA
-Zure ezpainen zapore eder goxo zoragarria.
Zure emetasun zorrotzaren hats hordigarria
Zure begi txundituen lilura xarmagarria.
Zure gerri arinaren haztamu leun ernagarria.
Maite zaitut, sekula inor maitatu ez bezala maite zaitut.

-Ordua, ordua bakarrik galdetu egin dizut, ez besterik!

Fikzioa eta errealitatearen arteko marra fin ia ikusezin delako hori.

Eta esango banizue nire 10 urteko seme txikiaren ikaskide batek Voxen maskara bat daroala. Ibrahim izeneko mutiko beltz bat, aita senegaldarra, "kale gorriko saltzaile bat" nolabait esatearren, ama ordea Mieres aldeko asturiarra Islamera aldatuta, eta, jakina, konbertso gehienen modura zapia buruan beti eroaten duena, areago, eskolako gainerako amak-eta meskitara tea hartzera etengabe gonbidatzen saiatzen dena auskalo zer nolako proselitismoa egin nahian edo, asturiarrera eder goxo batez baino hitz egiten ez duena, hau da, Asturiasetik kanpo Voxekoek eta bestek haren hizkeraren kontura barre egingo ziotena. Mutikoak nireari behin esan zion Voxekoak arrazistak ez zirela kide beltz bat zutelako... Sinetsiko al zenidakete? Ez noski, nik asmatutako zera litzateke, ezta? Ba ni oraindiokan sinetsi ezinik nabil, bai horixe. Baina bai, lagunok, hamaikak ikusteko jaioak... 



-Bai, lagunok, nik neuk ere errugabeko asko garbitu nituen, nik bezala pentsatzen ez zituzten guztiak etsai bilakatu eta xaxatu, jazarri, astindu ere egin nituen. Egia esanda, beldur-ikara hedatu nuen Euskal Herri osoan zehar nire ikuspegiak, pentsamoldeak, sinesmenak gainontzekoei indarrez inposatzearren.

-Eta?

-Eta gerora, denboraren poderioz, eta betiere erromantizismorik txatxuenaren erruz zein oso interes ideologiko zehatz batzuei eutsiz, gehienon begietara heroi bilakatu egin ninduten. Zer diot! Euskal mito peto-petoa.

-Eta?

-Eta gero misioetara aldatu eta bertan ozta-ozta santutu nintzen.

-Tira ba, asko eta askoren moduan...

-Ba, aspaldiko zenbait polimiren modura, bai; baina, ez zoaz, arren, Arkaitz Rodriguez delakoarengana kontu-kontari, badaezpada...
 


SASIARTEKO GOGOETA ZOZOA

Egiazko lagunari, adiskideari, eta hemen berdin dio bizi osokoa den ala ez, edozer gordin-gordin esan diezaiokezu aurpegira kontuan hartuko ez dizulakoan, horrezkeroztik begitan hartuko ez zaituelakoan. Eta jakina, alderantziz ere bai. Sasi-lagunak ordea ez dizu sekula bat ere barkatuko, ez eta zuk berari ere omen. Sasi-lagunak beti zainpean izango zaitu ea zugandik espero duen ortodoxiatik aldentzen zaren. Sasi-laguna zure zelatan ibiliko da etengabean, betiere zer diozun, daukazun, daroazun, nora zoazen, nondik zatozen, asmatu eta batez ere epaitu nahian. Sasi-lagunaren hitzak arinak dira, oso, haizeak aise, azkar eta urrutira eroatekoak. Sasi-lagunak ez zaitu inoiz egiatan ezagutuko zure karikatura baino. Sasi-lagunak ez dizu inolako leialtasunik zor, horrenbestez ez du izango gutxien espero duzunean zu gogotik larrutzeko erreparo edo lotsarik. Sasi-laguna edozein huskeria edo gaizki ulerturengatik etsai bilakatzeko joera bizi edo bederen erraza izan ohi du. Horrexegatik egiazko lagunak, adiskideak, sasi arteko loreak dira, ondo zaindu eta batez ere ureztatu beharrekoak. Sasiak aldiz edonon hazitzen dira, alajainkoa!




Goiz urrekara ederrra, udazken tanttak nonnahi. Etsiak jota bizi garen garaiotan gogoa berpizteko geratzen zaizkigun gauza urrietakoa.

Etxeko tomateak, edo hobeto esanda, nire anaiarenak, bera delako landatu eta zaindu egin dituena. Argazkian ederra ematen baldin badute ezin asmatu ahoan benetan zeinen goxoak. Eta gutxi ez balitz bezala oraindio badaoz be adarretan; bizitza zoragarria denean gogotik izaten da gainera

Etxeko lasaitasunetik ikusita hor kanpoan denak okerrago ematen du. Eta egia ondo esanda, izan bada. Eta jakina, okerra den orok betiere okerragoa izateko aukera handia izan ohi du.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...