AZKEN EGUNOTAKOA




Aurreko astean Donostiko izozkitegi batean saltzaileak bezeroari maskara non zeukan galdetu eta beronek "exento" zegoela erantzun zion ezin harroputzagorik. Sutan jarri nintzen tamainako harropuzkeria zein gurekiko mesprezuarengatik, benetan sumindurik nire emazteak nola edo hala baretzen lortu ninduen arte, ezin baitut agoantatu halako astakirtenik. Badakit izozkidendako arduradunak ez zuela inolako errurik, argi eta garbi eskatu baitzion ergel alu hari maskara jartzeko honek eskaerari muzin egin zion arren; baina, nola uxatu bezero bat nagusiaren erantzunaren beldur? Tira ba, hurrengorako argazkikoa bezalako iragarki batez arazorik ez, alajaina


Hau da nire hiriko alde zaharreko barrutirik kuttunena, ziur asko gutxien ezagutzen/bisitatzen dena, Almendraren iparraldea, Santa Maria katedralatik beheruntz, Aldabe inguruan (edo agian gaur egun hobeto esanda Al-Dabe... Madina.). Maite ditut bertako tabernak ere, badira vintage hutsak ezelako asmo barik, hau da, denboraren poderioz eta kitto. Izan ere, Los Amigos edo La Teja bezalako taberna batean sartzen baldin bazara aspaldiko tabernen itxura garbia, antigualekoa, peto-petoa topatuko duzu ozta-ozta aldatu baitira hainbat hamarkadatan. Dena da hain jatorra, ezen zerbitzaria, bi kaña jartzerakoan kupeltxoa aldatu beharrean dagoela jabetu orduko, kagondioka ozen-ozen hasiko den aurrean nor duen arduragabe. Hori edo kanpoko norbait barra ondoan dagoela zerbitzariari "Disculpe, ¿los pinchos de la barra son para comer, no?" galdetzen baldin badio, badago aukera handia erantzuna "¡no van a ser para metértelos por el culo!" modukoa izan dadin...



EL MUNDO ES ANSI

Baroja eta bere ikusezinak, gorrotoak, besteak beste Valle Inclan. Ezaguna da Barojak esperpentoaren sortzaileari leporatutakoa, askotan, gehienetan, entzunez baino idazten ez zuela; esate baterako, karlistadei buruzko liburu batean Gizpukoari buruz idaztea herrialdea gertutik ezagutzeke:
"¿Cómo me van a divertir a mí las tres novelas de la guerra carlistas que escribió Valle-Inclán, que pasan en el País Vasco sin haber estado el autor en él? Cuando veo que entre los guerrilleros de Santa Cruz —todos o casi todos guipuzcoanos— el escritor habla de viñadores —en Guipúzcoa no hay una viña—, de gente que corre al borde las acequias —no hay una acequia—, de viejas montadas en burros —no se ve una—, con los refajos sobre la cabeza —no he visto ninguna—, de curas con galgos —no hay un galgo—, etcétera. […] Valle-Inclán era en esto especialista, en historias fantásticas que acomodaba al tiempo (Baroja, 1997, I: 187)."
Halere, ezaguna da ere Pio Barojak La vida es ansí izeneko eleberria idatzi zuela hanka-sartze handi bat eginez, Arabar Errioxako Navaridas herria ondoko Paganosekin nahastu baitzuen delako izenburua, El Mundo es Ansi, Navaridas herriko etxezahar baten armarretik hartu zuela adierazten duenean ondoan dagoen Paganos herriko Juan Ortiz de Zarate inkisidore famatuaren etxezaharraren armarretik izan beharrean.
Gauzak horrela, han ere txakurrak oinutsik esan liteke idazleen hanka-sartze edo ajeen kontura. Halere, ageri da Barojaren Valle-Inclanekiko ezinikusiak ez zuela doitasun literarioarekin zerikusirik, ez eta idazketa prozesu edo ofizioarekin ere, hori aitzakia ei zen, zerbait guztiz prosaikoagorekin baino, idazle arteko gorabeheren egiazko neurria ezin hobeto erakusten diguna, sarri askotan ohikoa denez:
"Poco después no sé qué discusión hubo entre Valle-Inclán y yo, y yo me subí a una silla coja, la única que tenía a mano, para alcanzar un libro en un armario alto. No lo encontraba. En esto volví la cabeza y vi que el perro se ponía de nuevo en pie, delante de Valle-Inclán, y que éste le daba un golpe con la punta del zapato en el hocico, y que el perro se alejaba gimiendo. Me pareció una cosa tan estúpida, que estuve a punto de insultar a Valle-Inclán; pero el equilibro que tenía yo sobre la silla coja era tan difícil, que no permitía frases, y bajé y contuve mi desagrado, y dije que tenía que ir a trabajar (Baroja, 2013: 91)."






 Zin egin nuen duela pare bat urte ez nintzela Donostira uda partean itzuliko ezta txora-txora eginda ere. Gaur bueltatu gara gure amak eskatuta, Donosti azkenengoz edo ikusi gura zuela hil aurretik edo. Eta guk, jakina, guri amari bizitzeko gogoa piztutzen zaion aldiro bezala, men egin behar izan dugu. Baziren urte pila ez zetorrela, lehen aldiz urtean hainbat bider, lana edo aisia zirela, batez ere gure aitarekin Urola jatetxean bapo bazkaltze aldera. "Dena itxuraz oso aldatuta zegoela, baina funtsean dena berdin ere" aitortu digu. Ez nekien nik ama filosofa nuenik. Jakin badakit ostera gaur primeran pasa egin duela, gutxitan bezala. Ezta gauza makala, ez, bizitzak gogotik eta tai gabe astindu duen emakume batek esanda.





Zeinen desatsegina, zakarra, den Gasteiz, benetan. Edo hori da behintzat oso segituan hemen nagoela gogora etorri ohi zaidana kanpotik etorrita; terraza batean eserita zaudela ez dizu ia inork bertan zerbitzatzen hemen, beste inon ez bezala, zu zeu zara taberna barrura sartu behar duena eskean, ebaki bat eskatzen duzula lehen eseri behar eta gero, atoan, altxatu ebakiaren bila barraraino joateko. Eta ez kexatu, ze hemen inork ere ez dizu ulertuko, bezeroarekiko arduragabekeria itzela nomaltzat jotzen dute-eta hiritik sekula irten ez balira bezala. Harrigarria bezain adierazgarria.
Zorionez, etxera heldu eta logelako terrazatxoaren erlaitzean edo txantxagorri bat ikusi nuen...
"Baina egun bati esnatzerakoan
txantxangorri bat ikusi nuen gelan
ta gero beste, beste bat eta beste bat
inguratua nengoen
Oh tantxangorriak
gelako terrazan
gelako terrazan
oh txantxangorriak
gelako terrazan
..."

Comentarios

Entradas populares