Iragarki berria basora bidean. Lehenik eta behin debekuak eragiten didan bapateko ezinegona, edozein debekuk eragiten didan ernegua, samina, gero eta debeku gehiago gure inguruan sumatzen dudala, nolabait eta kosta ahala kosta gu otzandu, oinperatu edo nahian balebiltza bezala.
Gerora, debekuak debeku, bazela garaia asmatzen dut. Zaldiaran ingurumariak hiritik hain gertu egonda basoan zehar ibiltzea Bilboko Gran Viakoa bailitzan bilakatu egin baita. Arazoa, ordea, ez dira zorioneko motordun ibilgailuok bakar-bakarrik, oso zaratatsuak izanda ere. Arazoa, ohiko denez, oinbikoak dira. Izan ere, eta debekuetan ari garela, nik neuk honako debekuak ere proposatuko nituzke betiere mendi-basoa babestearren:
- Debekatua ibiltzea:
1.- Mendi-basoan zehar inori erreparatzeke eta ziztu bizian korrika joaten diren larrusendo ziklatuak.
3.- Mendi-basoan zehar inori agur esan barik doazen ibiltari xomorroak, hau da, Dato kalean zehar balihoaz bezala.
4.- Mendi-basoan zehar denoi eraso, maiz hozka ere, egiten dioten txakurrak solte daramatzaten kaskamotz ergelak.
5.- Mendi-basoan zehar kamiseta edo alkandora erantzita doazen agure izerditsuak.
6.- Mendi-basoan zehar doan edonor ni kenduta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario