Kostalderaino itzultzen garen aldiro
Aitortzen dizut idatziko dudala poema bat.
“Zertarako, ezin baldin badut ulertu?
Nire erantzuna berriz,
Bilboko bulegari ames-zale, adarjotzaile, bihurri, bihoztun, bihotz-zabal baten poesia hizkera zelako.
Gabriel Arestiren itzalpean,
Nik ere izan nahi nuen heterodoxoa
“Egia bat esateagatik…”
Gaur aski dut etxekalte
Atzo nuen aldiz izorrante.
Halere, ez gara honaino etorri, ez,
Nire etengabeko deskalabruaz.
Kostalderaino etorri gara enegarrenez,
Hemen bai naizela pozarren,
Barrualdean lagata
Aztoratzen nauen ia guztia,
Lehorra den bizimodua,
Gogorra izan den bizitza
Sorra izaten ari den biziraupena.
Zigorra izango den poema.
Ezkorra den bizinahia.
Ez, ez dizut sartu nahi marrorik
Nire haurtzaroa izan da
Marra biogeografiko artez bat
Ebro aldeko mahastietako joritasun itogarritik itsasertzeko zeru mugagabekoetara,
Betiere erdibidean hiria, sorterria.
Toloñopeko askaziaren kate eta zerga betierekoetatik,
Ondarbeltzeko bustialdi goxo eder jaregileetara.
Etengabeko udazkenetik behin-behineko udarara.
Gizakien oraina mugatzen duen lur lehorretik
Geroa ilusioez janzten duen itsaso zabalera.
Gure aitaren modura,
Sorterriko itxi-usainetik ihesean
Sorterrira beti itzultzeko gogoan.
“Atxalden” sortu zuen bere mahastia
Bere tribuko ia guztiekin ozpintzeko aitzakia,
Berdin dio besterik izan zen ala ez.
Bizitzan behin betiko eta batik bat alperrik etsia.
Harrezkeroztik kontsulamendu bakarra,
Delako itzaletik hainbat urrunen landatutako mahastia,
Eta noizik behinka ere kostaldera bueltan aisialdia,
Kresala libertate bakarra,
Lurra katerik handiena.
Hirian aldiz atsakabea oroitzapen mingotsen goruetan,
Zer dela eta egoskortu hainbeste kontu zaharrokin,
Zertarako eman zure bizitzaren azken urteak arraguretan,
Zelan bilakatu zurea behin eta berriz mailatzen duen blues song petral bat.
Zeinen zorigaitzekoa patu beltzak musikarik gabe utzitakoa.
Horrexegatik uste dut nik
Nire odola ere nola edo hala pozoitu duen ogena
Norbaitzuen ezinikusia oinordetza
Nik ere edukita beti gogoan
Nire nagusiaren zamaren zati bat daramadala nire bizkarrean,
Nola edo hala arindu behar dudana
Kostalderaino itzultzen naizen bakoitzean.
Orduan aitortzen didazu
Ez didazula ulertzen
Ez euskeraz, ez inolako erdaraz,
Ez didazula inoiz ulertu.
Zuk ez dakizu, ordea,
Bertso txar eta arraro hauek idatzi berri ditudala
Gogoan nuela Percy Sledgeren
“Your really Got a Hold on me”
No hay comentarios:
Publicar un comentario