domingo, 12 de julio de 2015

BIDELEGEA



Oviedon egoten naizela arratsaldero San Cloio herriraino oinez joaten naizela hamaika bidelagunekin topo egin eta elkarri agurtu ohi diogu gizalegea gogotik betez. Gaur Gasteizen nagoela, ordea, arratsaldean Armentiako Basoan zehar joan naiz Berroztegietatik Armentia herrixkaraino ohitura dudanez. Gaur arratsaldean ibilbidean zehar hamaika lagun ere topatu egin ditut baina ezin esan denok elkarri agur egin diogunik. Nik bai, jakina baietz, nire aldamenetik pasa egiten diren guztiei agur egin baitiet gizalegeak eraginda; baina, aitortu beharrean nago banaka batzuek baino ez didatela itzuli agurra. Izan ere, basoan zehar pozik eta ibiltari nindoala txakur bana eskutik oratuta zeramaten hiru gizabanakoren albotik igarotzerakoan hiruroi agur esan diet eta haiek niri tutik ez, aitzitik anterestia/ispilutze bat banintz bezala begiratu didate. Areago, Armentiako iturriraino heldu, tragoska bat hartu, buelta-erdi eman eta etxera bidean nindoala berriro topo egin dut hiru txakurren jabeekin. Berriz agurtu egin diet eta haiek beste behin ere niri zerutik jausitako extralurtar bat banintz bezala begiratu didate. Egia esan, bigarrengo horretan diosala egindakoan muzin eta guzti egin didate, nire agurrarekin adar joka nintzaielakoan baleude bezala. Edonola ere, ez zait batere harritzekoa halako jendilajea topatzea Armentiako Basoan barrena nabilela, hiriko kale nagusian barna balebiltz bezala inori agur egiten ez diotenak, inolako gizalegerik betetzen ez dutenak eurenez zakar-zakarrak direlako, gainontzekoekin gizartean, munduan, bakarrik bizi balira bezala jokatu ohi dutenak, hau da, haiek izan ezik gainerakoak mamuak bagina bezala. Ezta, ez, halakorik idazten dudan lehenbizikoa, ez horixe, badakit ondo asko, eta jakin badakit ere hainbat sorkide ez dagoela batere ados nik idatzitakoarekin, exajeratzen dudalakoan edo. Berdin dit ez sinestea zein beharbada demaseko nazkantea izatea, baina berriro esango dut, betiere nire eskarmentuari erreparatuz, harritzen nau eta asko gainera Oviedo/Asturias eta Gasteiz artean dagoen aldeak, bertan mendian edo basoan zehar zoazela (giza)legea dena hemen ordea salbuespena ematen du. Hala ere, aitortu behar nuke ere gizalegearena belaunaldien araberakoa delakoan nagoela, atso-agure gehienek, ia denek ez esatearren, ondo asko betetzen baitute delako gizalegea; gaztetxoagoekin dira berriz tirabirak gehienetan. Horrenbestez, ez dakit erabaki ala ez gaurgero atso-agureei agurtzea bakar-bakarrik. Tristea da, oso, baina hona etortzen naizen aldiro nire sorkideen zakarkeriak zein harropuzkeriak erabat atsekabetzen naute, zer esanik ez beraz errotik edo printzipioz ukatzen dutenen kontura, hau da, euren zilborrera begira bakar-bakarrik euren ustezko parasidua nola edo hala itsusten duen oro itsu-itsuan ezeztatzen dutenak...

Bidean zehar nindoala ere irratiari adi-adi nengoen Greziakoaren kontura, eta bai, nik uste ni neu ere poztutzen naizela erreferenduaren emaitzagatik; nik uste, ez dakit, ezin dut jakin duintasun erantzun bat izateaz gain zer bestelako ondorioak ekarriko dituen, egia esan dakidan bakarra Greziari mota guztietako mehatxuak zein iragarpen beltzak egiten dizkiotenak badutela zertxobait batera nire uste apalean, oso jende desatsegina, gozagea omen dela, alafede.

No hay comentarios:

Publicar un comentario