domingo, 12 de julio de 2015

ZAPATU GOIZEAN



Zapatu goizean, nire amarenean isolaturik inora joateko kotxerik ez baitut eta oraingoz oinez joateko gogo edo indarrik ere ez. Honez gain, eguraldi hits-hitsa, zerua hodeiz estalita, hots, herriaren ingurumarietan ibiltzeko asmorik ez gutxienez arratsaldera arte. Etxean geratu beharrean nago ezinbestez, berdin dit lagunek nire bila etortzea prososatzen didaten auskalo nora parrandan joateko edo. Egia esan ez dut inora edo inorekin jotateko parranda gogorik sano atsekabeturik bainabil astebete nire amarekin bakarka egondakoan, aste osoan zehar nire aitaren gauzetan miaka egon eta gero, iragan mingorrarekin etengabe estropezu eginez. Eta hori guztiori gutxi balitz oso faltan somatzen ditut nire emaztea eta bi haurrak, oso. Hala ere, nire amaren etxeko gauzak nola edo hala konpondu edo antolatzera propio etorri naiz. Gaur goizean nire amak leporatu dit berarekin hitz aspertuak egitera arrimatzen ez naizena, hau da, nire bizitzaren nondik norakoen berri ematera edo etxean gora eta behera erostaka doanekoa bere ondoan eserita enegarren bider aditzera ere. Saiatu, saiatu naiz berarekin lasai askoan egoten, baina errukigabe hitz eta pitz ari denez gero badago momentu bat ihes egiteko gogoa gailentzen zaidala, ezin dut ebitatu, biziro gogaitzen nau bere amaigabeko erretokilak betiko kontuen gainera, milaka aldiz lehenago jorratutako gaiak behin eta berriro aditu beharrak. Badakit nire ama dela, errespetatu, maitatu, zaindu eta abar egin beharrean nagoela, baina nire egonarria ez da mendia, ez. Atzenenean proposatu/agindu diot bere Venezuelako ahiztarekin berbetan luze eta lasai egin dezan txartel bat erostearren Gasteiza oinez joatea. Edonola ere, hau idatzi bitartean zerua oskarbitzen hasi da. Baliteke aste honetan hasitako bi idazlanei ekitea ordu batzuez idazlumaz eta guzti bazkalostean, dolua berebiziko inspirazio iturria da eta, ekarri mingarri, eta beharbada arratsaldean zeharo oskarbi egotekotan Armentiaraino oinez berriro joatea nolabait nire burua ere egurastera. Gaurkoan ere, eta aurreko egunotan ez bezala, demaseko euli nazkarriak ari dira nire inguruan hegaka, ez dakit ni neu naizen kausa, entzungai dudan David Brubecken musika edo holako gogoeta hain pertsonalak jendaurrean egitea, ez dakit, asperraren asperra...

No hay comentarios:

Publicar un comentario