jueves, 1 de diciembre de 2016

URTZAROA

HIRUDIA


 
2016-12-01 / Txema Arinas
L
agun izoztua genuen Joseba Sarrionandia; duela 30 urte inguru Martuteneko kartzelatik bozgorailu batean ostendurik ihes egin zuenez geroztik, orduko zuri-beltzeko bizpahiru argazkitan izoztutako idazlea. Gauzak horrela gure eskuetara iristen ziren Sarrionandiaren liburu guztiek zuri-beltzeko jela zeramaten azal hegalean, 80ko hamarkadako lurruna gogora ekartzen diguna halabeharrez. Egia esan, eta deserriko hainbat idazleren kasuan bezala, —Luis Cernuda, Leon Felipe edo Max Aub bezalako 36ko Gerrako espainiar idazle errepublikano erbesteratuenean, esaterako—, Sarrionandiak izugarri zehatz eta txukun jorratzen zituen erbestearen gorabeherak. Halere, Euskal Herriko gauzei buruz idazten zuenean, Sarrionandiaren begiratuak iraganera jo behar zuen ezinbestean, hau da, gure herriko Historiaren zenbait pasartera, Kolosala izango da (2003) liburuan, kasurako; edo idazlearen beraren ume zein gaztetako akordura, Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk (1995), Han izanik hona naiz (1992), edo Lagun Izoztua-ren beraren hainbat ataletan. Azken hau ageriagoa izan zen erbestetik Euskal Herriko gauzei buruz gogoeta sakon eta luze bat egin nahi izan zuenean; bere begirada sorterrira luzatu beharrean Marokoko Arrif aldera luzatu zuen eta. Izan ere, Sarrionandiaren inguruan dena izoztua omen zegoen, bere argazkiaren begiratua eta baita euren lana estimatzen ala arbuiatzen zutenena ere.

Oraintsu Kuban egin dioten elkarrizketak eta, batik bat, ateratako kolorezko argazkiak Sarrionandiaren inguruko izotza urtzea lortu dute. Atzerrian 30 urte pasa eta gero, zuri-beltzeko argazkiko idazle zein etakide gaztearekin zerikusirik ez duen gizona deskubritu dugu. Aguretzen ari den ospe handiko idazle bat topatu dugu, edo, agian, zerbait guztiz arruntagoa: kontratu mugagaberik ez duen euskara irakasle atsegin bat. Alabaina, eta Sarrionandiak berak garratz samar esan bezala, argazkiarena espektakuluaren gizartearekiko duen zorra baino ez den aldetik, elkarrizketan egindako hainbat adierazpen izan dira gutako zenbaitzuek idazlearen gainean genituen zenbait jelazko irudi zein iritzi egiatan urtzen lagundu digutenak: «Bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz hobe, nire ustez, desgrazia pila bat izango genituen gutxiago». Baina zer dela eta gertatu da hori, ez baldin badu ezer apartekorik esan, ez bada euskaldun asko eta askok aspaldidanik uste izan duguna baizik? Argi eta garbi esango dut, ni bezalako askorendako Sarrionandiak, behinola ETAkoa izateari utzitakoan ere, 80ko hamarkadako zuri-beltzeko etakidea izaten zirauelako, sentiberatasun bakar eta oso zehatz baten aldekoa, haren liburuetan ETAk eragindako sufrimendua sekula aintzat hartu ez zuena; badakigu, inkisidoreen huskeriak eta 30 urteotan Sarriidolo edo mitotzat hartu dutenendako bekatu larria.

Zorionez, delako elkarrizketak, niri behintzat, Iurretako idazlearen inguruko leia urtzen lagundu dit. Gaur sekula ez bezala Sarrionandiaren hitzok uler ditzaket euren neurrian: «Euskal gaiagatik detenitzen zuten jendearen gehiengoa torturatzen zuten sasoi hartan, nire ustez. Eta ez zekitela esaten dute batzuek, torturatuen aurpegiak argitaratzen zituztenean prentsan! Normala zen, eta urterik urte izan da ohikoa tortura». Sarrionandia, ETAren biktimen zorigaiztoko burugabekeriarekin batera, gure artean pairatu dugun beste batez ere ari da. Gauzak horrela nola ez gogoan hartu Sarrionandiaren lekukotza, beste ikus/pentsamolde ezberdineko euskal idazle batzuenarekin batera, premiazkoa dela denok azken hamarkada hauetan bizi izan garen Euskal Herri izoztutik ezari-ezarian sortzen ari den lurmenean.

http://www.berria.eus/paperekoa/2415/033/002/2016-12-01/urtzaroa.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...