jueves, 21 de junio de 2018

MAITE DUT DOVLATOV




“Orain dela urtebetem lan finko bat aipatu zidan Tarasevitxek:
-Ba al dakik Kleiner ospitalean dagoela? Larri zegok.
(langile finkoetariko bat zen Kleiner) Galdetu nion:
-Ba al itxaropenik?
-Ehuneko laurogei hemeretzikoa. Alegia, lanpostu bat hutsik geratuko duk.
-Galdetzen nian ea ba ote den hura sendatzeko itxaropenik.
-A… Ez diat uste. Lastima, gizon ona zuan. Eta ez zian antzik batere hirekin: antikomunista porrokatua zuan.”

 FILIALA – SERGEI DOVLATOV

Bukatu berri dut Katakrak Liburuak-ekoek  argitaratutako Sergei Dolatoven Filiala. Azala ez zait batere gustatu, oso itsusia begitandu zait, azaleko idazpuruak ere xumeegiak dira balizko erosleak erakartze aldera; lagunarteko edizio soil  bat ematen du. Ez dakit, aitor dut atsekabetu nauela nolabait. Halere, Amaia Apaulaza eta Aroa Uhartek egindako itzulpena beti bezain txukuna da nafar euskararen ukitu berezi eta ezti horrekin, beharbada Dovlatovek kontatzen dizkigun ekialdeko istorio horiei ezin hobeto egokitzen zaiena, hots, irakurketa mendebaldeko euskaldunontzat doi-doia exotikoa  eginez.  Edonola ere, goxatu dut beste behin ere Dovlatoven kontakizun arrunt barregarri eta xamurrokin, non, betiko lez, ironia eta malenkonia etengabe tartekatzen/lardaskatzen diren. Baliteke Filiala izeneko liburu honetan malenkonia ironiari gaineratu izana, baina betiere hain ohiko duen malenkonia oso fin eta umoretsu batez. Beharko, azken finean Dovlatovek atzerriko bizimodua, hots, Estatu Batuetan bizi izandako aurreneko urteak, eta Sobietar Batasunekoa, atzerrira alde egin baino lehenagokoak, tartekatzen baititu. Eta gutxi ez bailitzan ere, Filialan Dovlatovek bere bizitzaren amodio nagusiaren berri ematen digu, Errusian gaztetan ezagutu zuenekoa zein atzerrian nagusiagotan berraurkitu zuenekoa.

Edonola ere, Filiala da Sergei Dolavtoven idazkeraren eredu ezin garbiago bat, ni harenKonpromisoa irakurri nuenetik txoratu nauena. Maite dut Sergei Dovlatov, bai. Maite dut ondo asko jakinda haren idazkera errusiar idazle handien aldean arina eman lezakeela, baita ustez inoiz baino nabariago erabilitako tonuarengatik zein jorratzen dituen azalez behintzat gai hutsalengatik ere. Dovlatovek ez ditu Pasternakek idatzitako drama luze eta bortitzak edo Aleksandr Solzhenitsynen Gulag Artxipelago bezalako inbentario liburu mardul eta benetan astunak idazten. Dovlatovek ez zuen Nobel Saria irabazi sobietar literatura disidentearen ikur izateagatik edota akademiko orojakileek klasikotzat hartutako liburu borobil bategatik –nire ustez haren “Maleta” sobietar literatura disidentearen egiazko klasiko bat izanagatik-. Baina bada ere, nire ustez behintzat, disidenterik handiena eta agian ere eraginkorrena, bere disidentzia oso sotila baita, eguneroko bizimoduaren ustezko huskerietan nabarmentzen baita ozta-ozta oharkabean. Areago, hain serioak, konprometituak eta batez ere ausartak, kementsuak omen ziren Pasternak, Solzhenitsynen edota nik biziro maite ere dudan Vasili Grossmanen aldean Dovlatov, nahita ala ez, ganorabako, arlote edo apurtxo bat ere lotsabako bat begitantzen zaigu beraren idazkera zein giza itxurari berari erreparatuz. Badirudi Dovlatovek irakurleari barrea eragin baino nahi ez diola, haren helburu nagusia besterik ez balitz bezala, hau da, idazle arrunt eta kaskar batena, inolako anbizio literariorik erakusten ez duena, eta horrexegatik ere xelebrekeriak baizik kontatzen ez dizkiguna Sobietar Batasuneko eguneroko bizimoduari buruz.
Hala eta guztiz ere, horretantxe datza Dolavtoven literaturaren neurria, azalezko huskeriak, eguneroko gizakien arteko miseriak eta zenbait azpikeria barne ere, Sobietar Batasunekoa bezalako erregimen despotiko zein arbitrario batek hiritarren artean eragiten zituen beldurrak, gaizkiulertuak, zentzugabekeriak zein zekenkeriak agerian uzteko gaitasun erabatekoan. Baina baldin badago Dovlatoven gaitasun horretan benetan estimatzekoa hori da umorea zein xamurtasuna osagai nagusiak dituela, idazkera atsegina bezain hunkigarria taxutzen duela; lehenik irria eragiten digunak gerotxo, irakurri berriari buruz amiñi bat hausnartu orduko, irri hau berau izozten du eta.
Nola ez maitatu idazkera atsegin bezain hunkigarri bat eskaintzen dizun Dovlatov idazlea eta aldi berean irakurritakoaren gainean gogoeta sakon eta luze bat egitera behatzen zaituena? Halaber, badago beste motibo bat Dolavtov zinez maitatzeko: haren burua protagonista egitera ausartzen da kontakizunotan, hau da, bera dugu, egiaz ala ez, etengabean hainbat saltsatan hanka sartzen, bazterrak nahasten, nahigabetzen, mozkortzen, ikusten dugun hezur eta mamizko pertsonaia, hau da, kontatutakoari ezinbesteko egiantzekotasun bat eransten diona ia dena azalez zentzugabekoa izanda ere.
Maite dut Dovlatov, bai, hari esker inoiz ez bezala barre egin dudalako, hari esker inoiz baino hobeto sobietar gizartearen nondik norako benetan bitxiak, xelebreak eta batez ere ezezagunak asmatu egin ditudalako, baita, edo batik bat, hari esker umorea zein xamurtasuna ezin hobeto uztartu daitezkeela berriro egiaztatu dudalako ere.
Eta badago beste bitxikeria bat ezinbestez aipatu beharrekoa: Dovlatov euskaraz leitu dut soil-soilik. Dovlatoven iru liburu daude euskaraz: Hiria Argitaletxearen Konpromisoa, Ereinen Maleta eta hasieran aipatutako azkeneko hau, Katratrak Liburuak-en Filiala. Txorakeria bat dela? Baliteke, bai, edozein hizkuntza bitarteko bat baizik ez izatea; baina niri behintzat hainbeste txoratu nauen idazle bat euskaraz baino irakurri izanak balio erantsi bat begitantzen zait. Demagun euskaraz baizik irakurri ez izana gorabehera txatxu, hutsal bezain hunkibera zein oso esanguratsu bat dela, Dovlatoven literaturari etengabe antzematen diodana, hain zuzen ere.

Oviedon, 2018/06/20

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...