domingo, 13 de diciembre de 2020

EGUNOTAKOA


EBENEZER SCROOGEN ALDE

Kontuz arima karitatiboekin, eta bereiz ditzagun aldez aurretik arima solidarioetatik, ni ere solidarioa izaten saiatzen naiz eta, beti ahal dudan neurrian, noski. Alabaina, arima karitatiboak oso arriskutsuak ei dira, gaiztoak ere bai. Ezer baino lehen euren karitatea handiustekeriarik nardagarrienaren ondorioa izaten baita. Bai, arima karititaboek badute euren burua oso apartekotzat, oso uste onean, demasekoan, egia esan gainontzekoena baino hamaika aldiz hobea. Arima karitatiboak oso pozik daude euren buruarekin eta horregatik aldamenean dauzkaten guztiak haiek bezalakoak izan daitezen etengabe, jo eta su, saiatzen dira, hori da euren karitatearen oinarria, haiek ez bezala sentitu edo pentsatzen ez dutenak salbatu behar dituztelakoan daude. Horrexegatik ere arima karitatiboak oso gizalege okerra izan ohi dute, oso bortitzak izaten dira euren karitatea inposatzearren, baina batik bat oso aspergarriak ere bai. Are okerrago, Eguberriak gogokoen dituzte euren karitatea lau haizetara hedatzeko, euren bihotz onaren printza pozoitsuak nonahi barreiatzeko, haiek bezainbeste maite ez dituztenak euren fede bihurrira erakartzeko nahitaez kosta ahala kosta. Ez esan Gabonak gustuko ez dituzunik, ez esan atsekabetzen zaituztenik, ez aitortu inoiz arima katitatibo baten aurrean halakorik, sekula barkatuko ez dizu eta. Nik, ordea, gogoko dudan karitate bakarra erromatarra da, esate baterako Johannes Cornelisz Versproncken Caritas Romana hau. 




Baldin badago euskararen berezko ahulezia ezin hobeto erakusten duen zerbait hori da hainbat euskaldunen batuerarekiko gutxiespena. Posible al da irrati batetik halakoak esaten asmatzea hizkera jasoa, eskoletakoa, idatzia, gutxiesten duen frantsesdunik edo gazteleradunik, egia esanda, edonolako hizkuntza hegemonikorik egiten duen hiztunik? Horixe ezetz, berehalakoan eskolagabekotzat joko lukete. Gurean, ordea, eguneroko ogia da batuari muzin egitea, batua ustezko kalekoaren aldean eskasa dela aldarrikatzea, batua kultura tresna bezala kaskarra, ziztrina, dela adieraztea. Zer dela eta? Halakorik esaten duten euskaldunak erdalzale peto-petoak direlako -egiatan Zubiaurreren margoko baserritar sasilustratuak izan ohi ziren bezalakoak-, bai, euskarari hizkera jasoaren premia ukatzen diotelako, zeren garrantzizko zereginetarako erdara tresna bakarra baitute, besteak beste batuan behar bezala moldatzen gauza ez direlako. Horrenbestez, etxeko edo kaleko euskara baleko bakarra dela aldarrikatzen dutenean euren gabeziaz bertute egin ari dira, ez besterik. Eta hau guztiau ez baldin bada euren burua haiek ez bezala euskaraz egiten dutenenetik bereizteko, hau da, ikastola zein euskaltegiei esker euskaldun gune tradizionaletatik at, gehienbat erdal hirigune handietan ( ez al zuen Saizarbitoriak euskararen salbazioa Bilbon dagoela esan?), euskaraz hezi eta hazi diren batuadunengandik -asko eta asko denboraren poderioz batuadun euskaldun zaharrak, hau da, euskadunzahar gehienei guztiz ezezaguna zaien euskararen errealitate urbano berria, euren euskarari buruzko ikus/pentsamode gehienak ezinbestez kolokan jartzen dituena-, hau da, bigarren mailako (sasi)euskaldunak direlakoan, eta, jakina, euskaldunzahar erdalzale asko eta askori euskara gainerakoengandik bereizteko ikur sinboliko-identitario-harroputz hutsa zaiela enegarrenez nabarmen utzita (eta bien bitartean Berasaluze eta Urrutikoetxea euren artean erdaraz barra- barra euskal telebistaren aurrrean....) Edonola ere, halakoak tai gabe aditu beharra bai dela nekagarria bezain adierazgarria. Edo bestela esanda, Euskaraldia bezalako ekimenen atzean dagoen zenbaitzuen itxurakeriaren ezaugarri negargarria; esate baterako, erdaraz barra-barra ari diren euskaldun peto-petoak ahobizi txapa paparrean...




 Idatzi bezala kozinatu


Badut nik kozinatzea idaztea bezala. Nik ez ditut errezeta korapilatsuak prestatzen, ez behintzat inor inolako maisukeriaz txunditzeko asmoz, ez eta inolako gailurrik jotzeko, ez. Nik atsegin ditut bizi osoko etxeko errezetak, nire etxean zein kanpoan ikasitakoak. Halere, etxean edo kanpoan ikasitakora ez mugatzen saiatzen naiz. Hau da, bizi osoko platerak nire modura prestatu ohi ditut, gustokoen ditudan bezala. Askotan ere beste batzuek pekatu larria dela ozen aldarrika egin ohi dute, bata ala bestea zuzena ez dela esaka. Nik ordea delako tradizioa abiapuntutzat hartzen dut bakar-bakarrik , nire gustu zein premietara moldatzen ditudan bizi osoko platertxo horiek lehen inoiz gozatu ez bezala jaten saiatzearren. Esaterako, patatak txorizorekin prestatzerakoan hainbat egokitzapen egin ditut, osagai guztiak freskoak zein maila onekoak izateaz gain, noski. Ez ditut zeintzuk diren hain egunerokoa, etxekoa, erraza den errezeta hau nire gogara egokitzeko egin ditudan sakrilegioak, hori naizen erdipurdiko sukaldariaren sekretutxoak dira-eta. Hala eta guztiz ere, badakit ez naizela sekula goi mailako chef baten parera iritsiko, ez dudala sukaldaritzaren historia inondik inora irauliko, ez didatela inolako taxuzko saririk emango, ez eta jaietan patatak txorizorekin lehiaketa batean edo nire herriko berripaperean inolako aipamenik ere; baina, hauek dira nik laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik gustukoen ditudan patatak txorizorekin, oraindiokan lau katu maita/gupidagarriok estimatzen dutuztenak, inork, berak gustukoago dituenak bezalakoak ez izanagatik, elikagarriak ez direla esan ezin esanik. Eta jakin badakit ere sekreturik egotekotan hein handi batean botatzen diodan bizigarrian datzala; gutxi ala gehiegi, auskalo, nork bere mina. Ba nire liburu kaskarrekin beste hainbeste.



Norberaren probintzia beltzean dena da xumea.
Mugatzen gaituen hodeiertzeko irrits urrutia,
Estutzen gaituen harresiaren barruko bizimodu zurruna.
Zapaltzen gaituen gizarte itsuaren handinahikeria zimela,
Lotsagorritzen gaituen auzokideen uste sendo eta betierekoa.
Nahigabetzen gaituen ustezko adiskideeen irri malzurra,
Ernegatzen gaituen (ezkon)senitartekoen erruki zuria,
Gogogabetzen gaituen huts-opil eta porroten pilaketa astuna,
Kontsolatzen gaituen ardo onaren bikaintasun hordia,
Alegeratzen gaituen jende eta une ederren maiztasun garbia.

"Nahiz eta denok euren burutik ateratzen saiatzen diren,
Gorroto eta gordetzen dituen espetxetik bezala,
Badago mundu honetan mirakulu handi bat:
Nik sentitzen dut: bizi osoa bizi egiten da."

Pena handia, aldiz, azken lau lerro hauek nireak ez izatea,
Rainer Maria Rilkerenak baizik.
Izan ere, balio duten bakarrak ote dira:

"Und doch, obwohl ein jeder von sich strebt
Wie aus dem Kerker, der ihn hasst und hält, -
Es ist ein grosses Wunder in der Welt:
Ich fulle: "alles Leben wird gelebt."

(Das Stunden-Buch)

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...