lunes, 19 de diciembre de 2022

A LITTLE GENTLEMAN ETXEAN


    Behinola nire emazteak txikerra rugby partida bat ikustera eraman zuen bere ezagun batek gonbidatuta. Asmoa zen ea gure txikinari rugbya gustatuko zitzaion datorren urtean izena eman zezan, hau da, behingoz kirol apurtxo bat egitearren. Gauzak horrela partidatik etxera bueltatu orduko galdetu egin nion zer zeritzon.
-Ez zait batere gustatu.
-Zer ba?
-Oso kirol bortitza da, elkarren kontra oldartzen dira etengabean bultzaka, ostikoka, eta batik bat biraoka.
-Biraoka?
-Bai, batek beste bati bere ama prostituta merkea zela ohiukatu dio.
-"Puta" esan nahi duzu?
- Ez, prostituta, guztiz okerragoa.
-Bai noski, guztiz itsusiagoa.
-Gainera pilota ez zait ere batere gustatzen; pepino bat da.
-Orduan?
-Orduan aukeran futbola, beti futbola eskolan bezala, atezaina naiz eta. Pîlota borobila da, gainera.
Gauzak horrela, eta ingeles esaera famatuari erreparatuta, “Rugby is a thug’s game played by gentlemen and football is a gentleman’s game played by thugs”, onartu behar genuke gure etxean "gaizkile" txiki bat dugula eskolan "zaldun" baten modura jokatzen duena. Hori edo kirolik egitea ez duela batere gogoko, alafede.


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

EUSKAL IDAZLE IKONIKOA

        - Bart gauean azaldu zitzaidan ametsetan Gabriel Arestiren mamua. - Zer ba? - Euskarazko idazle inonikoaren dekalogoa ematearren. - ...